Francisco Valencia. El Salvadorko 'Co Latino' egunkariko zuzendaria

«El Salvador inoizko ataka zailenean jarri du Bukelek bake ituna sinatu zenetik»

Kazetariarentzat, oso larria izan zen Bukele presidenteak parlamentuan militarrak sartu izana: «El Salvador oso egoera nekezean dago, eta presidenteak ondorio latzak eragin zitzakeen krisi baten atarian jarri du herrialdea». Polarizazio handia dagoela dio.

BERRIA.
Kristina Berasain Tristan.
2020ko otsailaren 21a
00:00
Entzun
Oscar Arnulfo Romero, Ernesto Guevara Che eta Agustin Farabundo Martiren irudiak ditu bulegoko apaletan. Francisco Valenciak (Santa Tecla, El Salvador, 1960), Co Latino egunkariko zuzendariak, «arrazoi iraultzaileengatik» ikasi zuen kazetaritza: «Ezin diot iraultzailea izateari utzi. Sozialismoa gizateriarentzako irtenbidea dela pentsatzen dut. Horregatik naiz gerrillari. Hamabi urteko gerran armekin aldarrikatu genuen hori, eta orain, hitzekin aldarrikatzen dut».

PRTC Erdialdeko Amerikako Langileen Alderdi Iraultzailean aritu zen, batez ere propaganda lanetan —FMLN Nazio Askapenerako Farabundo Marti Fronteko adar bat zen PRTC—, eta garai hartatik, ideologiaz haratago, bizarra eta txapela mantentzen ditu, gaur egun «mahuka luzeko alkandorak» janzten baditu ere.

Co Latino Erdialdeko Amerikako egunkaririk zaharrena da, El Salvadorko dekanoa, 130 urteko historia duena, ia erabat modu artisauan egiten dena eta kooperatiba moduan funtzionatzen duena: «1989an, langileek hartu genuen egunkariaren zuzendaritza, gerrako urterik zailenetan». Egun, prentsa askatasuna mehatxatuta dagoela dio: «Gobernuak publizitatea kendu digu». BERRIA-rekin «pozarren» mintzatu da telefonoz: «Euskal Herrian izan nintzen 2014an, egunkariaren erredakzioan ere izan nintzen».

Nayib Armando Bukelek duela urtebete irabazi zituen bozak, eta ekainean hartu zuen presidente kargua. Hilaren 9an, militarrak sartu zituen parlamentuan. Zer deritzozu horri?

Oso larria izan zen. El Salvador berez oso egoera nekezean dago, eta presidenteak ondorio latzak eragin zitzakeen krisi baten atarian jarri du herrialdea, egiten ari zenaz erabat ohartu gabe. Katastrofe itzela eragin zezakeen. Gerra zibiletik ez genuen horrelakorik bizitzen, oso ekintza biolentoa izan baitzen. Bake akordioa sinatu zenetik inoizko ataka zailenean jarri du El Salvador. Gerra ezagutzen dugunoi erregimen militarren ekintza autoritarioak etorri zitzaizkigun gogora, eta oso kezkatuta gaude. Bukelek ez zuen soilik errepublikaren konstituzioa urratu; bake akordiotik eratorritako erakundeen oinarriak ere urratu zituen, zuzenbide estatua bera urratu zuen.

Auzitegi Gorenak botere banaketa bermatzeko eskatu zion Bukeleri; horrek agindu zuen errespetatu egin zuela. Damutu al da?

Ez nuke esango damutu denik, bere diskurtsoetan behintzat oso hitz probokatzaileak erabiltzen ari baita. Mezu peioratiboak egin ditu beste organoen kontra, sistemak bere burua babesten duela salatuz eta Gorenaren erantzuna kritikatuz. Konstituzionalak bertan behera utzi du ministroen kontseiluak deitutako parlamentuko saio hura, eta debekatu egin du militarrak baliatzea itunak jasotzen ez dituen ekintzetarako. Hori oso inportantea da. Bukelek, izan ere, matxinadarako deia egin zuen, eta nazioartetik kritika zorrotzak jaso zituelako bakarrik ez du aurrera egin.

Talde kriminalei aurre egiteko, Bukelek 109 milioi dolarreko mailegua eskatu nahi zuen. El Salvadorko arazorik handienetako bat da mara taldeena, handiena ez bada. Zergatik sortu du polemika mailegu horrek?

Bukelek herritarrak limurtu ditu diskurtso horrekin. Egia da indarkeriari aurre egiteko baliabideak behar direla, baina ez dugu ahaztu behar agintean daramatzan zortzi hilabeteetan parlamentuak jada hainbat partida onartu dituela horretarako. Aurreko gobernuak lege bat onartu zuen urtean ehun milioi dolar segurtasunera bideratzeko, eta aurtengo aurrekontuetan milioi gehiago bideratzea ere onartu da; hortaz, horretarako dirua egon, badago.

Oposizioak salatu du militarizazioa sustatu nahi duela.

Hala da. Parlamentuak onartu ez duena zera da, gerraontzi bat eta helikoptero bat erosteko partida, eta bideozaintzarako partida. Segurtasun Publikorako ministrordea hegazkin pribatu batean joan zen Mexikora, eta presidenteak uko egin zion azaltzeari nork finantzatu zuen bidaia hori. El Faro egunkari digitalak egindako ikerketaren arabera, enpresa batek ordaindu zuen bidaia; hain zuzen, bideozaintza lanak egiten dituenak. Bukelek ez du horretaz informatu nahi izan, eta diputatuek horregatik eten dute maileguarena, susmoak daudelako segurtasunetik harago estatuak negozioak egiteko ere baliatu nahi duela diru hori. Etika Legeak ez du horrelakorik baimentzen.

Francisco Valencia El Salvadorko 'Co Latino' egunkariko zuzendaria gerrillari zeneko argazki batean —ezkerretik hasita bigarrena—.

Bukelek Arenaren eta FMLNren bipartidismo historikoarekin amaitu zuen, eta sostengu handia dauka herritarren artean, %80koa, besteak beste indarkeria murriztu duelako. Aurreko agintariei marekin lotura izatea egotzi die ere.

Bai, babes handia dauka. Ez dakit azken ekintza horren ostean babes horri eutsiko dion edo ez. Nik ezetz espero dut. Maren gaia oso konplexua da; El Salvadorko eremu ugari pandilleroen eskuetan daude, eta alderdi politikoak maiz egon dira behartuta haiekin hitz egitera eta negoziatzera, tartean kanpainan ekitaldi politikoak egin ahal izateko. Bukele esaten ari da berak lurraldearen erabateko kontrola daukala, baina hori ez da egia: hainbat eremutatik pasatu ahal izateko edo hainbat eremutan sartu ahal izateko, pandilleroei baimena eskatu eta ordaindu egin behar zaie. Bukelek ere negoziatu du haiekin, adibidez hiriburuaren berrordenamendua egiteko alkate zenean. Hemen, alderdi politiko guztiek negoziatu behar izan dute marekin ezinbestean.

Baina egia al da giza hilketak murriztu direla?

Bukelek egin duena txalogarria da, baina aurreko gobernutik datorren joera bat da. Salvador Sanchez Ceren [FMLN] presidenteak abian jarritako planari esker, eguneko batez besteko hilketak hogeitik zortzira murriztu ziren. Bukelek hiru hilketara murriztu du batezbestekoa, nahiz eta ikerketa batzuen arabera jaitsiera ez den horrenbestekoa. Kontaketa sistema bera aldatu duela ere esaten da; esaterako, gazte taldeen arteko borroken ondorioz hiltzen direnak ez ditu aintzat hartzen, edo desagertuak, baina egia da, hala ere, giza hilketak murriztu egin direla.

Maren fenomenoa munstro bat da. El Salvadorrek duen arazo handiena al da?

Arazo itzela da, baina indarkeria errotik landu beharreko fenomenoa da, ez azaletik, eta arazo estruktural batez ari gara, jatorrian pobrezia duena. AEBetan sortu ziren marak ,eta auzorik txiroenetan eta familia desegituratuetan errotu dira. El Salvadorren, izugarria da aberatsen eta pobreen arteko aldea: 160 familiaren esku dago barne produktu gordinaren %80. Urtean 26.000 milioi dolarrekoa da barne produktu gordina. Ekonomia ere geldotuta dago: azken hamar urtetan, urteko hazkundea bi puntukoa izan da batez beste, tarteka laukoa, baina aurten bi puntu jaitsiko dela iragarri dute.

Bukele FMLNko kide izan zen. Bozetan GANA Batasun Nazionalerako Aliantza Handiarekin lehiatu zen. Maitatua bezainbat da gorrotatua. Nola definituko zenuke?

Oso bitxia da. Nik uste dut herrialdearen arazoak konpontzeko aukera izan duela, eta herritarrek hori ikusi diotela, baina aukera hori pikutara bota du bere izaeragatik: oso egozentrikoa da, nabarmenkeria atsegin duena, oso populista. Berak bere burua izendatu zuen munduko presidenterik cool-ena. Esango nuke orain ezagutzen ari garela zein den, eta miresten zutenek ere desengainua hartu dutela. Bere buruari selfie-ak egitea da bere kezkarik handiena, eta sare sozialetan gau eta egun jolasten egoteak zer pentsatua ematen du. Bere kapritxoei begira ari da. Eskutik joan zaio dena.

Parlamentuko saioan jainkoa aipatu zuen: «Jainkoari galdetu diot, pazientzia izateko esan dit».

Hori oso kezkagarria da. Parlamentuak ezin du inoiz izan erlijio ekintzetarako lekua. Erlijioa eta politika nahastea oso arriskutsua da; oso kezkatuta gaude. Badirudi XVI. mendean gaudela.

Zergatik kanporatu zuten Bukele FMLNtik?

Kritika itzelak egiten hasi zelako alderdiaren zuzendaritzaren kontra, eta estatutuak urratu zituelako.

FMLN 2009tik 2019ra egon da agintean. Zer egin du gaizki boterea galtzeko?

Nik uste dut gauza on asko egin zituela. Herritarrak, akaso, orain ohartuko dira hamar urte horiek ez zirela hutsalak izan, gauza askotan atzera egiten ari garelako orain. Bi adibide jarriko ditut. Osasun programa bat zegoen bazter urrunenetan bizi direnak ere artatu ahal izateko. Programa hori murrizten ari dira orain. Denge gaixotasunagatik hildakoak zerora murriztu ziren aurreko agintaldian, baina azken zazpi hilabeteetan hamalau lagun hil dira. Urarekin ere krisi handi bat dago hiriburuan. Kutsatuta dago, baina ez dute azalpenik eman. Atzeraka goaz, bai osasunean, baita hezkuntzan ere. Aurreko gobernuak analfabetismoari aurre egiteko abian jarritako programa arrakastatsua bertan behera geratu da Bukelerekin. Emakumeak ahalduntzeko programa ere desagertu da. Programa sozial asko desagertu dira.

Zertan egin zuen huts FMLNk?

Nik uste dut politikari batzuek ahaztu egin zutela nondik zetozen, herritarren ordezkari zirela, ez zirela eskuineko klase burgeseko politikariak. Ez ziren zintzoak izan. Akatsak egon ziren, baina horrek ez du esan nahi gobernu hutsala izan zenik. FMLNren gobernuekin inoiz ez zen egin konstituzioaren kontrako ekintzarik, orain ez bezala. Bukelerena delitu goria izan da. Mauricio Funesek huts barkaezina egin zuen jeneral bat jarri zuenean segurtasun ministro gisa. Denek baztertu genuen izendapen hori, baita egunkari honek ere, editorialean. Segurtasun publikoa inoiz ezin da egon militarren esku. Funesek berehala kendu zuen kargutik.

Akaso aberastasunaren banaketa bermatzeko saiorik ez zen behar bezala egin; hori izan zen akats handiena. Jendeak gehiago espero zuen, eta ez zuen asmatu zer egiten ari zen azaltzen.

El Salvadorko gerra zibilean, 1980tik 1992ra, 75.000 lagun hil ziren. Zauriak zabalik daudela esan daiteke?

Bai. Eta polarizazioa are handiagoa da. Gerra garaian ulertzekoa zen polarizazioa, baina gaur egun elkarren arteko ezinikusia izugarria da; presidentea babesten dutenen eta ez dutenen arteko talka itzela da. Bukelek gorrotoa sustatzen du une oro, etengabe, eta odola isurtzera ere irits gaitezke. Herritarren babesa polarizazioa murrizteko erabili beharrean, elkarrizketa eta elkar ulertzea sustatzeko erabili beharrean, gorrotoa sustatzeko erabiltzen ari da. Herrialdeari ez zaio komeni; oso arriskutsua da.

Legebiltzarrerako hauteskundeak dira datorren urtean. Bukeleren alderdiak egun ez duen gehiengoa eskuratu al dezake?

Nik uste dut jendea gogoeta egiten ari dela eta ohartzen ari dela zein den Bukele. Parlamentuan izugarrikeriak egiten baditu, jazarroien moduan, zer espero daiteke? Sultanerri bat bihur dezake El Salvador. FMLNko zuzendaritzak gai izan behar du herritarren artean sortu zuen etsipen hori konfiantzan iraultzeko. Hori da erronka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.