ELN Nazioa Askatzeko Armadak bertan behera utziko ditu helburu ekonomikoa duten bahiketak. Hori jakinarazi zuten Kolonbiako gerrilla horrek eta Kolonbiako Gobernuak atzo, Mexiko Hirian, beren arteko bake elkarrizketen bosgarren bilera sailaren amaieran. ELNk hainbatetan negoziatu du Bogotarekin azkeneko 30 urteetan, eta aurrenekoz hartu du konpromiso hori. Gainera, urtarrilean asmoa dute ekainean bi aldeek sinatutako urte erdirako menia luzatzeko.
Azken bilera sailean, bi aldeen arteko tentsioa areagotu egin da ELNren bahiketen eraginez, zeren, negoziazio betean, duela bi hilabete, Liverpooleko jokalari Luis Diazen aita bahitu baitzuen gerrillak —bahitu eta hamabi egunera askatu zuten—. Finantzatzeko erabili ohi izan ditu bahiketak ELNk, eta, orain dela egun gutxi, gerrillaren talde negoziatzaileko buru Pablo Beltranek X sare sozialean idatzi zuen «ahuldu» egingo liratekeela «atxikitzeak» bertan behera utziz gero. Aintzat hartu behar da Bogota FARC Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileen disidentziarekin ere ari dela negoziatzen, eta gerrilla horrek ere orain dela egun batzuk iragarri zuela bertan behera utziko dituela molde horretako bahiketak.
Ikusi gehiago
Kolonbiako herritarrak Diazen bahiketaren aurka agertu ziren. Beltranek atzo Mexiko Hirian azpimarratu zuenez, «agindu hori» oso kontuan hartu dute, eta, horrenbestez, «arduraz» jokatu. «Ataka larri askoren ondoren, sendo ari gara bakerantz aurrerapausoak ematen», nabarmendu zuen Vera Grabek, Kolonbiako Gobernuaren talde negoziatzaileko buruak, atzo. NBE Nazio Batuen Erakundeak Kolonbian duen misioaren buru Carlos Ruiz Massieuk ere akordioa txalotu zuen, eta «elkarrizketa eraikitzailea» goratu, X sare sozialeko mezu batean.