Elkarbizitza sustatuko duela hitzeman du Fayek, Senegalgo bozetako garaileak

Behin-behineko emaitzen arabera, oposizioko buruak irabazi ditu presidentetzarako hauteskundeak, lehen itzulian. Bozen atzerapenak eragindako krisi politikoa konpontzea izango du erronketako bat.

Bassirou Diomaye Faye, behin-behineko emaitzen arabera Senegalgo presidente izango dena, bart egindako agerraldian. JEROME FAVRE / EFE
Bassirou Diomaye Faye, behin-behineko emaitzen arabera Senegalgo presidente izango dena, bart egindako agerraldian. JEROME FAVRE / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2024ko martxoaren 26a
12:00
Entzun

Duela bi aste, kartzelan zegoen Bassirou Diomaye Faye. Hilaren 14an atera zen ziegatik, eta, laster, Senegalgo presidente izendatuko dute. Joan den igandean egin zituzten estatuburua aukeratzeko hauteskundeak, eta, behin-behineko emaitzen arabera, Fayek botoen erdiak baino gehiago bereganatu ditu. Iaz, gobernuak legez kanpokotzat jo zuen Fayeren alderdia, Lanaren, Etikaren eta Senidetasunaren Aldeko Senegalgo Abertzale Afrikarrak (PASTEF), eta horregatik egon da kartzelan. Baina jarduneko estatuburu Macky Sallek bozak atzeratzeak krisi politiko sakona eragin zuen herrialdean; hori baretzeko asmoz, aske utzi zituen Faye eta Ousmane Sonko, oposizioko buruak. Atxiloketek jarduneko gobernuaren aurkako sentimendua indartzea eragiten dutela dirudi. Izan ere, astebete eskaseko kanpaina egin ostean, oposizioak bozetan gailentzea lortu du.

Hauteskundeak geroratzeak sorturiko gatazka konpontzea izango da orain Fayeren erronka nagusia. Herrialdeak dituen beharrei erreparatu ostean, «lehentasunezko» lau proiektu dituztela adierazi du Fayek, bart emandako hitzaldian. Horietan lehena da «herrialdearen berradiskidetzea eta elkarbizitzarako oinarriak berreraikitzea». Izan ere, azkenaldian, istiluak izan dira nagusi Afrikako herrialde egonkorrenetakotzat jotzen zen estatu horretan.

Gobernu berriak bultzatu nahi dituen gainerako hiru proiektuak hauek dira: «erakundeak berreraikitzea», «bizitzaren kostua nabarmen murriztea» eta «politika publikoak ebaluatu eta suspertzeko hitzarmenak» gauzatzea. Horietaz gainera, Fayek jakinarazi du borroka egingo duela ustelkeriaren aurka.

Hauteskunde batzordeak emandako azken datuen arabera, botoen %90 zenbatu dituzte jada. Horien artean, ia %54 Fayeren aldekoak izan dira, eta %36 jarduneko lehen ministro Amadou Barentzat. Botoen erdiak baino gehiago eskuratuta, ez litzateke beharrezkoa izango bigarren itzulia egitea, eta oposizioaren hautagaia izendatuko lukete presidente. Eta, itxura guztien arabera, hala gertatuko da.

Fayeren jarraitzaileak behin-behineko emaitzak ospatzzen, Dakarren. ALIOU MBAYE / EFE
Fayeren jarraitzaileak behin-behineko emaitzak ospatzen, Dakarren. ALIOU MBAYE / EFE

PASTEF alderdia 2014an sortu zuten, eta Sonko izan da haren bururik ospetsuena. Bere hitzaldi indartsuekin, Senegalgo sistema politikoarekin eraldatzaile moduan aurkeztu izan du bere alderdia. Batzorde Konstituzionalak hauteskundeetarako hautagai izatea debekatu zion, eta haren ordez aurkeztu zen Faye. Horrek ere bide beretik jarraitu du kanpainan, eta batez ere gazteen babesa eskuratu du.

Halere, badirudi Fayek zertxobait apaldu duela kanpainan erabilitako diskurtsoa. Esaterako, PASTEFek «neoliberalismo frantsesa» salatu izan du etengabe, eta, gobernura iritsiz gero, agindu zuten mendebaldeko CFA frankotik irtengo direla —Frantziak jaulkitzen du—, eta diru propioa sortuko dutela. Bart egindako agerraldian, ordea, ez du horrelakorik aipatu, eta atzerriko aliatuak lasaitu nahi izan ditu: «[Senegal] Herrialde lagunkoia eta aliatu seguru zein fidagarria izango da gurekin errespetuzko lankidetzan jarduten duen edozein bazkiderentzat».

Kanpainan egin zituzten beste zenbait proposamen ere ez ditu aipatu Fayek hitzaldian. Besteak beste, sistema presidentzialista «orekatzeko» asmoa azaldu zuen, horretarako presidenteorde kargua sortuta. Horrez gain, Batzorde Konstituzionala Auzitegi Konstituzionalarekin ordezkatzea, Europarekin dituen gas eta petrolio akordioak berrikustea eta Ecowas Afrika Mendebaldeko Estatuen Ekonomia Erkidegotik irtetea ere proposatu zuen. Azken horretaz baino ez du hitz egin, baina ez du esan Ecowasetik aterako direnik. Horren ordez, zenbait aldaketa egiteko eskatu die gainerako kideei.

Galtzaileentzat ere «garaipen»

Fayek Sall ere izan du mintzagai. Eskerrak eman dizkio «hauteskunde aske, demokratiko eta gardenak» bermatzeagtik. Herritarren nahia bozetan islatu ahal izan dela uste du Fayek. Konstituzioan ezarritako gehienezko agintaldia hamabi urtekoa da, eta Sallek gainditua du epe hori. Halere, saiatu egin zen agintaldia luzatzen, hauteskundeak atzeratuta. Horrek, ordea, istiluak eragin zituen, eta Batzorde Konstituzionalak ez zuen geroratzea onartu. Testuingu horretan, Sallek amnistia eman zien oposizioko kide Sonko eta Fayeri.

Bozetara Sallen ordezko gisa aurkeztu da Ba. Atzo, biek ala biek onartu zuten euren porrota, eta Faye zoriondu zuten. «Hauteskunde presidentzialetako emaitzen joera ikusita eta, izendapen ofizialen esperoan, Bassirou Diomaye Diakhar Faye presidentea zoriondu dut lehen itzulian lortutako garaipenagatik», jakinarazi zuen jarduneko lehen ministroak X sare sozialean. «Arrakasta» opa dio, «herri senegaldarrraren ongizaterako». Bozak galdu arren, Sallek «Senegalgo demokraziaren garaipentzat» jo ditu azken hauteskundeak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.