Goizean bere aholkulariekin egitekoa zuen bilera bertan behera utzi du Elizabeth II.a erreginak, eta handik gutxira jakin da medikuak kezkatuta daudela haren osasun egoeraz. Errege etxeak komunikatu batean jakinarazi duenez, «medikuen zaintzapean» egotea eta atseden hartzea aholkatu diote estatuburuari. Oharraren arabera, erregina «eroso» dago Balmoralgo jauregian, Eskozian, eta han ditu gertueneko senideak, baita Charles printzea ere.
70 urte daramatza agintean Elizabeth II.ak. Bera da Erresuma Batuko errege-erreginetan tronuari luzaroen eutsi diona. 1952ko otsailaren 6an bihurtu zen erregina; hain zuzen monarkek, gobernatu baino gehiago, jada rol sinbolikoagoak zituzten aroan. Baina bost kontinenteak kolonizatu zituen inperioko irudi nagusia izan da zazpi hamarkadatan baino gehiagoan.
Iazko urte amaieratik «mugikortasun arazoak»izan ditu Elizabeth II.ak, errege etxeak berak aitortu duenez. Hori dela eta, joan den asteartean lehen aldiz Balmoralen hartu zuen kargua lehen ministro berriak, Liz Trussek —normalean Buckinghamen egin ohi da argazkia—. Gobernuburuak berak kezka agertu du estatuburuaren osasun egoeraz: «Nire gogoa eta Erresuma Batuko herritarrena erreginarekin eta haren familiarekin dago orain».
Ez da ohikoa errege etxeak erreginari buruzko halako komunikatuak plazaratzea; hori dela eta, kezka zabaldu da bai Erresuma Batuan bertan, bai nazioartean. Elizabeth II.ak Charles printzearen esku utzi ditu bere eginbeharretako asko azken urteetan, eta joan den otsailean ere hizpide izan zen haren osasun egoera koronabirusean positibo eman ostean.