Elikagaien krisiaren arazoari heltzeko eskatu dute hainbat adituk

Gutun ireki bat plazaratu dute 150 bat intelektualek, eta ikerkuntzan eta teknologian «ahalegin handiagoa» egitea galdegin. Aurreikusten dute neurririk hartu ezean «hondamendia» etorriko dela 25 urteko epean.

Nekazari batzuk produktuak saltzen azoka batean, Pakistanen. REHAN KHAN / EFE
Nekazari batzuk produktuak saltzen azoka batean, Pakistanen. REHAN KHAN / EFE
gotzon hermosilla
2025eko urtarrilaren 14a
10:30
Entzun

153 aditu eta intelektualek gutun ireki bat plazaratu dute, elikagaien krisiaren arriskuez ohartarazi eta ikerkuntzan eta teknologian «ahalegin handiagoa» egiteko eskatzeko. Haien iritziz, klima larrialdiak, gerren eta gatazken ugaltzeak eta merkatuaren presioak «segurtasun eta egonkortasun gutxiagoko mundu bat» ekar dezakete, eta «hondamendia» aurreikusten dute 25 urteko epean, neurrik hartzen ez bada.

Gutuna sinatu dutenak Nobel saridunak dira, edo Elikaduraren Nazioarteko Saria irabazitakoak. Izan ere, azken sari hori ematen duen fundazioak sustatu du gutuna, eta 2024ko irabazleak, Cary Fowlerrek, koordinatu ditu sinadurak biltzeko ahaleginak. Robert Woodrow Wilson fisikariak, Jennifer Doudna kimikariak, Joseph E. Stiglitz ekonomialariak, Literaturako Nobel saria irabazitako Wole Soyinka idazleak eta beste zenbaitek bat egin dute agiriarekin.

Sinatzaileen arabera, elikagaien eskaintzaren eta eskaeraren arteko aldea murrizteko beharrezkoa da ikerketa lehenestea. Zenbait helburu ere ezarri dituzte: adibidez, gariaren eta arrozaren fotosintesia hobetzea, ongarririk gabe hazteko gauza diren laboreak sortzea, muturreko klima egoeretara egokitzeko gauza diren laboreak garatzea, elikagaiak alferrik ez galtzea, mikroorganismoak eta onddoak erabiltzea elikagaiak sortzeko, eta abar.

Kontrako bidean

Ikertu beharreko arloak eta hartu beharko liratekeen neurriak identifikatu dituzte agirian, baina badirudi munduaren bilakaera kontrako bidean doala. Fowlerrek azaldu duenez, gaur egun 700 milioi lagun daude goseteak jota, eta kalkulatzen da munduan 1,5 mila milioi lagun gehiago egongo direla 2050. urtean. Hurrengo hamarkadetan elikagaien produkzioa %50tik %70era handitzea eskatuko luke horrek, baina errealitatea da arrozaren eta gariaren ekoizpena geldiune batean dagoela, eta murriztu ere egin dela munduko zenbait lekutan.

Esaterako, Afrikan biztanleria handitzen ari da, baina adituek aurreikusten dute artoaren ekoizpenak atzera egingo duela datozen urteetan. Hainbat faktorek eragiten dute produktibitatea murriztea: lurren higadurak, lurzoruaren degradazioak, ur eskasiak, bioaniztasuna murrizteak, eta nekazaritzaren berrikuntza oztopatzen duten gatazkek eta politikek.

«Egungo norabidea aldatzeko egin behar ditugu gure ahaleginik handienak», esan du Fowlerrek. «Osterantzean, gaurko krisia biharko hondamendia izango da».

AEBetako Senatuaren Nekazaritza, Basogintza eta Nutrizio Batzordeak eztabaida egingo du gutunaren edukiaren inguruan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.