Joan den urteko martxoan ezarritako salbuespen egoera beste 30 egunez luzatzea onartu zuen atzo gauean El Salvadorko Parlamentuak, indarkeriari aurre egiteko asmoz. Gisa horretara, Erdialdeko Amerikako herrialde horretako gobernuak, Nayib Bukele presidentea buru duela, hamahirugarrenez luzatu du salbuespen neurri hori. Legeak aldeko 67 boto izan ditu 84 parlamentarietatik, Asanblea Legegileak ohar batean adierazi duenez, eta azpimarratu du neurriak bide emango diela agintariei «bandak desegiteko, eta herrialdean bakea eta segurtasuna berrezartzeko».
Salbuespen egoera indarrean dagoen bitartean, gobernuak ahalmena du herritarren zenbait askatasun eta berme indargabetzeko, eta, horien ordez, udalerrietan militarrak eta poliziak hedatzeko. Hain zuzen ere, neurri horrek aukera ematen du herrialde osoan biltzeko eskubidea indargabetzeko, lehen atxiloaldiaren iraupena 72 ordutik hamabost egunera luzatzeko, eta defentsarako eskubidea ezabatzeko, besteak beste.
Horiek horrela, Nazio Batuen Erakundeak, Human Rights Watchek edota Amnesty Internationalek behin eta berriz kezka azaldu dute, 2022ko martxoaren 27an salbuespen egoera ezarri zenetik giza eskubideen aurka egindako urraketak «larriak» direla eta. Era berean, oposizioko Vamos alderdiko diputatu Claudia Ortizek salatu du «pertsona errugabeak» atxilotu dituztela salbuespen erregimena dagoen honetan, eta horiek askatzeko exijitu du.
Guztiz bestelako iritzia dute, ordea, El Salvadorko agintariek. Ernesto Castro Asanblea Legegileko presidenteak nabarmendu duenez, Bukelek proposatutako neurriari esker, estatuak gaitasuna izango du «garai ilunak» gainditzeko. «Heriotzaren eta minaren aroa amaitu dezakegu. Herriak konfiantza izan behar du gobernuan, eta Segurtasun Ministerioari behar dituen tresna guztiak emango dizkiogu delinkuentziari aurre egiteko», adierazi du Castrok.
Horrekin lotuta, Gustavo Villatoro Justizia eta Segurtasun Publikoko ministroak baieztatu duenez, «salbuespen erregimenak herrialdea eraldatzeko bidea erraztu du». Hain zuzen, gutxienez 67.000 bandakide atxilotu dituzte iazko martxoan salbuespen egoera indarrean ezarri zutenetik. Era berean, Polizia Nazional Zibileko zuzendari Mauricio Arriazak esan du «egitura kriminalen» %70 baino gehiago «jo» dituztela. «Neurri horrekin jarraitu behar dugu, herritarrei segurtasuna emateko, eta haien bizitza eta ondasunak babesteko».
Hilketa tasa, 37,16
El Salvadorko datu ofizialen arabera, herrialdeko indarkeria tasa «izugarri apaldu» da azken urteotan. Bukelek bere agintaldia 2019ko ekainean hasi zuenean, hilketa tasa 100.000 biztanleko 37,16koa zen; 2022rako, ordea, 7,8ra jaitsi zen. Are, gobernuaren arabera, apirilaren 6tik 10era bitartean ez zen hilketarik egon El Salvadorren.
Hain zuzen ere, El Salvadorko Unibertsitateko Gizarte Zientzietako doktore Oscar Martinez Peñatek Errusiako Sputnik hedabideari esan dionez, herrialdeak bere subiranotasuna nola berreskuratu duen erakutsi dute emaitza horiek. «Orain ez dugu jasotzen AEB Ameriketako Estatu Batuen edota Europako Batasunaren agindurik, ezta nazioarteko finantza erakundeen edota nazioz gaindiko enpresenak ere».
Herrialdeko indarkeria tasa «apalaren» ondorioz, Peñatek adierazi du aurrerapausoak eman direla arlo ekonomikoan eta sozialean. Gainera, atzerrian dauden salvadortarren itzulera areagotuko dela ere nabarmendu du. «Gogora dezagun badirela gatazka armatuengatik emigratu zuten salvadortarrak. Egoera hain da konplexua, ezen munduko hiru milioi herrikide inguru baititugu; besteak beste, AEBetan, Kanadan, Italian eta Australian. Orain, ordea, 20 eta 30 urte bitarteko herritarrak beren herrialdera itzultzen hasi dira, beldur direlako».