Elisa Loncon maputxea hautatu dute Txilen biltzar konstituziogileko buru

Batzordea diktadura osteko lehen konstituzioa idazten hasi da. 2019ko protestetako presoen indultuaz eztabaidatu du, erabakirik hartu gabe

Elisa Loncon konstituziogile maputxea herenegun, batzordeko buru hautatua izan berritan. ELVIS GONZALEZ / EFE.
maddi iztueta olano
2021eko uztailaren 6a
00:00
Entzun
Joan den igandean egin zuten Txilen batzorde konstituziogileko burua hautatzeko ekitaldia, eta Elisa Loncon emakume indigena izendatu zuten biltzar horretako presidente. Lefweluan komunitate maputxean jaioa da Loncon, eta «Txile plurinazional, multikultural bat» defendatu zuen batzordeko buru izendatua izan ondoren.

Loncon Literaturan eta Humanitateetan doktorea da. Ingeles eta mapudungun —maputxeen hizkuntza— irakaslea da, ofizioz, Santiagoko Unibertsitatean, baina aktibismoarekin konprometituta egon da betidanik; urte luzez defendatu ditu komunitate indigenen eskubideak eta herrialdeko gutxiengo etnikoak. Hain zuzen, igandean eskuratutako kargua «herrialdea osatzen duten herri maputxeen, lehen nazioen eta nazio guztien artean bestelako harreman bat eraikitzeko aukera ezin hobea» dela azpimarratu zuen Lonconek.

Batzorde konstituziogilea eratzeko saio ofiziala Txileko Kongresuan egin zuten. Bigarren itzulian nagusitu zen Loncon, 58 botorekin, lehenengo itzulian inork ez baitzuen lortu behar adina babes. Hartaz gain, Jaime Bassa izendatu zuten 155 kidek osatutako batzordeko presidenteorde, eta ofizialki onartutako herri indigenek hamazazpi eserleku izango dituzte: zazpi maputxeek, bi aimarek, eta bana gainontzekoek —tairak, diaguitak, rapanuiak, kitxuak, kawasqar jetakteak eta changoak—. Txileko Batzorde Konstituziogileak idatziko duen konstituzio berriak orain artekoa ordezkatuko du, hau da, 1980an Augusto Pinochet diktadoreak indarrean jarritakoa.

2019an jaio zen konstituzio berri bat sortzeko ideia, Sebastian Piñera Txileko presidentearen gobernuaren aurkako mobilizazioak piztu zirenean. Estatuarentzat esparru juridiko berri bat sortzeko eskatu zuten herritarrek, eta azaroan egindako erreferendumean %78k eman zioten baiezkoa proposamenari. Orain, Txileko Batzorde Konstituziogileak hamabi hilabete izango ditu konstituzio bat idazteko —hiru hilabeteko luzapen tartearekin—, eta, gero, erreferendum bat egingo dute, herritarrek beren iritzia eman dezaten.

2019ko protestak bizirik

Iragan igandeko ekitaldiak zortzi ordu iraun zituen; izan ere, ordubeteko etenaldia egin behar izan zuten Kongresuaren kanpoaldean eta barruan piztutako protestengatik.

Ekitaldiaren harira, hainbat manifestazio antolatu zituzten Txileko herri mugimenduek, eta, martxa gehienak istilu handirik gabe amaitu ziren arren, iskanbilak egon ziren ekitaldia egiten ari zen eraikinaren inguruan.

Ekitaldiaren hasieran, 2019ko herri protestekin lotura duten konstituziogile batzuek saioa eten zuten «errepresiorik ez» oihukatuz, Poliziak Kongresuaren kanpoaldean manifestatzen ari ziren taldeen aurka izandako jarrera oldarkorra salatzeko. Kaleko giroa baretu ondoren, konstituziogileak eserlekuetara itzuli ziren, eta berriro ekin zioten ekitaldiari.

2019ko gertakizunak bizirik daude Txileko herritarren artean, batez ere atxilotu eta hil zituztenen etxeetan. Horregatik, 2019ko urriaren 18ko presoen indultua izan zen atzo batzordean eztabaidatutako lehen gaietako bat. Erabaki ofizialik hartu ez duten arren, Lonconek «ikusezin bilakatutako eta erreprimitutako» herri maputxearen eta 2019ko presoen askatasuna aldarrikatu, eta nabarmendu zuen konstituzioa idazteko prozesuan «estatu osoko herritar guztien parte hartzea» izan behar dela oinarri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.