Gatazken konponbidea Frantziako Asanblean. Ipar Irlanda

Elkarrizketarako eta arriskuak hartzeko beharra Ipar Irlandan

«Inklusibitatearen» garrantzia defendatu dute bake prozesuaren eragileetako batzuek. Powellek ohartarazi du ez dagoela uharteko mugako protokoloaren alternatibarik

Ipar Irlandako Poliziaren aurka Belfast hirian gertatutako istilu batzuk, iragan apirilean. MARK MARLOW / EFE.
ander perez zala
2021eko maiatzaren 27a
00:00
Entzun

Elkarrizketarako eta arriskuak hartzeko beharra, alde guztien partetik. Horiek dira, Ipar Irlandako bake prozesuan parte hartu zuten eragileetako batzuen iritziz, gatazken konponbiderako ezinbestekoak diren elementu nagusiak, eta Irlanda iparraldeko bizipenetatik atera zituzten lezioak.

Ikusi gehiago atzoko saioez: Irtenbideen zidorrean Frantziako Asanblean.

Jonathan Powell Erresuma Batuko Gobernuaren Ipar Irlandarako negoziatzaile izandakoa da jarrera horren defendatzaileetako bat, hark azaldu duenez: «Oso zaila da terroristatzat dauzkazunekin mahai beraren inguruan esertzea, baina argi genuen hori egitea ezinbestekoa zela».

[Youtube]https://youtu.be/bGplrPSliP4[/Youtube]

Haren aurretik, Gerry Adams Sinn Feineko buruzagi ohi eta Ostiral Santuko Akordioko sinatzaileak ere ideia bera helarazi du, 1998ko bake itunera eraman zuten negoziazioetan bizi izan zuena oinarri hartuta: «Unionistekin gutxi hitz egin nuen. DUP [Alderdi Demokratiko Unionista] elkarrizketetatik atera zen Sinn Fein sartzean, eta UUPrekin [Ulsterko Alderdi Unionistarekin] oso gutxi aritu nintzen, elkarrekin hitz egitea giltzarri den arren».

Gertakari horrek agerian uzten du, Adamsen ustetan, «inklusibitatea, konfiantza eta aldebikotasuna» aldagai garrantzitsuak direla prozesu baten arrakastarako, are gehiago gatazka armatu batez aritzerakoan.

Nazioarteko gatazkei buruzko Frantziako Asanblea Nazionaleko jardunaldiek bigarren eguna izan zuten atzo, eta horretan eman zuten beren ikuspegien berri Ipar Irlandako bake prozesuan parte hartu zuten agintarietako batzuek, era birtualean.

Irlanda iparraldeak mende erdiko gatazka armatuari amaiera eman zion iragan mende bukaeran; besteak beste, Irlandako Errepublikako eta Erresuma Batuko gobernuen eta Ipar Irlandako alderdien arteko negoziazioei esker. Esperientzia horretatik abiatuta, hizlariak bake prozesuaz eta gatazka armatuaz aritu ziren, eta, zehazki, aldebikotasunaz, nazioarteko eragileen garrantziaz eta pisuaz, eta brexit-ak eragin dituen tentsio berriez.

Horri begira, 1998ra arteko elkarrizketetan izandako jarrerak goraipatu ditu Harold Good apaiz protestante eta IRA eta ETA erakundeen armagabetzeen egiaztatzaileak, horrek bide eman ziolakoan negoziazioen arrakastari; finean, «beharrezkoa» zelako «batak bestea» ezagutzea: «Elkarrengandik kilometro batera bizi ginen, eta, aldi berean, milaka kilometroko distantzia zegoen gure artean».

Good bera izan da arrakastarako beste gako bat eman duena, eta gainerako hizlarien oniritzia izan duena: era horretako elkarrizketak abiatzea ez dela «merkea, prezio garestia» baitu.

Pauso hori emanda ere, oraindik erabaki eta sentsazio gehiagoren beharra egon zela azaldu du Monica McWilliams Emakumeen Koalizioa alderdiaren sortzaile eta talde paramilitarren desegitea gainbegiratzeaz arduratzen den IRC taldeko kideak; besteak beste, «konfiantza eraikitzea» ezinbestekoa izan zela. Powellek bat egin du horrekin: «Gehituko nuke lidergo sendoa ere garrantzitsua dela. Eta horren erakusle izan zen Gerry, kasurako».

Bakea eraikitzea, erronka

Bakea adostea bai, baina negoziaturikoa hurrengo urteetan egonkortzea: horra hor gatazken konponbiderako prozesuen beste erronka nagusia. Eta, nola ez, Ipar Irlanda arrisku horren erakusle ere bada, azken urteek erakutsi dutenez. Labur esanda: «Bakea eraikitzea oso zaila da; erronka bat da», McWilliamsen arabera.

Erresuma Batua EB Europako Batasunetik atera izana ekuaziotik aldagai bat kentzearen parekoa izan da, Irlandako Errepublika eta Erresuma Batua EBko estatu kide izateak eman baitzuen modua, hein handi batean, Ostiral Santuko Akordioaren edukia adosteko eta, batez ere, Irlanda banatzen duen mugaren auzia konpontzeko.

Baina, egun, egoera erabat aldatu da, eta Ipar Irlandarako Protokoloak Ipar Irlandaren eta Britiania Handiaren artean sortu duen mugak haserrea eragin du unionisten artean. Bi aldeek adosturikoaren arabera, Irlanda iparraldea EBren aduana batasunean geratu da brexit-aren ostean, eta, aldi berean, merkatu bakarraren parte da ondasunei dagokionez.

Hain justu, asteon Europako Batzordeko presidente Ursula von der Leyenek adierazi du protokoloa dela mugaren auzirako «irtenbide bakarra», eta talde paramilitar loialistek erantzun diote datorren uda «kaosarena» izan daitekeela, horrek bere horretan jarraitzen badu.

Erresuma Batuaren Ipar Irlandarako negoziatzailea, ordea, ados agertu da Europako Batzordeko presidentearekin, baina Bruselari eskatu dio «jarrera malguagoa» izan dezala, protokoloa «denentzako funtzionarazi» behar dutelako.

McWilliamsek auzi horri begirako beste gako bat eman du berehala: «Gainbegiratze lanak ezinbestekoak dira, hitzemandakoa ematea, hori gauzatuko dela ziurtatzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.