Kataluniako erreferenduma

Elkartasun katarsia

Debekuak debeku, jendetza bildu zen herenegun Madrilen Kataluniaren erabakitzeko eskubidearen alde egindako ekitaldian. Txiki geratu zen Lavapies auzoko Teatro del Barrio antzokia.

Madrilgo Lavapies auzoko Zurita kalea bete zuten ekitaldira sartu ezinik gelditu zirenek, herenegun. OIHAN VITORIA.
Oihan Vitoria.
Madril
2017ko irailaren 19a
00:00
Entzun
Carmen eta Maria, madrildarrak biak, adinekoak. Arganzuelakoa bata, Carabanchel ingurukoa bestea. Lavapies auzoaren bihotzean bizi dira aspalditik, eta herenegungo ekitaldiak oharkabean harrapatu zituen, auzoko merkatutik etxera bueltan. Polizien «barrikadarekin» egin zuten topo Zurita kaleko aldapa malkartsua igotzen ari zirela, eta kontu eske hasi zitzaizkien. Zer dela-eta zeuden hor, nork aginduta, bidea oztopatzen ari zirela... Ez dira independentistak, baina aspaldi erakutsi zuten Kataluniaren erabakitzeko eskubidearen aldeko jarrera. «Rajoyk egin ninduen erreferendumaren aldeko. Bada garaia herriari hitza emateko», kontatu zuen Carmenek, ahotsa urratuta.

Ehunka lagun batu ziren herenegun Madrilgo Teatro del Barrio antzokian, Kataluniako herritarrei sostengua agertzeko. Errepublikaren, erreferendumaren eta adierazpen askatasunaren aldeko oihuak tartekatu zituzten manifestariek. Ekitaldiak sekulako ikusmina piztu zuen. Hasiera batean Matadero kultur elkarteko udal areto batean egitekoa zen, baina PPren helegite bati bide eman eta debekatu egin zuen epaile batek. Lekuz aldatu eta deialdiari eutsi zioten. «Elkarte txikia eta xumea da gurea, eta debekuak katarsi moduko bat eragin du hirian», azaldu zuen Pedro Casasek, Madrildarrak Erabakitzeko Eskubidearen Alde plataformako kideak.

12:00etarako zegoen iragarrita ekitaldiaren hasiera, eta azken orduraino oztopatzen saiatu ziren arren —Falangeren itsasgarriz josita eta sarraila silikonaz estalita esnatu zen antzokia—, Espainiako Gobernuaren errepresio neurriei aurre egiteko gogotsu ziren herritarrak. «Komunikabideei mehatxuak, ekitaldi debekatuak, webguneen itxiera, argi mozketak, miaketak inprimategietan... 'Aski da' esateko ordua da. Guztion eskubideak daude jokoan», adierazi zuen haserre Juanjo Prietok, Mozalik eta artazirik gabeko demokrazia lelodun pegatinak banatzen zituen bitartean.

«Gure borroka ere bada»

Jende eta kazetari oldeari aurre egiteko, bozgorailuak jarri zituzten kanpoan geratu zirenek ekitaldia zuzenean entzun zezaten. Umorea ere ez zen falta. «Non daude botopaperak, botopaperak non daude?», abestu zuten. Botopaperak aterata erantzun zieten askok, harro. «Auzia jada ez da independentzia bai ala ez, demokrazia bai ala ez baizik. Zuen borroka gurea ere bada», nabarmendu zuen Isabel Serra Podemoseko diputatuak.

Bat egin zuen CUPeko Nuria Gilbertek: «Ez gaitzatela engaina. Kataluniakoa ez da identitateen arteko kontua, herri botereari eta ez eliteari lotutako auzia baizik. Zuei ere dagokizue esku hartzea». 78ko Erregimena zartatzeko aukera moduan ikusten dute prozesua Podemos eta Izquierda Unidako kideek. «Borroka hau galtzen badugu, guztioi eragingo digu. Ez dira pasatuko», abisatu zuen Alberto Arregi abokatuak.

ANCko presidenteorde Natalia Estevek eta Omnium Culturaleko Jordi Cuixartek ere parte hartu zuten ekitaldian. Txalo zaparrada artean, ERCko diputatu Joan Tardak zin egin zuen independentziak ez dituela bananduko: «Kataluniako I. Errepublika aldarrikatzen dugun indar berarekin oihukatzen dugu 'Gora Espainiako III. Errepublika!'». Lluis Llachen L'Estaca abestia aho batez kantatuz amaitu zuten ekitaldia, madrildar ugari ere, elkartasun keinu batetik harago, bidelagun izango dituztela esateko. «Sekula ez naiz sentitu gaur bezain madrildar», eskertu zuen Tardak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.