SERIEA. U-1etik bost urtera (III). Eulalia Reguant.

«Elkarrizketa mahaia eraginkorra da erregimena egonkortzeko»

Kataluniako independentismoa «noraezean» dabilela aitortu du CUPeko bozeramaileak. Haren iritziz, agenda sozialaren alde egin behar du mugimenduak, estatuaren markotik harago, eta erreferendum bat ortzi mugan jarri, «nazioartea interpelatzeko».

DANI CODINA.
Gorka Berasategi Otamendi.
Bartzelona
2022ko irailaren 30a
00:00
Entzun
U-1eko erreferendumaren egunean, Eulalia Reguantek (Bartzelona, 1979) botoa emanez hasi zuen eguna, Kataluniako hiriburuko Ramon Llull eskolan. «Gomazko pilotak jaurti zituzten, eta Roger Españolek begi bat galdu zuen han». Bozkatu eta gero, CUPeko egoitzara joan zen, eta egun osoa eman zuen bertan egoerari gertutik kasu egiten. Reguant CUPeko diputatua zen orduan, eta alderdiaren Kataluniako talde parlamentariko bozeramailea da egun. «Garrantzitsua izan zen jendeak erresistentziarako eta aurrera egiteko gaitasuna erakutsi izana». Asteazkenean, Espainiako Auzitegi Gorenean deklaratu zuen, Antonio Baños CUPeko diputatu ohiak eta berak Voxen galderei erantzuteari uko egin ziotelako buruzagi independentisten kontrako epaiketan.

Nola joan da Goreneko auzi saioa?

Ondo, espero bezala. Saiatu naiz azken hitza erabiltzen, baina ez didate utzi. Uste dugu ez gaituztela absolbituko, horrek esan nahiko lukeelako Gorenak kontzientzia objekzioa onartzen duela, eta ez dugu espero halakorik.

U-1aren ondorengo errepresioarekin lotuta dago zure auzia, buruzagi independentisten aurkako epaiketarekin. Voxek herri akusazio gisa jardun zuen, eta ez zenien bere galderei erantzun. Zergatik?

Konbentzituta nengoen desobedientzia ekintza hori beharrezkoa zela, eta ideala litzatekeela epaiketa bukatzea hogei auzipeturekin, Antonio Baños eta ni auzipetu gaituzten arrazoi berarengatik. Azkenean, gu biok bakarrik izan ginen. Helburua zen salatzea ultraeskuina ikusgarritasun geroz eta handiagoa lortzen ari zela eremu guztietan. Epaiketa erabiltzen ari zen hauteskunde propagandarako. Vox herri akusazio gisa onartzeak iragartzen zuen jada auzitegian zer gertatuko zen. Ezinezkoa zen testuinguru horretan justizia jasotzea.

U-1aren bosgarren urteurrena betetzear dela, gaurko ikuspegitik, zer esanahi politiko du erreferendumak?

Oraindik zabalik dagoen eztabaida bat da hori, bost urte hauek ez dira nahikoa izan. Baina U-1ak erakusten diguna da independentzia nahitaez etorriko dela desobedientzia ariketa jendetsu baten eskutik eta desobedientzia hori lagunduko duten erakundeen eskutik. Erakusten digu, halaber, ez gaituela ekintza bakar batek eramango independentziara, baizik eta ekintza askoren baturak.

Zer espero duzu larunbatean egingo den mobilizaziotik?

Espero dut nostalgia gainditzen hastea, badelako garaia. Eta balio izatea U-1aren ikasketak zeintzuk diren argitzeko ere, eta ortzi muga bat eraikitzen hastea. Ez dadila izan hamaikagarren gudu alderdikoia.

U-1az geroztik, mugimendu independentistak ez du lortu ekinbide politikoa berreskuratzea, eta Diada egunean argi gelditu zen herritar batzuk haserre daudela egoerarekin. Zer analisiegiten du CUPek?

Iruditzen zaigu irailaren 11n 300.000 lagun kalera atera izana, desmobilizaziorako saiakera guztien eta errepresioaren gainetik, positiboa dela. Ulertzen dugu haserre eta frustratuta dagoen jendea. Egia da azken bost urteotan gauza gutxi gertatu direla. Hori bai, alerta pizten zaigu antipolitika elikatzen duten diskurtsoekin. Beharrezkoa da sumindurari proposamenekin erantzutea, eta ekimena berreskuratzea. Bost urte erabateko noraezean eman ditugu errepresioaren ondorioz, baina baita independentismoaren hegemonia eskuratzeko tirabira alderdikoien ondorioz ere.

2017an, independentismoak bazuen bide orri adostu bat. Zergatik ez da posible orain?

Esango nuke mitifikatu egin dela 2017ko ustezko batasun hori.Quim Fornek [Kataluniako Barne kontseilari ohiak] elkarrizketa batean esan berri du batasunak hamalau egun iraun zuela, irailaren 20tik urriaren 3ra. Egia da bazela elementu bat, erreferenduma, denek noranzko berean arraun egiteko balio zuena. Baina U-1aren ostean, bakoitzak modu desberdin batean ulertu zuen handik aurrera egin beharrekoa, eta inoiz ez zen eztabaida seriorik egin boterea eskuratzeko beharrezkoa zer den argitze aldera. Hori da egiteko dugun eztabaida.

Ba al dago alderdien artean elkarrizketarik estrategia bateratu bat bilatzeko?

Ez. Jarrerak hurbiltzeko esparru bat izan denean, beti zapuztu dute kexek eta pertsonalismoek. Horrek oso zaila egiten du aurrera egitea, ez baitago U-1ean gertatu zenari buruzko irakurketa konpartitu bat.

ERC Esquerra Republicanaren eta JxC Junts Per Catalunyaren arteko desadostasunek kolokan jarri dute gobernuaren etorkizuna. Nola eragiten dio horrek prozesu independentistari?

Are zailagoa egiten du hurbilketa. Estrategia bateratu bat lortzeko zuzendaritza bat eratzeari buruzko eztabaida beraien arteko liskarren esparruan kokatu dute ERCk eta Juntsek. Guk ez dugu parte hartuko estrategia zuzendaritza batean, hura sortzen bada okerreko politikak bultzatzen ari den gobernu bati eusteko. Horrek ez du esan nahi ez gaudenik prest ERCrekin, JxCrekin, Omniumekin, ANCrekin [Biltzar Nazional Katalanarekin] eta beste eragile batzuekin esertzeko. Baina bi kontu desberdin dira.

Noiztik ez dago estrategia bat adosteko elkarrizketarik?

Otsailetik.

CUPetik nabarmendu duzue errazegi gutxiesten direla norbere estrategiarekin bat ez datozenak. Urak baretzeko lanean ari zarete?

Denbora luzean arduraz jokatu dugu, eta ulertzen dugu egungo egoeran oso zaila dela elkar ulertze hori. Beraz, orain lanean ari gara gure proposamena ondo eraikitzeko. Ikusten dugu independentista txartelak banatzen aritzeak ez duela zentzurik, eta traidore edo ahobero txartelak banatzeak ere ez duela laguntzen politika egiten, eta antipolitikaren logika elikatzen duela.

Zein da CUPen proposamena independentzia lortzeko?

Ez dago gidaliburu bat. Gure ustez, estrategiarik onena da independentismoak agenda sozialaren aldeko apustua egitea, estatuak dituen muga juridiko eta politikoetatik harago. Parlamentuaren [gaurko] osoko bilkuran aurkeztuko ditugun proposamenak horri begirakoak dira: oinarrizko errenta unibertsala, enpresa energetiko publikoa, enpresa farmazeutiko publikoa, zerbitzu publikoen indartzea... Badakigu neurri horiek talka egingo dutela estatuaren markoarekin. Horrek izan behar du independentismoaren agenda, herrialdeak behar duena delako. Ez dugu agenda bat asmatu behar, jendearen errealitatetik urrun. Hori da modua baita ere herritarren mobilizazioa eragiteko, eta, aldi berean, estatuaren botereei aurre egiteko.

Orduan krisiak prozesu independentista suspertzeko balio behar du?

Neurri batean, horixe gertatu zen aurreko zikloan. [Espainiako] Auzitegi Konstituzionalak [Kataluniako] estatutuaren aurka eman zuen epaiak eragin handia izan zuen, baina baita 2008ko krisiak ere, estatua elitearen pribilegioak bermatzen saiatu zelako gehiengoaren eskubideen gainetik. Independentzia erreminta bat da eskubideak bermatzeko, ez da helburu bat bere horretan.

Bestalde, erreferendum bat ezarri behar dugu agenda independentistan. Horrek ispiluaren aurrean jarriko du estatua, oso urduri jartzen baita demokraziaz hitz egin behar duenean. Gainera, Europan, erreferendumaren eztabaida mahai gainean dago jada. Ikusiko dugu zer gertatzen den Eskoziarekin, eta Ipar Irlandarekin, Irlanda batzeko erreferendumarekin. Kontua da bide berari heltzea, eta nazioarteko komunitatea interpelatzea. Konponbidea ez da estatutik etorriko, hasierako fase batean. Estatua soilik mugituko da nazioarteko komunitateak mugiarazten badu; bestela ez.

Pere Aragones Kataluniako presidenteak argitasun akordio baten aldeko akordio bat jostera deitu zuen politika orokorreko eztabaidan. CUPek argi utzi zuen ez duela uste erreminta eraginkorra izango denik.

Jarraitzen duelako ukatzen mobilizazioa eragiteko beharra eta konfrontazioa azaleratzekoa. Gainera, Moncloak iragarri eta ordu erdira baztertu zuen.

Elkarrizketa mahaitik altxatzeko ere eskatu zenioten presidenteari.

Gaur egun planteatuta dagoen moduan, ez du inolako zentzurik. Ez da eraginkorra. Tira, eraginkorra da erregimena egonkortzeko. Ez diogu elkarrizketari uko egiten, eta kontziente gara uneren batean negoziazio bat beharko dela. Baina egungo testuinguruan, mahaia ERCren eta PSOEren arteko esparru bat bihurtu da, gatazkaren konponbiderako esparru bat beharrean. Estatuak sistematikoki ixten dio atea gatazkari buruz hitz egiteari, eta Katalunian ez diogu inolako pizgarririk jarri gatazka konpondu nahi izateko.

Nazioarteak gatazkaren konponbidean izan dezakeen egitekoa aipatu duzu. ERCk dio elkarrizketa mahaiaren bitartez lortu duela independentismoari nazioartean ateak irekitzea.

Nahiago nuke oker banengo, baina errealitatea da nazioartean Kataluniako auzia Espainiako Estatuaren barne auzi bat bihurtu dela. Eta nazioarteko komunitatearen joera beti izaten da estatuen statu quo-a babestea.

Gatazkaren desjudizializazioa bultzatzeko balio duela ere aldarrikatu du ERCk.

Ez daukat oso argi desjudizializazioaz ari direnean zer esan nahi duten zehazki. Azkenaldiko agenda judiziala nahiko betea daukagu.

Negoziazio mahaia mobilizazioarekin bateragarria da, Aragonesen esanetan.

Ados egon naiteke baieztapen horrekin, baina orduan Generalitateak utzi beharko lioke patronalaren agenda horrenbesteko erabakimenarekin ezartzeari. Bateraezina da elkarrizketa mahaian patronalaren agenda bultzatzea,eta hemen mobilizazioa nahi izatea.

Bihar: U-1aren osteko errepresioari buruzko erreportajea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.