Zaindariak bilurrak jarri behar dizkio presoari, baita ahorako maskara ere, listua bota edota kosk egin dezan saihesteko. Atxilotua aulkira kateatu eta 61 zentimetroko zunda nasogastrikoa urdaileraino sartu behar zaio sudurretik [...]. Hodia sabelera heldu dela egiaztatzeko, haizea emango zaio, baita 10 mililitroko ur dosia ere. Mantenugai likido osoa amaitzean, zundaketa kendu, eta urik gabeko ziega batean sartuko da presoa». Guantanamoko kartzelako zaindariek, medikuek eta erizainek erabili beharreko barne agiri baten pasarte txiki bat besterik ez da hori, baina hautsak harrotu ditu giza eskubideen defentsan lan egiten duten erakundeen artean.
Al-Jazeera telebista kateak argitaratu du dokumentu osoa: gose greba bati aurre egiteko, langileek zein soldaduek aplikatu beharreko prozedura zehazten duen protokoloa. Idazkiarekin batera azaleratu dena, ordea, askoz gehiago da. Agerian gelditu da, halaber, Guantanamon presoak torturatzen dituztela, oraindik ere. Soldaduek egin beharrean, ordea, mediku eta erizainen esku uzten da eginkizun hori. Izan ere, gose greban dagoen pertsona bat indarrez elikatzea tortura modu bat dela eta nazioarteko legeen kontra doala dio Nazio Batuen Erakundeak.
Besteak beste, zunda nasogastrikoa kentzen edo mozten saiatzen diren presoei baraila immobilizatzea ere aurreikusten du Guantanamoko ofizialen protokoloak, «presoen, erizainen edota zaindarien segurtasuna bermatzea baita helburu nagusia».
Derrigorrezko elikatze prozesua amaitzean, urik gabeko ziega batean giltzapetzen dituzte grebalariak, kartzelari baten zaintzapean, oka egin ez dezaten. Halakorik gertatzen bada, prozesu osoa errepikatzen dute, presoak elikagaia digeritzen duen arte. Bi orduz luza daiteke elikadura parenteraleko saio bakoitza. Bi orduko tortura amaigabea. Egunero-egunero. Presoek gose greba «boluntarioki» utzi, edo gutxieneko pisua berreskuratzen ez duten bitartean.
Orain arte, gose greban dauden presoak tratatzeko modua gehien zehazten duen dokumentua da azaleratu berri dena. 2013ko martxoaren 5ean idatzi zela adierazten da goiburuan, eta, oinarria 2003ko zein 2005eko protokoloetan duen arren, egungo egoerara moldatua dago testua, Guantanamoko presoek iragan otsailean abiarazi zituzten gose greba masiboei nola aurre egin azaltzen baita bertan.
Hain zuzen, prozedura eta presoekiko tratua gogortu izana justifikatzen dute AEBek, agiriaren hitzaurrean: «Gerrak aurrera egin ahala gudu zelaiko taktikak aldatzen diren bezalaxe, gose greban dauden Guantanamoko presoen kasuan eman beharreko erantzuna ere garaietara egokitu behar dugu».
2005etik aurrera, presoen gose grebak «etengabeak» izan direla onartzen dute Guantanamoko armadako arduradunek. «Ordutik, grebak bukaerara eramateko erabakitasun handia agertu dute zenbait presok, eta horien ahultasun fisikoak mugatu egin ditu kartzelako agintaritzaren esku-hartze aukerak».
Hori dela eta, jardunbide berriak arautu ditu AEBetako armadak. Sotilak, batzuk; indarkerian oinarrituak, gehientsuenak. Hasteko eta behin, presoak sakabanatzea «oinarrizkotzat» jotzen da agirian: «Gose greba masibo bati aurre egiteko, grebalariak banakako ziegetan bakartzea ezinbestekoa da, batzuk besteei elkartasuna adierazi ez diezaieten». Protokoloari jarraikiz, ehun preso sakabanatu eta bakartzeziegetan sartu zituzten kartzelako zaindariek apirilaren 13an.
Baina grebalariak segurtasun-aulkira kateatzea aurreikusten duena da zeresan gehien eman duen neurria. Pentagonoko bozeramaile Todd Breassesale teniente koronelaren esanetan, AEBetako Presondegi Bulego Federalaren jarraibideak bete besterik ez dute egiten Guantanamoko ofizialek, baina kontrakoa uste dute Amnesty International eta Human Rights Watch giza eskubideen aldeko erakundeek.
AEBetan bertan ere, kontra azaldu dira hainbat elkarte eta gizarte eragile. The Constitution Project ikerketa zentroko kide Jim Moranek, adibidez, Guantanamoko presoek jasaten duten tratu txarra salatu zuen Washingtongo kongresuko kideen aurrean. «Beste kartzela batzuetan ere, gose grebei aurre egin behar izaten diete, baina ez dute horren neurri behartzailerik erabiltzen», adierazi zuen Moranek.
Amerikako Medikuen Elkarteak ere kezka azaldu du berriki, nahitaezko elikatzeak «mediku lanbidearen balio etiko oinarrizkoenak urratzen dituelako». Elkarte horretako presidente Jeremy Lazarusek eskutitza igorri zion iragan hilabetean Chuck Hagel AEBetako Defentsa idazkariari, eta bertan, Guantanamoko elikatze politika bertan behera utz zezan eskatu zion: «Paziente burujabe guztiek eskubidea dute tratamendu medikoari uko egiteko, baita euren bizitza jokoan dagoenean ere. Ondorioak ezagututa, elikatzeari uzteko erabakia hartzen duten presoak ezin ditugu horretara behartu».
Medikuak militarren menpe
Berman Bioetika Institutuko abokatu Leonard Rubensteinek «oso larritzat» jo du Guantanamoko protokoloa; batez ere, medikuen irizpide profesionala militarren erabakien menpe gelditzen delako. «Mediku eta erizainek ezin dute modu independentean jokatu. Segurtasun aparatuaren zerbitzura daude», adierazi du, Al-Jazeera telebista katean egindako elkarrizketa batean. Zehazki, agiriak dio «harreman estua» izan behar dutela osasun langileek eta Guantanamoko ofizialek.
Rubensteinen esanetan, «beldurgarria da medikuak militarren esanetara egotea», protokoloak «mediku eta erizainen irizpide klinikoa deuseztatzen baitu». Militarrak dira izan nahitaezko elikatze prozesua jasan behar duten pazienteak aukeratzen dituztenak ere. Guantanamoko komandante nagusi John Smithek du azken erabakia alor horretan, eta berak esaten du nori jarri behar zaion zunda nasogastrikoa.
Guantanamoko kartzela berezian 166 preso daude gaur egun. Horietatik, 100 bat daude gose greban Pentagonoaren arabera, baina atxilotuen abokatuen eta gobernuz kanpoko erakundeen ustez, gehiago dira.
Elikatu ere, indarrez
Guantanamoko kartzelan, gose greba masiboei aurre egiteko aplikatzen den prozedura berezia argitara atera da, eta agerian utzi du presoek jasaten duten bortizkeria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu