Sokatiran jarraitzen dute AEB Ameriketako Estatu Batuek eta Iranek. Gaur goizaldean, AEBek bost petroliontzi jo dituzte Omandik gertu, argudiatuta azken bi egunetan Teheranek bi eraso egin dizkiola AEBetako itsas armadaren gerraontzi bati —saiakerek huts egin dutela nabarmendu dute—. Eraso horri erantzunez, Irango Guardia Iraultzaileak misilak jaurti ditu AEBek Jordaniako Al-Azraq herrian daukaten basera. Jordaniako Gobernuak zehaztu duenez, hogei misil jaurti ditu Teheranek; hemezortzi eraitsi dituzte, eta beste biek ez dute kalte nabarmenik eragin.
Centcom AEBetako armadaren Komandantzia Nagusiak eman du AEBen erasoaren berri, sareetan zabaldutako ohar batean. Azaldu dutenez, jo dituzten Irango bost ontziak suntsitu dituzte —erasoaren irudiak ere zabaldu dituzte sare sozialetan—, eta zehaztu erasoa egin aurretik ontzietatik ihes egiteko abisua eman dietela eskifaiako kideei.
Irango Atzerri Ministerioak erasoak gaitzetsi ditu ohar baten bidez, eta salatu Washingtonek ezarri nahi duen itsas blokeoaren eta gerra ekonomikoaren parte dela azken erasoa. «Gerra krimenak dira, eta kolokan jartzen dute nazioarteko segurtasuna», gaineratu dute.
Tentsioa areagotu egin da azken egunetan Ormuzko itsasartean eta inguruetan. Ormuztik pasatzen da munduko petrolioaren %20 inguru, eta begia begi truk jokatzen ari dira bi aldeak inguru horretan. Batek eraso egiten badu, besteak erantzun, eta alderantziz. Horrek beste dimentsio batera eraman du Ekialde Hurbileko gerra.
Irango funtzionarioek azken egunetan egindako adierazpenen arabera, Teheranek ez dio aterik itxi diplomaziari, baina gaur-gaurkoz, erasoen bidez erantzuten ari da. Irango Tasnim albiste agentziak Irango Guardia Iraultzailearen ohar bat kaleratu du azken orduetan, eta, azaldu dutenez, bi eraso egin dituzte, «AEBetako armada terroristaren erasoari eta maltzurkeriari erantzuteko». Alde batetik, misilak jaurti dituzte AEBek Jordaniako Al-Azraq herrian daukaten basera —ez dute kalterik eragin—, eta beste alde batetik, begia begi truk aritu dira, eta Ormuzen hainbat ontzi jo dituztela adierazi dute: zortzi petroliontzi eta AEBetako armadaren bi gerraontzi. Hala, ohartarazi dute itsasartea «kontrolpean» dutela oraindik ere. AEBetako armadak, ordea, ukatu egin du Iranek AEBen gerra ontziren bat jo izana: «Inork ez du AEBetako Itsas Armadako gerraontzirik jo. Guardia Iraultzailearen eraso saiakera guztiek huts egin dute».
Teheranek, bestalde, Bahraingo eta Kuwaiteko petroliontziak «helburu» izango direla ohartarazi du —AEBen aliatuak dira bi herrialde horiek—, eta bi herrialdeetako portuetatik berehala alde egiteko eskatu die ontzi horietako tripulazioei.
Israel, menia urratu eta urratu
Palestinako Osasun Ministerioak gaur zabaldu duenez, Israelgo estatu indarrek eta eta kolonoek lau lagun hil dituzte azken 24 orduetan Zisjordaniako Nablus, Qalqiliya eta Tulkarem hirietan, tartean 11 urteko haur bat. Hala, Israelek jada ehun lagun hil ditu urte hasieratik hona Zisjordanian.
2023ko urritik, hau da, Gazako inbasioa areagotu zuenetik, Israelek 73.658 palestinar hil ditu, eta 1.352 iazko urriaren 10ean «su etena» hitzartu zutenez geroztik.
Palestinan ez ezik, Libano hegoaldean ere erasoak egin ditu Israelek azken orduetan, eta pertsona bat hil du —herenegun 11 lagun hil zituzten, tartean bi osasun langile—. Libanoko NNA berri agentziak jakinarazi duenez, Israelgo indarrek Harouf, Doha Kfar Reman eta Kfar Tebnit hiriak jo dituzte, Nabatieh barrutian.
Berez, su etena ezarria dago Palestinan bezala Libanon ere. Tel Avivek eta Hezbollahk bi menia adostu dituzte azkeneko hiru hilabeteetan AEBen bitartekaritzarekin. Dena den, Israelek ez ditu errespetatzen. Gainera, Israelek 600 kilometro koadro inguru dauzka okupatuta Libanon —herrialdearen %6 inguru—, eta Libanoko Gobernuak eremu horietatik ateratzeko eskatu arren, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak esan izan du ez duela halakorik egingo Hezbollah «guztiz» armagabetu arte; Libanoko milizia xiitak, ordea, esana dauka ez duela armak uzteko asmorik.
Pezexkian eta Modi batzartu egingo dira ostiralean, new delhin
Irango presidente Masud Pezexkian eta Indiako lehen ministro Narendra Modi ostiralean batzartuko dira, New Delhin. Bigarren aldiz bilduko dira Ekialde Hurbileko gatazkak eztanda egin zuenetik, eta, gai zerrenda oraindik argitaratu ez duten arren, nabigazioaren eta merkataritzaren gainean aritzea espero dute. Aurreko bileraren ostean, Irango lehen ministroak kezka erakutsi zuen Ekialde Hurbileko gatazkan tentsioa areagotzen ari zelako, eta diplomaziaren garrantzia azpimarratu zuen. Pezexkianekin bildu ostean, Errusiako presidente Vladimir Putinekin bilduko da.