Puigdemonten atxilotzea. Erreakzioak

Elkarrizketa mahaiaren aurkako kolpetzat jo dute

Taula politikoa astindu du Carles Puigdemont atxilotu izanak. Katalunian, indartu egin dira Espainiako Gobernuaren eta Kataluniako Gobernuaren arteko elkarrizketa mahaiaren aurkako kritikak. Europatik, baina, elkartasun mezu ugari heldu zaizkio presidente errepresaliatuari.

ANCk deituta, ehunka herritarrek elkarretaratzea egin dute Italiak Bartzelonan duen kontsulatuaren aurrean. QUIQUE GARCIA / EFE.
Iñaki Petxarroman - Edu Lartzanguren
2021eko irailaren 25a
00:00
Entzun
Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohiaren atxiloketak erreakzio katea eragin zuen atzo Katalunian eta nazioartean. Katalunian bertan eragin zituen erantzunik sutsuenak. JxC Junts Per Catalunya eta CUP izan ziren gogorrenak. Espainiaren «asmo errepresiboak» Kataluniako Generalitatearekin martxan jarritako elkarrizketa mahaia baliorik gabe utz dezakeela iradoki zuten alderdi horietako zenbait eledunek.

JxCko idazkari nagusi Jordi Sanchezek adierazi zuen «alarma» piztu duela Espainiako Gobernuak atxiloketa horrekin bidalitako mezuak. «Hori ez da gobernu batetik espero duguna, haren helburua bada elkarrizketa eta negoziazio bideak irekitzea eta gatazka gainditzea». Garbiago hitz egin zuen Quim Torra presidente ohiak, eta ziurtatu zuen ez duela zentzurik mahai horretan jarraitzeak.

CUPek ere antzeko bidetik jo zuen balorazioa egiteko garaian: «Planteamendu politiko jakin bati jarraitzen dio, eta helburua da mugimendu independentistaren aurkako zapalgailu errepresiboari eustea», azaldu zuen Xavier Pellicer CUPeko parlamentarioak. «Ezinezkoa da hitz egitea hitz egin nahi ez duen eta irtenbide politiko bat nahi ez duen estatu batekin», erantsi zuen.

Kataluniako Legebiltzarreko presidente eta JxCko eledun Laura Borrasek adierazi zuen Espainia Puigdemontekin «obsesionaturik» dagoela, «agerian uzten baititu haien lotsari demokratikoak». Madrili leporatu zion edozein bitarteko ontzat ematea hura atxilotu ahal izateko, «tartean Europako Justizia Auzitegiaren aurreko gezurrak».

Haserre hitz egin zuen JxCren parlamentuko presidente Albert Batetek ere, eta Espainiari egotzi zion Europako Justizia Auzitegia engainatzea: «Nola liteke uztailean argitaratutako ebazpen batean oso argi uztea Espainiak erretiratu egin zituela euroaginduak, eta orain Auzitegi Gorenak esatea gauzak horrela direla?».

ANC Biltzar Nazional Katalanak deituta Italiak Bartzelonan duen enbaxadaren parean bildutakoen artean izan zen Omniumeko presidente Jordi Cuixart, eta gogor gaitzetsi zuen atxiloketa. «Ez dugu ahaztu behar eurodiputatua dela, eta hautetsontzi batzuk jartzeagatik eman duela Espainiak hura atxilotzeko agindua. Horregatik gara hemen, ezin diogulako uko egin protesta egiteko eskubideari, eta are gutxiago autodeterminazio eskubideari».

Oriol Junqueras ERC alderdiko buruak «sostengu osoa, presidente» adierazi zuen sare sozialetan zabalduriko mezu batean. «Formula bakarra dago estatuaren etengabeko errepresioa geratzeko: amnistia, autodeterminazioa eta independentzia».

ERCk Espainiako Kongresuan duen eledunak, Gabriel Rufianek, Puigdemonten eta Juan Carlos Borboikoaren egoerak erkatu ditu txio batean. «Errege lapurrak ihes eginda Abu Dhabin, eta hautaturiko presidenteak atxilotuta Sardinian».

Zuhurtzia eskaera Madrilen

Espainiako Gobernutik, Margarita Robles Defentsa ministroaren hitzak heldu dira. «Gobernuak uste du edozein herritarrek egon behar duela auzitegien esku, eta inork ezin diola izkin egin justiziaren ekintzari. Denontzat balio du, salbuespenik gabe».

Ione Belarra Eskubide Sozialen ministro eta Podemoseko ordezkariak elkarrizketaren aldeko apustua berretsi zuen, eta politikaren judizializazioa baztertzearen alde azaldu zen. «Horrek irteerarik gabeko bide batera garamatza», adierazi zuen.

Unai Sordo CCOO sindikatuko idazkari nagusia ere kritiko azaldu zen operazioarekin: «Tentsioa eta ziurgabetasuna erantsiko dio egungo egoerari. Elkarrizketaren aldeko apustua berretsi behar da».

Kontrako jarrera azaldu zuten Espainiako eskuineko blokeko alderdiek. Besteak beste, Pablo Casado PPko presidenteak babesa azaldu zion Espainiako justiziari, eta Pedro Sanchez Espainiako presidenteari eskatu zion konpromisoa hartzeko Puigdemont ez indultatzeko. «Ziur naiz ez duela inpunitaterik izango».

Bestalde, Puigdemontek babes mezu asko jaso zituen Europako alderdi eta erakunde ezberdinetatik. Italian bertan ezinegona eragin zuen atxiloketak. Piernicola Pedicini eurodiputatuak adierazi zuen «errepresioa gelditu» egin behar dela eta Italiako justizia ezin dela jazarpenaren «konplizea» izan.

Europako Ezkerrako presidentekide Martin Schirdewanek Twitterren eskatu zuen berehala askatzeko Kataluniako presidente errepresaliatua. «Presondegiek ez dute konponduko Kataluniako gatazka».

Roccu Garoby Europako Parlamentuko ALE taldeko idazkari nagusiak «lotsagarritzat» jo zuen atxiloketa. «Herriek euren buruaren jabe izateko eskubidea aurrera eramatea ez da delitua». François Alfonsi ALE-Berdeak taldeko diputatuak ere gogoratu du berriki Frantziako Asanblean izan zela Puigdemont, hainbat parlamentarirekin. «Europako legea urratzen ari da Italia».

Gilles Simeoni Kortsikako presidenteak babesa azaldu zion Puigdemonti, eta ziurtatu zuen Europako justizia bere ospea belzten ari dela Kataluniako auzia errepresioaren bidez hartuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.