Joan den urrian Israelek Gazaren kontrako erasoari ekin zionetik, Euskal Herrian etengabeak izan dira elkartasun adierazpenak. Lehenagotik ere elkartasun hori bideratzen zuten erakundeek euren ahaleginak areagotu dituzte, talde eta plataforma berriak sortu dira, eta mobilizazioak, protesta ekintzak eta bestelakoak ugaldu egin dira. Zortzi hilabeteren ostean, ez dirudi erasoaldia laster amaituko denik, eta mobilizaziorako deiek ere hor diraute: bihar, esaterako, manifestazioak egingo dituzte Bilbon eta Iruñean, Gernika-Palestina deialdiak eta Nafarroako Yala plataformak antolatuta.
Gernika-Palestina herri deialdia erasoa hasi eta gutxira egin zuten Euskal Herriko kultura, gizarte mugimendu eta beste zenbait arloko 50 bat lagun ezagunek, eta, geroztik, eragile ugarik bat egin dute ekinbidearekin. Urriaren 21ean Donostian egindako manifestazio handia izan zen haren lehenengo agerraldia, eta geroztik beste zenbait mobilizazio eta ekitaldi antolatu dituzte.
Horietako bat izan da Elkartasun Aktiboa izeneko kanpaina, palestinarren aldeko diru ekarpenak lortzeko xedea duena. Atzo egindako agerraldi batean, kanpaina horren orain arteko emaitzen berri eman zuten: apirilean 35.000 euroko bidalketa bana egin zieten UAWC nekazarien elkarteari eta UPWC emakume palestinarren erakundeari, eta maiatzean beste 35.000 euro igorri zizkioten UAWCri. Diru horrekin, palestinarrei zuzenean ura eta elikagaiak helarazteaz gain, nekazaritza arloko proiektu batzuk sustatuko dituzte.
«Gure txikitasunean, palestinarrei adierazi nahi diegu Euskal Herrian haien ondoan egongo garela beti».
IBON MEÑIKAGernika-Palestina
Ibon Meñika Gernika-Palestina herri deialdiko kidea da: «Euskal herritarrok badakigu aldarrikapenak kalean modu bateratu eta ahalik eta zabalenean plazaratzea ezinbesteko ariketa demokratikoa dela. Alderdi politiko gehienek, sindikatu guztiek eta askotariko mugimendu sozialek bat egin dute genozidioa amaitzeko eskatu eta Palestinari elkartasun mezu bat zabaltzeko xedearekin. Nik uste dut badagoela genozidioa amaitzearen beharra aldarrikatzeko oihu bateratu bat eta Israelgo estatuaren kontrako salaketa ozen bat, Euskal Herritik mundu osoari zuzendua».
Nafarroan, Yala plataforma ari da lanean joan den urritik: «Pentsatzen genuen Nafarroan ahots bateratu bat behar zela, ordura arte egindako mobilizazioetan Nafarroako gizartearen zati handi bat ez baitzen azaldu», esan du plataformako kide Hodei Arangurenek. Haren ustez, xedea lortzen ari dira: «Mobilizatu gabe zegoen jende horrengana heltzea zen helburua, eta uste dut lortzen ari garela. Beste aldetik, Palestinaren alde ari ziren beste dinamikak ez genituen zapaldu nahi, helburua zelako Palestinari ahalik eta elkartasun gehien erakustea». Egun, 1.500 norbanakoren eta 190 eragileren atxikimendua du plataformak.
«Mobilizatu gabe zegoen jende horrengana heltzea zen helburua, eta uste dut lortzen ari garela».
HODEI ARANGURENYala
BDZ Boikot, Desinbertsio eta Zigor sarea aspalditik ari da Palestinaren aldeko elkartasuna sustatu nahian. Kanpaina nazioartean plazaratu zenetik, 2005ean, hura Euskal Herrira ekartzen ahalegindu dira, eta, urriaz geroztik, bultzada handia hartu du haien lanak: «Kalean elkartasun adierazpen asko izan dira, Euskal Herrian eta munduan», esan du sareko kide Lur Atxesburuk. «Oso agerikoa izan da herritar gehienek ez dutela inondik inora babesten gertatzen ari den genozidioa, eta Palestinaren aldeko jarrera gehiengo oso indartsu batena da. Baina, aldi berean, boterearen aldetik, instituzio, enpresa eta abarrek Israelekin dituzten harremanei eusten diete; horretan, zoritxarrez, Euskal Herria ez da salbuespena». Palestinarekin Elkartasuna plataformako kide da BDZ sarea, beste zenbait eragilerekin batera.
Mobilizazioak «eraginkor» bihurtu
Palestinaren aldeko mobilizazioak «eraginkor» bilakatu nahi dituzte, BDZ kanpainaren bidez: «Gakoa da Israelen boterea ahultzea. Israelek sentitzen du edozer gauza egin dezakeela, baimentzen zaiolako eta finantzatzen zaiolako, eta xedea da mobilizazio eta desobedientziaren bitartez okupazioaren erroak boikotatzea: erro ekonomikoa, politikoa eta normalizazioarena. Israelek bide asko erabiltzen ditu bere burua zuritzeko eta herrialde normal bat direla agertzeko. Gure ustez, beharrezkoa da kolaborazio horiek etetea: kolaboratzen duten enpresa, eragile eta abarrek kolaborazio horiek bertan behera uztea, eta geuk ere, langile, kontsumitzaile eta herritar gisa horretan esku hartzea».
Zenbait gizarte mugimendutan aritzen ziren lagun batzuek Palestinarekiko Erantzukizuna plataforma sortu zuten, bereziki euskal eragile politiko, sozial eta ekonomikoei arduraz joka dezatela eskatzeko. Palestinaren aldeko mozio bat aurkeztu dute zenbait udalerritan, eta, orain arte, 35etan aurrera ateratzea lortu dute. «Udalei ez ezik, beste elkarte eta enpresa batzuei ere aurkeztu diegu proposamena, eta askok bat egin dute», azaldu du Yousra Ayoubi plataformako kideak. «Aldarrikapenaz gain, neurri zehatzak ere nahi genituen; horregatik erantsi genuen mozioan Israeli armak saltzeko debekua, Israelgo gobernu genozidarekin harreman instituzionalak etetea, eta beren-beregi adieraztea egoeraren jatorria ez dela bi alderen arteko gatazka bat, Israelek ezarritako okupazio koloniala eta apartheid egoera baizik».
«Gakoa da Israelen boterea ahultzea. Israelek sentitzen du edozer gauza egin daitekeela, baimentzen zaiolako eta finantzatzen zaiolako».
LUR ATXESBURUBDZ sarea
«Palestinar gisa, pena apur bat ematen dit sarraski hau gertatu behar izateak jendea mugitzen hasteko, baina uste dut herritarrak orain gehiago jabetzen direla, eta prestasun handiagoa dutela gure begien aurrean genozidioa egiten ari den gobernuaren kontra egiteko», esan du Ayoubik. «Euskal Herria historikoki Palestinaren aliatu handia izan da, eta orain da garaia hori praktikan erakusteko».
Hemendik aurrera ere lana erruz izango dute Palestinarekin elkartasuna sustatu nahi duten eragileek: «Guretzat oso garrantzitsua da gure jarrerak ahalik eta zabalenak eta bateratuenak izatea. Orain arte, esparru politiko eta sindikal oso zabalak egin du bat modu batera edo bestera Gernika-Palestinaren planteamenduekin, eta hori elikatzen jarraitzea inportantea da». Palestinarekin Elkartasuna plataformaren hurrengo deialdia izango da CAF enpresak Beasainen (Gipuzkoa) egingo duen akziodunen batzarra, ekainaren 15ean: «BDZk mundu osoan ezarri dituen 15-20 lehentasunezko helburuen artean CAF enpresa dugu, eta horrek, euskal herritar bezala, ardura bat ezartzen digu», esan du Atxesburuk. «CAF Jerusalemen egiten ari den tranbia garbiketa etnikorako eta kolonizaziorako tresna da, eta hori gelditu behar da». Palestinarekiko Erantzukizuna plataformak, berriz, zenbait hitzaldi antolatuko ditu ekainaren 28ari begira, «Israelek bere burua zuritzeko LGTB komunitatea erabiltzeko saioak» salatzeko.
«Palestinar gisa, pena apur bat ematen dit sarraski hau gertatu behar izateak jendea mugitzen hasteko».
YOUSRA AYOUBIPalestinarekiko Erantzukizuna
Latza da panorama, baina esperantzarako zirrikituak ere badaude: «Hau egunen batean amaitu beharko da, ezinezkoa baita askoz ere urte gehiagoz horrela jarraitzea eta Europak eta Mendebalde osoak ezer ez egitea», esan du Ayoubik. Antzera mintzatu da Meñika: «Gure txikitasunean, palestinarrei adierazi nahi diegu Euskal Herrian haien ondoan egongo garela beti. Gernika-Palestina da gure plataformaren izena; Gernikak ere sarraskia pairatu zuen, hortik altxatu zen, eta Palestina ere altxatuko da. Palestinak iraungo du, eta Euskal Herria ondoan izango du».