ELN eta Kolonbiako Gobernua berriro biltzekoak dira

Gerrillaren aburuz, bake prozesua «zer unetan» dagoen jakitea da bileraren helburua. Negoziazioak «istilu artean murgildu izana» leporatu diote gobernuari.

Kolonbiako Gobernuaren eta ELNren arteko bake negoziazioak, Habanan, iragan otsailean. ERNESTO MASTRASCUSA / EFE
Kolonbiako Gobernuaren eta ELNren arteko bake negoziazioak, Habanan, iragan otsailean. ERNESTO MASTRASCUSA / EFE
Mikel Garcia Martikorena.
2024ko urriaren 10a
11:06
Entzun

Lau hilabeteko etena izan dute ELN Nazioa Askatzeko Armadaren eta Kolonbiako Gobernuaren arteko bake elkarrizketek. Baina «blokeo» horri irtenbidea bilatzeko prest dagoela adierazi du gerrillak gaur goizaldean, ohar bidez. Gustavo Petro presidentearen gobernuaren jarrera kritikatu ostean, Gobernuko Elkarrizketen Ordezkaritzarekin biltzeko prest daudela nabarmendu du; betiere «bake elkarrizketak ikuskatu dituzten herrialdeen presentziarekin». Bilera horren helburua bake prozesua «zer unetan» dagoen aztertzea da.

2022ko azaroan abiarazitako bake elkarrizketak «zapuztu» izana leporatu dio gerrillak gobernuari, «herritarren alde egin beharrean oligarkiaren alde egiteagatik». Hitzartutakoa bete ez izana egotzi dio ELNk Bogotari; are gehiago, esandakoa bete beharrean negoziazioen inguruan «gezurretan aritu» direla esan du gerrillak. Gobernuak ez du adierazpenik egin elkarrizketak berrabiaraztearen inguruan.

Abuztuaren 3an amaitu zen bi aldeek hitzartutako su etena, eta gerrillak gogoratu du  «aldebakarreko» erabaki bat hartu zuela: menia hogei egunez luzatzea. Iruditzen zaio, ordea, Bogotak uko egin ziola horri. «Gure aurkako operazio militarrak aurreratzea erabaki zuten». Gobernuak hartutako erabaki horrek bake elkarrizketen prozesua «istilu artean murgildu» duela salatu zuen gerrillak.

ELNk azaldu du, gainera, blokeoari eutsiko diotela harik eta gobernuak bake akordioetan jasotakoa «guztiz bete arte». 2022tik hiru negoziazio aldi izan dituzte bi aldeek: Caracasen, Habanan eta Mexiko Hirian. Bertan zenbait neurri hitzartu zituzten; urtebeteko menia, esaterako, inoizko luzeena.

Aurten bilerak katramilatu egin dira; bere horretan utzi, eta gero berrabiarazi egin dituzte behin baino gehiagotan. Otsailean, esaterako, astebetez eten zituzten elkarrizketak, behin-behinean, ELNk argudiatu baitzuen gobernuak ez zuela ziurtatu herritarren partaidetza; eta aste baten buruan berriz ekin zioten negoziatzeari; otsailaren 27an, hain zuzen. Hori, hala ere, ez da izan gaur egungo etenaren arrazoi nagusia, ELNren arabera.

«Terrorista izaera»

Bere oharrean adierazi zuenez, gerrilla «talde terroristen zerrendatik» ateratzeko eskatzen dio gobernuari ELNk. Bogotak zerrenda horretatik kendu du, baina ez dio, gerrillaren ustez, «terrorista izaera» kendu. ELNren eskaera 2022ko abenduan sinatutako akordioetan jasota dagoela argudiatzen du taldeak. Urte hasieratik izan da hori bi aldeen arteko gatazkaren arrazoi nagusietako bat. Bestalde, Petroren gobernuak Nariño departamentuan Comuneros del Sur taldearekin dituen elkarrizketak bertan behera uzteko exijitzen du ELNk. Hainbat hedabidek argitaratu dutenez, Comuneros del Sur ELNren zatiketa bat da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.