Amaitu da Erresuma Batuak izan duen erreinaldi luzeena, Elizabeth II.arena. Estatuburua atzo hil zen, 96 urte zituela, Balmoral gazteluan, Eskozian. Haren osasuna okertuz joan da azken urteetan, eta baziren hilabete batzuk Buckinghamgo errege etxeak jakinarazi zuela «mugikortasun arazoak» zituela. Hori dela eta, Liz Trussek Eskozian hartu zuen kargua, eta ez Londresen, ohi den bezala.
Buckingham jauregiak berak jakinarazia zuen Elizabeth II.aren osasun egoerak okerrera egin zuela azken orduetan, eta zaintzapean izateko aholkatu zutela medikuek. Berehala hasi ziren arratsaldean jauregira heltzen erreginaren senitartekoak, tartean Charles printzea bera. Erreginaren semeak 73 urte ditu, eta dagoeneko hartuak zituen Elizabeth II.arenak ziren zenbait ardura, haren osasun egoera makalduz joan ahala.
Charles III.ak gaur egingo du bere lehen agerraldia estatuburu gisara, eta jarraian Eskozia, Gales eta Ipar Irlandako gobernuburuekin bilduko da aurrez aurre, Londresera itzuli aurretik. Bihar jarriko diote koroa.
Ikusi gehiago:Tony Blair Erresuma Batuko gobernuburu ohia: «Gure nazioaren ama galdu dugu»
Elizabeth II.aren osasun egoeraz ohartarazi eta ordu gutxira eman zuen errege etxeak berak erreginaren heriotzaren berri. Erresuma Batuko nahiz Commonwealtheko banderak masta erdira jaitsi dituzte.
The Queen died peacefully at Balmoral this afternoon.
— The Royal Family (@RoyalFamily) September 8, 2022
The King and The Queen Consort will remain at Balmoral this evening and will return to London tomorrow. pic.twitter.com/VfxpXro22W
Berehala heldu dira mundu osoko agintariek erreakzioak ere. Hitza hartzen lehenengotarikoa izan da Truss bera. Downing Streeteko 10. zenbakiaren kanpoaldean egin duen agerraldian nabarmendu du «herrialdearen loraldia» ahalbidetu duela Elizabeth II.ak: «Bera zen Britainia Handia eraikitzea ahalbidetu zuen arroka. Hari esker, herrialde modernoa eta dinamikoa gara orain». Lehen ministroak baikor hitz egin du dagoeneko tronuan den Charles III.enari buruz ere, eta eskatu die herritarrei babes dezatela bere ardura lanetan.
Agintean urte gehien egin duen Erresuma Batuko erregina izan da Elizabeth, 70 urte. Honako hau da bere kargu ofiziala: Britainia Handiko eta Ipar Irlandako Erresuma Batuko eta beste erresuma eta lurraldeetako Elizabeth II.a erregina, Commonwealth burua eta fedearen babeslea. 1952ko otsailaren 6an bihurtu zen erregina; monarkek gobernatu baino gehiago, jada rol sinbolikoagoak zituzten aroan. Baina bost kontinenteak kolonizatu zituen inperioko irudi nagusia izan da 70 urteetan baino gehiagoan, eta hala gogoratuko da Erresuma Batuko historia garaikidea osatu duten gertakari anitzetan: inperioa desegin zuen deskolonizazio prozesuan —1950eko eta 1960ko hamarkadak—, Gerra Hotzean —1991 arte—, Ipar Irlandako gatazka armatuan (1969-1998), Europako Batasuneko sarreran (1973), Malvinetako gerran (1982), Galesko, Eskoziako eta Ipar Irlandako parlamentuen berrezarpenean (1997-1999), Irakeko inbasioan (2003), Eskoziaren independentzia erreferendumean (2014), Erresuma Batua EBtik atera duen brexit prozesuan 2020an...
Jurgi VI.a erregea hil zenean, bi alabetan zaharrenak hartu zuen tronua, Elizabeth Alexandra Mary Windsorrek, 25 urterekin. II. Mundu Gerraren ondorena zen. Gerra Hotzeko blokeak eratu berriak ziren, eta Potsdamgo konferentzian (1945) elkartu ziren hiru liderrak agintean zeuden oraindik: Winston Churchill Erresuma Batuko lehen ministro, Harry S. Truman AEBetako presidente eta Josiv Stalin Sobietar Batasuneko buruzagi. Elizabeth II.a erregina izan den bitartean nazioarteko panorama zenbat aldatu den ohartzeko lagin bat.
Elizabeth II.a monarkiaren itxura hobetzen saiatu da, eta, adibidez, horretarako erabaki zuen Ogasunari zergak ordaintzea, 1992an. Britainia Handiaren 300 urteko batasuna hausteko aukera haren erreinaldian sortu da, baina, hala ere, Eskoziako independentistek erabakia zuten monarkiari eustea. Irlandako errepublikanoak izan dira monarkiaren irudiari egiazki aurre egin dioten bakarrak, eta erreginari gatazkaren ondorioak hurbilera ailegatu zitzaizkion, IRAk lehengusua hil baitzion 1979an: Lord Mountbatten buruzagi militar ohia. Irlandako errepublikanoentzat, Erresuma Batuaren dominazioaren eta loialisten gehiegikerien irudia da Elizabeth II.a. Bereziki mingarria egin zitzaien Bloody Sunday sarraskia (1972) egin zuten militarrak saritu izana. Horregatik, mundu osoaren arreta bereganatu zuen 2014an Belfasten ateratako argazkiak: erregina eskua ematen Martin McGuinness Sinn Feineko buruari.
Atzerrian baino gehiago etxean izan ditu arazoak Elizabeth II.ak. Haren ospeak jaso zuen kolpe gogorrena izan zen duela mende laurden Diana Spencer Galesko printzesa auto istripuz hil zenean, Parisen.
Commonwealtheko buru
Erregina izateaz gain, Commonwealtheko burua ere izan da Elizabeth II.a. 53 estatu burujabe osatutako nazioarteko erakundea da Commonwealth, eta Britainiar Inperioari lotuko herrialdeak dira Mozambike ez beste guztiak. Herrialde horietatik hamabostetako erregina izan da Elizabeth II.a, Kanadakoa eta Australiakoa, besteak beste. Beste 36 errepublikak dira, eta bostek beste errege etxe batzuk dituzte.
Londresko Itunaren arabera, erakundeko burua hiltzen denean, haren oinordekoak ez du automatikoki haren tokia hartzen. Baina 2018an egindako biltzarrean Elizabeth II.ak mahai gainera atera zuen gaia, eta estatu kideak bat etorri ziren hura hiltzean Charles printzeak hartuko zuela haren tokia. Kargua bera sinbolikoa den arren, esanguratsua da inperioa izandakoaren batasuna irudikatzen duelako gaur oraindik.