EL SALVADOR. PRESIDENTETZARAKO HAUTESKUNDEAK. Hauteskundeetan, gerra zikina

Inkesten arabera, Mauricio Funes FMLNren hautagaiak irabaziko ditu El Salvadorko presidentetzarako hauteskundeak

San Salvador
2009ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
Ez da Amerikako erdialdean Washingtonek duen esku-hartzearen adibide bakarra, baina El Salvadorren beste herrialdeetan baino argiago ikus liteke AEBen eragina. Heriotza eskuadroien aparatu izandako Aliantza Errepublikano Nazionalistak (Arena), gobernuan den eskuineko alderdiak, Ameriketako Estatu Batuen babesa du. Eta gerrako gehiegikerien erantzule nagusiek agintean jarraitzen dutela jakinda ere, El Salvadorko estatu militarizatua sostengatu dute. 1980tik 1992rako gerra zibilean, 80.000 lagun inguru hil ziren.

Hala ere, Amerikako herrialderik txikiena, El Salvador, prest dago kontinenteko eremu progresista handitzeko, historiaren norabidea aldatuta. Izan ere, Amerikako erdialdeko herrialde horretan, diktadura militarrak izan dituzte 60 urtez, 12 urteko gerra izan dute, eta, azken 20 urteetan,Arenak bultzatuta, politika neoliberalak jarri dituzte martxan. Orain, eskuin-muturraagintetik bota eta gobernu ezkertiarra eratzeko aukera du FMLNk, Nazio Askapenerako Farabundo Marti Fronteak. Gaur dituzte egitekoak presidentetzarako bozak; aldatu edo orain artekoari segida eman erabaki beharko dute 4,2 milioi boto-emailek.

Beldurraren kanpaina

Mauricio Funes FMLNko hautagaia da faborito inkestetan; 17,6 puntuko aldea aterako lioke aurkariari, Arenako Rodrigo Avilari. Azken egunetan, argitara emandako beste hainbat inkesten arabera, aldiz, Avilak irabaziko luke, alde txikiarekin bada ere. Hala ere, 1989tik lehenengoz, bozetan atzean geratzeko aukera du eskuinak; horregatik egin du hain kanpaina gogorra, propaganda eta indarra baliatuta.

Hilaren 7an amaitu zen hauteskunde kanpaina. FMLNk ehunka milaka jarraitzailerekin egin zuen San Salvador hiriburuan. Ekitaldi horretan, 30.000 bat lagunek «herri batua ez da inoiz garaitua izango» edo «badator aldaketa» oihukatuz eman ziotensostengua Funes kazetariari.

Iragan urtarrilaren 18ko udal eta Parlamenturako hauteskundeen ondotik, lehen indar politikoa bihurtu da FMLN. Hala adierazi du Funesek, Legebiltzarrean eserleku gehienak eta ehun udal eskuratu zituztela gogorarazita. Eta, horregatik, eskuinaren maniobrei aurre egiteko, ezkertiar guztien botoa eskatu du.

Arenak, berriz, boto-emaileen artean beldurra zabaltzeko ahalegina egin du. Eta, nazioartean,FMLNren aurkako giroa sortu du, hauteskundeak hark irabaziko balitu, garaipenari zilegitasuna kentzeko. Komunismora eta terrorismora jarritako alderdi gisa aurkeztu du Avilak ezkerra.FARC Indar Armatu Iraultzaile Kolonbiarrekin harremanetan egotea ere leporatu dio, baita Venezuela bolivarianoarekin eta Kubarekin erlazio estuak izatea ere.

Gerra zikinaren kanpaina horretan, hain zuzen, erakunde progresistetako dozenaka militante hil dituzte azken hamarkadetan, izan talde erlijiosoetakoak, izan sindikalistak edo izan FMLNkoak.

Hauteskunde iruzurra

Alderdikide baten segurtasun enpresa baliatuz Arenak nortasun agiriak faltsutzen zituela atera zen argitara orain gutxi. Ez da sekretua, hortaz, El Salvadorko eskuinak hauteskunde errolda puzten duela, eta nikaraguarrei ehun eta 200 dolar artean ematen dizkietela Rodrigo Avilaren alde botoa eman dezaten.

Horrek guztiak sortutako egoera arriskutsutzat jo dute Ameriketako Estatu Batuetako hainbat pertsona ezagunek, eta kezka agertu dute euren gobernuak hauteskundeetan esku hartu eta FMLNren garaipena zapuztuko duen. AEBetako Kongresuko 30 kidek, horregatik, gutuna bidali zioten Barack Obama presidenteari, neutral joka dezan eskatzeko. 2004ko bozen harira hainbat politikarik egindako mehatxua gogorarazi diote gutun horretan: FMLNk irabazten bazuen, etorkin salvadortarrei euren jaioterrira dirua bidaltzen ez zietela utziko ohartarazi zuten.

Baina El Salvadorko gerrilla izandakoaren -FMLN- aurkako gerra zikinean edozein amarruk balio du. Atzerriko aliatuen babesa izan du horretan ere: besteak beste, Edmundo Jarquin sandinista ohiarena. Nikaraguako 2006ko bozetan Fronte Sandinistaren aurka lehiatu zen hori, eta El Salvadorren, gogor egin du Funesen aurka, eta Funesen alderdia diktatoriala dela salatu.



689

Hildakoak. Antonio Saca El Salvadorko presidentea beldur da indarkeriaren datuak «estatistika hotz» bihurtuko diren. Zenbakiei bakarrik erreparatuta, ordea, egoerak benetan larria dirudi: urtarrila eta otsaila bitartean, 689 hil zituzten. Sacak presidentetza hartu zuenetik izandako daturik beltzena da hori, eta azken hilabeteetako joera ikusita, aurtengoak marka guztiak hautsiko dituen itxura du. Egunean, hamabi bat lagun hiltzen dituzte, batez beste; urtean, 4.000 inguru. Eta aurten zifra hori handituko dela diote estatistikek: 4.500 izango dira. Hortaz, indarkeria zabalduta dagoen herrialdeen zerrendan lehen postuan jarraituko du El Salvadorrek.



FMLN, diktadura militarraren garaitik gaur arteko ibilbidea

Bost gerrilla batuta sortu zen FMLN Nazio Askapenerako Farabundo Marti Frontea, 1980an: Alderdi Komunistak, Askapen Herri Indarrek, Herriaren Armada Iraultzaileak, Erresistentzia Nazionalak eta Amerikako Erdialdeko Langileen Alderdi Iraultzaileak. AEBek babestutako diktadura militarraren aurka borrokatzen zuten orduan. Gerra gogortzeak eta AEBek euren esku-hartzea handitzeak indarrak batzeko prozesua azkartu zuten. Eta, 1985eko maiatza eta ekaina bitartean, beste urrats bat egin zuen FMLNk. Alderdi bat eratzeko bideari ekin zion. Eta, 1992ko urtarrilaren 16an sinatutako bake akordioei esker, FMLN legezko bihurtu zen. 1994an, lehenengo aldiz aurkeztu zen hauteskundeetara.



17

AEBetako salvadortarren ekonomia. Barne Produktu Gordinaren %17 osatzen du AEBetan bizi diren salvadortarrek jaioterrira bidalitako diruak. El Salvadorrek AEBekiko duen menpekotasun ekonomikoaren adibide bat baino ez da hori. 2,5 milioi salvadortar bizi dira han.



El Salvador, 'pandilleroek' menderatutako lurraldea

Baten batek El Salvadorren agintzen badu, Salvatrucha edo 18 mara dira. Gaizkile talde horiek Los Angelesen (Kalifornia, AEB) sortu zituzten, gerra zibiletik ihes eginda heldu ziren salvadortarrek. Krimenengatik, estraditatu egin zituzten pandilleroak, eta jaioterrian ongi antolatutako sarea dute egun.



Presidentegaien soslaiak

Mauricio Funes

Politikari bilakatutako kazetaria

Duela lau urteko kontua da, gutxi gorabehera; 2005eko martxoaren 5ekoa. Laffitte Fernandez, orduan El Diario de Hoy egunkari salvadortarreko erredakzioko burua, Mauricio Funes kazetaria (San Salvador, 1959ko urriaren 18a) ari zen elkarrizketatzen:

-Eta eskainiko balizute?

-Orain etorriko balitzaizkit esanez, «alkatetzaren baterako edo diputatu izateko hautagaitzat nahi zaitugu», ezetz erantzungo nieke. Kazetaritzarekin nago tematuta. Proiektu bat dut esku artean.

Antonio Safie Canal 21 telebista kateko presidentearekin biltzetik zetorren Funes. Programazioko ordubete erostea proposatu berri zion, azken 14 urtean gidatu zuen elkarrizketa programa berriz ere abian jartzeko. «Enpresari demokratiko baten bila nabil, irabazien aldekoa ez ezik, kazetaritza onaren aldeko apustua ere egiten duen baten bila. Telebistako denbora erosi nahi diot. Horrek bakarrik bermatuko lidake independentzia».

Entzute handiko kazetaria zen, artean. Sari ugari jaso zituen, garrantzitsuena, akaso, Columbiako Unibertsitateak (New York, Ameriketako Estatu Batuak) emandako Mari Moors Cabot Nazioarteko Kazetaritza saria. Ibilbide luzeko profesionala zen, gainera. 1986an heldu zion lanbideari, Tele 10 kate publikoko informatiboetako berriemaile gisa. Ondoren, 1987tik 1991ra Al dia programa gidatu zuen. Lau urte haietan, Legebiltzarra izan zen bere informazio iturria. Urtebetez utzi zuen kazetaritza, UCA Amerika erdialdeko Unibertsitatean ikus-entzunetako saila martxan jartzeko. Eta 1992an itzuli zen, Eguneko elkarrizketa izeneko tartearekin, Canal 12ra. Bost urteren buruan, informatiboetako burua zen.

Handik, etengabe kritikatu zuen agintean zegoen alderdia, Arena Aliantza Errepublikar Nazionalista. 2001ean, esaterako, lurrikaren kalteei aurre egiteko nazioarteko laguntza patrikaratzea leporatu zion Gobernuari. Gisa horretako beste hainbat adierazpenen harira, enpresatik kaleratu zuten 2005eko otsailaren 19an. Lanik gabe zegoen, beraz, Fernandezek elkarrizketa egin zionean. Politikagintzari ekingo zion zurrumurrua ere bazebilen, aurreko urtean bezala. 2004ko presidentetzarako bozetarako FMLN Nazio Askapenerako Farabundo Marti Frontearen hautagai izango zela esan zuten. Schafik Handal gerrilla izandakoaren buruzagi historikoa aurkeztu zen, ordea, azkenean. Eta 2005ean hasia zen jendea berriz ere espekulatzen. «Egun ez dut inolako programa politikorekin bat egiten. Baina ez naiz 'inoiz ez dut halakorik egingo' diotenetakoa. Baldintzak aldatuko balira, akaso...», erantzun zion El Diario de Hoy-ko erredakzioburuari. 2007koazaroaren 11n biharko bozetarako hautagaitzat aurkeztu zuten FMLNko kideek, gerrillaren azken erasoaren 18. urteurrenean. LEIRE VENTAS

Rodrigo Avila

Polizia bat presidentetzarako

Mahaian emaztearen eta hiru alaben argazkiak jarri, eta bulegoa atondutzat eman zuen. Eskuratu berria zuen Rodrigo Avilak (Santa Tecla, El Salvador, 1964ko ekainaren 25a) Segurtasun Publikoko ministrordetza, eta langela argitsua eman zioten Gobernuaren egoitzako zazpigarren solairuan. Asmo onak zituen karguan egongo zen hilabeteetarako -2004ko ekainetik 2005eko abendura-. «Indarrak batuko ditugu krimena amaitzeko. Epaileei kontzientzia harraraziko diegu, pandilleroenkontrako legeak aplika ditzaten», adierazi zuen ministrorde gisa emandako lehen prentsaurrekoan. Super mano dura-z ari zen, antolatutako talde kriminalei aurre egiteko Antonio Saca presidentearen ekimenaz. Aurreko gobernuburuak, Francisco Floresek, 2003an martxan jarri zuen politikaren bigarren fasea zen. Soldaduak kaleak patruilatzeko baliatzea eta hilketak ikertzeko polizia unitate bereziak eratzea zekarren, besteak beste. Planak emaitza onak edukiko zituela uste zuen Avilak, bazuen-eta nahikoa eskarmentu polizia kontuetan. Formazioz, industri ingeniaria izan eta olio enpresa multinazionaletan lanean jardun bada ere, segurtasun publikoaren arloan egin du karrera.

PNC Polizia Zibil Nazionaleko zuzendariordea izan zen 1993tik 1994ra. Eta zuzendaria ondoren, 1999ra arte. Bake Akordioekin batera sortu zen erakunde hori, 1992an, ordura arte soldaduenak ziren zenbait lanetarako. Kargurako beharrezko abileziak eskuratze aldera, AEB Ameriketako Estatu Batuetara joan zen. Han egin zituen ikasketak, FBI Ikerketa Bulego Federaleko akademian. Legebiltzarkide izan zen garaian ere -2000 eta 2003 urteen artean-, hobekien ezagutzen zuen arloan aritu zen: Segurtasun Publikoaren, Defentsaren eta DrogaTrafikoaren kontrako batzordeetako burua izan zen. Bestalde, behin baino gehiagotan kontatu duenaren arabera, gaztetan, Defentsa Zibiletako kide izan zen. Hamabi urtean egon zen indarrean talde paramilitar hori, gerra zibilak iraun zuen artean.

Esku super-gogorrak, ordea, ez ditu espero ziren fruituak eman. Sacak ez du lortu El Salvador «herrialde ziurra» bihurtzea, presidentetzarako kanpainan iragarri eta agintaldian behin eta berriz errepikatu duen moduan. Egunean, 7 lagunetik gora hiltzen zituzten 2003an, batez beste. Eta Sacak Gobernuaren gidaritzari heltzearekin batera, etengabe igo da zifra beltza: 8,29 izan ziren 2004an; 2005ean, 11; 2006an eta 2007an, 13; iaz bakarrik egin zuen behera: 11 hilketa izan ziren egunean. Bere nagusiak bezala, Avilak ez du porrotaren ardura bere gain hartu. «Oker larria daerrua Exekutiboari edo Poliziari leporatzea», esan zuen Arenak hautagaitzat aurkeztu berri zuela, El Faro hedabide digitalari emandako elkarrizketan, iazko martxoan. Asmo on mordoa baino ez zuen ahotan. L. V.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.