Errumaniaren eta Ukrainaren arteko mugan Sireteko pasabidera iristeko, zenbait familiak, bihotza erdibiturik eta ezin ulerturik nola aldatu zaien bizimodua goizetik gauera XXI. mende bete-betean, lau egun daramate herrialdea zeharkatzen, bonbetatik ihesi, bigarren mailako errepideetan barna, salbabidea Ukrainatik kanpo aurkitu nahian. Hala dabil, adibidez, Anatoli. Seme-alabei motxila ondo ipini, eta, adoreari eutsi nahian, muga gurutzatzeko ilara amaiezinean jarri da. Batez beste, jendea 24 ordu ere egoten da zain mugako pasabide horretan, eta tenperatura aldetik, gauez, zero azpitik 8 edo 9 gradu ere izaten dira. «Irpingo eskualdetik gatoz. Sekula ez genuen pentsatuko bonbak etxetik hain gertu eroriko zirenik, eta emazteak eta biok erabaki genuen ihes egitea, seme-alabak salbu egon zitezen. Zeharo ikaratuta etorri gara, beldurrez, bonbaren bat gainera eroriko ote zitzaigun bidean. Familiak muga gurutzatuko du, eta ni hemen geratuko naiz, prest, armadan sartu beharko banu ere».
Anatoli zain geratu da harik eta ikusi duen arte nola zeharkatu duen bere familiak metalezko ate bat, 300 metro garai diren hesi metaliko batzuen arteko korridorera ematen duena, pasaportea lehenik Ukrainako leihatilan dagoen militarrari erakutsita eta gero Errumaniako leihatilakoari. Salbaziora bidean segitzen zutela ikusirik, berriz ere autoan sartu eta bere hirirantz abiatu da.
Kalkuluen arabera, mugako pasabide horretatik 95.000 lagun inguru igaro dira. Egun osoan aritzen da jendea pasa eta pasa. Mugaz bestaldean, hamaika laguntza elkarte dauzkate zain, bihotz eta arima iheslariei lagundu nahian, zaharrei, umeei eta are animaliei ere. Leher eginda iristen dira, ihesaldian egin behar izan duten bide luze eta hotzaren ondoren. Zenbait autobus, pazientzia handiz, zain daude inprobisatutako aparkaleku batean. Han, errefuxiatuak identifikatu eta nor bere lekura bideratzen dute: batzuk, zuzenean Europako herrialde baterantz; beste batzuk, berriz, Siret hiri koxkorreko instalazio batzuetara, atseden hartzeko, harik eta garraiobideren bat aurkitzen duten arte senideek edo laguntza erakundeek hartuko dituzten lekuraino iristeko.
Otsailaren 24an heldu zitzaizkien ukrainarrei belarrietara «operazio militar berezia» hitzak, eta hiru hitz horiek kolokan jarri diete bizimodua orain, baita, hedaduraz, mundu osoari ere. Gerra hasi zen, eta ez dirudi diplomaziaren bidea emaitza onik ekartzen ari denik guztiz lazgarria izateko itxura hartzen ari den giza hondamendi hau eteteko. Egia da gatazka ez zela hasi duela hogei egun: hortxe dago 2013tik, Donbassko gerra abiatu zenetik. Izan ere, herritar asko beren armadak berak bonbardatu zituen orduan, eta, bederatzi urteren ondoren, berriz ere piztu dira zenbait liskar, lehendik konpondu gabe zeudenak.
Halako gerra hondamendiak, azkenean, herritarrek sufritzen eta ordaintzen dituzte gehien. Bizirik atera ahal izateko, izan ere, oinazerik handiena nozitu besterik ez dute orain: familia osoak zatiturik, etxeak txikiturik... Laburbilduz, guztiz suntsituta geratu zaie orain arteko bizimodua.
Denis Davidov, 30 urteko gizona eta Txernobylgo ume izandakoa, Txenovtsitik dator; 300.000 biztanle ditu hiriak, eta mugatik 60 kilometrora dago. Duela egun batzuk, berak ere Siretetik muga gurutzatzeko pasabidean utzi ahal izan zituen emaztea eta seme-alabak: zaharrenak 10 urte ditu, eta gazteenak, berriz, urte bat bete berri. 550 kilometro zituzten pasabideraino, eta, nahiz eta egoera normal batean ordu gutxi batzuk baino ez zituzten beharko autoz, Denisek eta haren familiak hiru egun luze eta gogor behar izan zituzten iristeko.
Denisek honela deskribatu zuen Irpingo egoera: «Ohitu egiten zara azkenerako, eta asmatzen duzu zer misil jaurtitzen ari zaizkien errusiarrei eta zein errusiarrak guri, bakoitzak bere soinua du eta». Denisek eta haren familiak ez zuten asmorik ihes egiteko, harik eta ikusten hasi ziren arte inguruko eraikinetan ari zirela erortzen bonbak; egun batzuk eman zituzten, gainera, ez argindarrik, ez urik eta ez gasik, eta, azkenean, mugara bidean jartzea erabaki zuten.
Denis kezkatuta dago, emazteak eta seme-alabek errusieraz baino ez baitute hitz egiten, hori baita haien ama hizkuntza; baina, beldurtuta dagoen arren, egun osoan sakelako telefonoari adi familia non dagoen jakiteko, bihotza izozten duen zerbait esan du: «Oso pozik nago seme-alabak amaren ahotsarekin esnatuko direlako, eta ez bonben zaratarekin».
Zorigaiztoko otsailaren 24az geroztik, tristura, nekea eta etsipena islatzen dute Ukrainako Txenovtsi ingurua gurutzatzen edo han mugara iristeko zain daudenen aurpegiek. Ez dago alaitasunik, ez dago itxaropenik: pena baino ez dago hautsitako hainbat eta hainbat familiaren begietan. Inoiz eman behar ez zituzten besarkadak eman dizkiote elkarri, etorkizunean zer gertatuko den ez jakiteak sortutako malkoak isuri dituzte: malko horiek izoztu egiten dute, beste aldera gurutzatzeko egin beharreko bide eta ilara luzeetan denborak izozten duen bezalaxe.
«Elurra ari zuen atertu gabe»
Elurpean, elur askoren pean egon behar dute ama eta haur askok, paperak aurkezteko txanda heldu arte, eta halaxe egon dira Odesatik heldutako lau emakume. Batera joan ziren etxetik mugaraino, beren seme-alabekin; muga igarotzean, termometroan zeropeko 8 gradu ageri ziren, eta elurra ari zuen etengabe: «Gaua amaigabea izan da, eta ez genuen ezer ere ez hotzetik babesteko», esan du haietako batek semearen eskuari heldu bitartean, eskularrurik gabe. Laguntzera joandako boluntarioek azkar hartzen dituzte familia hautsi horiek guztiak, eta manta eta edari beroekin hotz handia arintzen saiatzen ari dira.
Olgak 34 urte ditu, eta estu besarkatu du senarra, agurtzeko, burdin hesia ireki baino lehen. Han beste bizitza bat izango du, inoiz bilatu eta desiratu ez duena. Malkoak isuri zaizkie biei aurpegian behera. «Elkartuko gara berriro ere: zin degizut». Senarrak hitz horiek esan dizkio azalpenik gabeko min handia baretzeko.
Jada hiru milioi baino gehiago dira Ukrainatik ihes egin dutenak, Nazioarteko Migrazio Erakundeak atzo azaldu zuenez. Askok Errumanian barrena ihes egitea erabaki dute, Poloniarekin muga egiten duten pasabideak masifikatuta daudelako, besteak beste: ia 1,8 milioi pertsona atera dira handik. Dena dela, fluxu aldaketa horrek masifikazioak eragin ditu Errumaniako sarreretan ere, eta, horren ondorioz, 200 metro eskasera dagoen hotel bat, Muga izenekoa, aterpetxe bihurtu da bat-batean. Lehen babeslekua da lehenbailehen berotu beharra daukaten errefuxiatuentzat: Sireterako errepidean sortutako ilara luzeetan daude, hara doazen dozenaka autobusetakoren batera igotzeko zain. Horietako batean neska baten irudi bat dago; ulertzen ez duten egoera bat bizitzen ari diren haur ukrainar guztien begirada dauka, eta, jantzita daraman artilezko txanoan, heltzen direnei laguntzeko elkarte baten leloa: Energia Positiboa.
Egun luze hauetan Ukrainan han-hemen eta Errumaniako mugan ikusitakoa ikusita, hitz batzuk datoz gogora, Julio Anguitak esanak: «Madarikatuak gerrak, eta madarikatuak gerrak egiten dituzten gizatxarrak».
Gerra Ukrainan. Errefuxiatuen krisia
«Elkartuko gara berriz ere: zin degizut»
Egun osoan aritzen da jendea pasa eta pasa Sireteko pasabidean, Ukraina eta Errumania arteko mugan; zehazki, 95.000 lagun inguru igaro dira asteotan. Denera, hiru milioi ukrainar baino gehiago atera dira beren herrialdetik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu