Elma Saiz, ustekabean ministro

Bi aldiz utzi dio Iruñeko zinegotzi izateari: 2019an, Nafarroako Gobernura joateko, Ekonomia eta Ogasun kontseilari gisa; eta, orain, Madrilera joango da, Gizarte Segurantzako ministro izateko.

Elma Saiz
Elma Saiz, Espainiako Gobernuko Gizarte Segurantzako ministro berria. IDOIA ZABALETA / FOKU
joxerra senar
2023ko azaroaren 20a
14:00
Entzun

Bigarren aldiz, Elma Saizek Iruñeko Udala utziko du. Duela lau urte, Nafarroako Gobernuan Ekonomia eta Ogasun kontseilari izateko egin zion uko karguari, eta, oraingoan, Espainiako Gobernuan Gizarte Segurantzako ministro izateko. Ustekabean iritsi da albistea, Pedro Sanchezen gobernua osatuko duten ministro hautagaien zerrendetan eta kinieletan ez baitzen ageri haren izena. Gobernuko kideen artean den euskal herritar bakarra da; Ione Belarra nafarrari hartuko dio lekukoa.

Maria Txibiteren ondoren, PSNren barruan kapital politiko handieneko emakumea da Saiz. Horregatik izan zen Iruñeko hautagai, baina, alkate izateko helburutik urrun geratuta, orain Madrilerako bidea hartu du. Ziurrenik, Santos Cerdanek, PSOEko Lurralde Antolamenduko idazkari eta Sanchezen konfiantzazko gizonak, zerikusi zuzena izan du erabakian. Haren alde jokatu du iragan legealdian lau aurrekontu aurrera ateratzeko gai izateak, Nafarroako Gobernua gutxiengoan izanik ere.

Ibilbide luzea egin du politikan. Zuzenbideko titulua atera zuen Nafarroako Unibertsitatean, eta, ikasketak amaituta, bere jarduera profesionalean enpresentzako zein norbanakoentzako zerga aholkularitzan espezializatu zen. Handik gutxira, 2003tik 2007ra bitarteko legealdian, PSNko parlamentari izan zen. Gero, Jose Luis Rodriguez Zapateroren bigarren agintaldian, Espainiako Gobernuaren Nafarroako ordezkari izendatu zuten.

Espainiako Gobernuko ordezkari

Lau urtez egon zen karguan, oso garai gogorrean: 2008tik 2012 hasierara. Izan ere, 2008tik 2011ra bitartean, Nafarroan Espainiako Gobernuko ordezkari goren zela, segurtasun indarrek hainbat makrooperazio egin zituzten Iruñerriko gazteriaren kontra. Gazte haietako askok salatu zuten torturak jasan zituztela inkomunikazio aldian. Salaketa haietako batzuk Estrasburgoko Auzitegira ere iritsi ziren, eta Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Espainiako Estatua zigortu zuen, salaketa haiek ez ikertzeagatik; tartean ziren Oihan Ataun, Patxi Arratibel, Xabier Beortegi eta Iñigo Gonzalez.

2012an, UPNren eta PSNren arteko koalizio gobernuan, Berdintasunaren eta Familiaren Nafarroako Institutuko zuzendari izendatu zuten. Oso gutxi iraun zuen karguan. Yolanda Barcinak urte hartako ekainean bota zuen gobernutik Roberto Jimenez presidenteorde eta orduko PSNko idazkari nagusia, eta, harekin, alderdi sozialistako karguek gobernua utzi zuten; besteak beste, Elma Saizek berak.

Hainbat urtez egon zen politikaren lehen lerrotik at, baina 2019an Iruñeko Udaleko zerrendan kokatu zuen PSNk. Hauteskunde gau hartan ezagun egin zen haren ustekabeko keinua, Maite Esporrinek «agur, Asiron, agur» kantatu zuenean. Orain gertatu zaion moduan, oso denbora gutxi eman zuen zinegotzi gisa, Txibitek Ekonomia eta Ogasun kontseilari egiteko aukeratu baitzuen.

«Nik iradoki nion haren izena [Sanchezi]. Presidente bakoitzak bere kiniela du, eta oso eskertua nago nire iradokizuna aintzat hartu duelako».

MARIA TXIBITE. Nafarroako Gobernuko lehendakaria

Haren ardura izan zen aurreko legealdian aurrekontuak eta zerga neurriak aurrera ateratzea. Gobernua babesten zuten alderdiek ez zutenez gehiengorik, EH Bildurekin hitzartu zituen kontuak. Zerga neurriekin talka handiagoa izan du, baina urtero lortu du horiek ere aurrera ateratzea.

Horrez gain, Nafarroako Ekonomia Departamenduaren ardura izanik, aurreko lau urteetan Madrilekin hitzartu behar izan ditu gai garrantzitsuak. Adibidez, 2020tik 2024rako eperako ekarpenaren kalkulua hitzartu zuen, eta Hitzarmen Ekonomikoaren erreformari bide eman zion, Nafarroak bere gain hartu ditzan Google eta Tobin tasen eta merkataritza elektronikoko BEZaren bilketa. Haatik, EH Bilduk eta Geroa Baik erreforma hori kritikatu zuten, aldaketa txiki bat ezarri nahi izan zelako letra xehean, Hitzarmen Ekonomikoaren moldaketak parlamentuaren kontrolpetik ihes egin zezan.

Aurreko legealdian Nafarroaren interesen erantzule izan den moduan, orain mahaiaren bestaldean egotea egokituko zaio, Madrilgo ordezkari gisa. Adibidez, Gizarte Segurantzako ministro moduan, Eusko Jaurlaritzarekin negoziatu beharko du. Izan ere, EAJren eta PSOEren arteko akordioan, bete beharreko transferentzien zerrendan sartu zen. Halaber, Nafarroan Geroa Baik jada mozio bidez eskatu du transferentzia hori, tramiteei ekiteko, eskumen hori Foru Hobekuntzan jasota dator eta.

Nafarroako alderdien iritzia

Maria Txibite «pozarren» agertu da Pedro Sanchezek «adiskide eta alderdikide moduan» Elma Saiz izendatu duelako. «Nik iradoki nion haren izena. Presidente bakoitzak bere kiniela du, eta oso eskertua nago nire iradokizuna aintzat hartu duelako». Nabarmendu du politikoki PSNk Espainiako politikan duen garrantziaren adierazle dela, Santos Cerdan milagroarrak pisu handia baitu PSOEren barruan, eta orain Saizek kargu hori lortu baitu.

Nafarroako gainerako alderdiek ere Saiz zoriondu dute. UPNko Javier Esparzak «asmatzen» jakin dezala opa dio.

Antzera, EH Bilduko Laura Aznalek adierazi du «arrakasta» izatea nahiko lukeela, nafarren interesen alde. «Guretzat ez da ezer aldatuko. Gehiengo aurrerakoiak erakunde guztietan islatzearen alde lanean jarraituko dugu», aipatu du, zeharka erreferentzia eginez Iruñeko Udalari eta Nafarroako beste hainbat udaletako egoerari.

Geroa Baik ere espero du Saiz «sentsibilitatez» aritzea bere arloan. Gaur bertan Parlamentuko Mahai eta Eledunen Batzordeak bide eman dio Geroa Baik aurkeztutako mozioari, eta Gizarte Segurantzaren kudeaketaren eskumena eskualdatzeko tramiteei ekitea galdegiten du mozio horretan. «Espero dugu erraztuko duela mozioan eskatzen duguna, eta egiteko dagoen transferentzia hori erraztuko duela».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.