Elikagaien krisiari aurre egiteko berehalako neurriak eskatu ditu Ban Ki-moonek

Elikagaien prezioen igoera dela eta, diru laguntzak handitzeko eskatu diote hainbat herrialdek NDFri

2008ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Epe motzean elikagaien krisiari aurre egiteko, berehalako neurriak eskatu ditu Ban Ki-moon NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak. Neurri horiek modu bateratuan hartu behar direla gaineratu du, egungo krisiak munduko 100 milioi lagun ingururi eragingo diela gogorarazi ondoren. Nekazaritza ekoizpena handitu behar dela eta, Afrikan «iraultza berdea» egitea proposatu du, gainera. Uzta hobetzeko xedez, haziak genetikoki moldatzearen alde agertu da, hala, Ban Ki-moon.

Bestalde, krisiari aurre egiteko MEP Munduko Elikadura Programak hainbat programetara 483 milioi euroko diru laguntza bideratuko duela jakinarazi du. Ban Ki-moonek, aitzitik, laguntza banatzeko bitartekoak hobetu beharra nabarmendu du. Aipatu neurri horien guztien gainean eztabaidatuko dute, hain zuzen, datorren astelehenean hasiko duten Suitzako biltzarrean. Han parte hartuko dute elikadura bermatzeko lanean diharduten NBEko taldeek.

Josette Sheeran MEPeko zuzendariak, munduko elikagaien erretserbak azken 30 urteetako maila baxuenean daudela ohartarazi du.Zenbait herrialdetan egoera are eta okerragoa da: azken 60 urteetako maila txikienean daude. Krisiak eraginda janari eskasia jasaten duten milioika lagun ere aipatu ditu Sheeranek: «Gosearen aurpegi berriak dira. Orain sei hilabete ez bezala, orain larrialdi egoeran daude».



BIOERREGAIAK. Elikagaien prezioen igoera dela eta, hainbat herrialdek laguntza eskatu diote NDF Nazioarteko Diru Funtsari. Masood Ahmed erakunde horretako eledunak azaldu duenez, dagoeneko martxan dauden mekanismoen bidez herrialde horiei baliabide gehiago eskura jarri behar dizkien da NDFk orain eztabaidatu behar duena. Diru laguntza handitu ala ez oraindik erabaki ez badute ere, gaia premiazkotzat jotzen dutela, eta laster erantzungo dietela adierazi du Ahmedek. NDFrekin negoziazio lanetan daude, besteak beste, Mali, Kamerun eta Madagaskar. Eskaera egin dute herrialdeen artean gehienak afrikarrak dira.

Halaber, hainbat herrialdek elikagaien esportazioari jartzen dizkioten mugak bertan behera uzteko eskatu du NDFk. «Kide diren herrialde esportatzaileei munduko merkatuetan nahasmendua eragiteari utz diezaioten eskatzen diegu, besteak beste, esportazioen gaineko murrizketekin», adierazi du Ahmedek. Argentinak, Txinak eta Vietnamek, besteak beste, halako murrizketak dituzte indarrean.

Bestalde, The Lancet Erresuma Batuko medikuntzari buruzko aldizkariak argitara eman duenez, klima aldaketa, nekazaritzara bideratzen diren diru laguntzak, eta batez ere, erregai biologikorako laborantzak dira elikagaien krisia eragin duten faktore garrantzitsuenak. Hain zuzen, laboreen prezioen igoerari aurre egiteko auzi horiei heltzeko eskatu die gobernuei. AEB Ameriketako Estatu Batuetako ibilgailuek kontsumitzen duten artoak 82 herrialdeetako inportazio beharrak asetuko lituzke, The Lancet aldizkariko editorialaren arabera.

Alabaina, AEBetan erekrisiaren ondorioak nabarmenak dira dagoeneko. Wal-Mart eta Costco supermerkatu kateek hainbat produkturen gaineko salmentetan murrizketak agindu dituzte, besteak beste, arrozaren gainean. Wal-Marten Sam´s Club supermerkatuan bazkideei baino ez diete saltzen arroza eta kopuru txikietan bakarrik. Costcon ere, labore hori eskuratzeko bazkide izan behar dute. Neurri horiek prebentziozkoak direla adierazi dute.

Gaurtik aurrera, supermerkatu horietan ezingo dira aldiko inportatutako bederatzi kiloko lau poltsa arroz baino gehiago erosi. Beste zenbait tokitan eguneko bi poltsatik gora erosteko debekua jarri dute indarrean.



Bi urteko epean malariari aurre egiteko nahia adierazi du NBEk

erredakzioa

Malariari behingoz aurre egiteko muga jarri du Ban Ki-moon NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak: 2010. urtea. Ordurako malariak heriotza bat bera ere ez duela eragingo espero du. Egungo datuak, ordea, helburu horretatik urrun daude. Urteko milioi bat lagun hiltzen dira gaixotasun horrek jota, guztietatik %90 Afrikan. Hala, malariaren aurkako nazioarteko egunaren haritik, guztientzako osasun zerbitzua bermatzea eskatu zuen atzo Ban Ki-moonek.

«Azken urteetan Afrikako hainbat herrialdek malariaren aurkako urrats garrantzitsuak egin dituzte, baina gehienak desagerrarazteko urrun daude», adierazi du idazkari nagusiak. Munduko 107 herrialdetan malaria endemikoa da, nahiz eta aurre egiteko bideak egon badauden. Gaixotzeko aukera handienak dituztenak haurrak eta haurdunaldian dauden emakumeak dira. Munduan hildako bost aurretatik batek malariagatik galdu du bizitza.

«Garapenerako Milurteko Helburuak lortze aldera urratsak egiten ditugun heinean, etsituki malariarekin amaitzeko neurriak indartu behar ditugu», azaldu du Ban Ki-moonek. 2015erako pobrezia erdira jaistea eta, besteak beste, malariari aurre egitea jasotzen ditu, besteak beste, Garapenerako Milurteko Helburuek.



EPEAK. Malaria 2010erako kontrolpean izango dela uste du, eta horretarako martxan jarri beharreko neurrien artean honako hauek aipatu ditu: herritarren arteanintsektizidarekiko blaitutako eltxoen sareak banatzea, diagnostikoak eta tratamenduak egiteko osasun zentro publikoak ugaritzea eta haurdun dauden emakumeei noizbehinkako prebentzio tratamenduak ezartzea.

Ray Chambers malariaren aurkako NBEko ordezkari bereziaren arabera, Afrikako Saharatik hegoaldera 600 milioi pertsona inguru kutsatu daitezke. Malariak kostu altuak eragiten dituela gaineratu du, bereziki, ekoizpenean eta enpleguan eragiten dituen kalteengatik. «977 egun baino ez zaizkigu geratzen 2010eko abenduaren 31 arte, eta azkar mugitu behar gara. Orain baditugu helburu hori lortzeko baliabideak, ezagutza, baita nire ustez, asmo irmoa ere», adierazi du Chambersek.

Bere aldetik, OME Osasunerako Mundu Erakundeko zuzendari Margaret Chanek adierazi du malaria gaixotasun zaila dela, eta baliabide asko behar direla horri aurre egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.