Jorge Espinosa: Ekuadorren ikusi dugu posible dela petrolioa lur azpian uztea

Yasuni natura parkeko petrolioa ez ustiatzea erabaki zuten Ekuadorko herritarrek, galdeketa bidez. Espinosaren iritziz, herrialdea hainbat mugarri ezartzen ari da nazioartean.

JORGE ESPINOSA
BERRIA
2023ko abenduaren 12a
05:00
Entzun

Amaitzear da klima larrialdiaren inguruko nazioarteko goi bilera (COP28), eta erregai fosilen etorkizuna dute eztabaidagai nagusienetako bat. Ekuadorren, auzi horri buruzko galdeketa bat egin zuten joan den abuztuaren 20an, presidentetzarako hauteskundeen lehen itzuliarekin batera. Yasuni parke nazionalean dagoen 43-ITT blokean petrolioa lurpean geratu behar den ala ez galdetu zieten biztanleei. Herritar gehienek (%59k) erabaki zuten petrolioa ez ustiatzea, Yasuniko komunitateak eta biodibertsitatea babesteko, eta klima aldaketaren aurkako borrokan laguntzeko. Kontsulta horren sustatzailea Yasunidos taldea izan da, eta 2013tik aritu da galdeketa egikaritzeko borrokan. Azken urteetan hainbat mugarri ezarri ditu Ekuadorrek munduan, naturaren defentsari dagokionez.

Zer balorazio egiten du Yasunidosek kontsultaren emaitzen inguruan?

Estatuko lehen kontsulta da, 2008ko konstituzio berria dugunetik. Ekuadorren gizarte ekintzarik handienetakoa izan da, eta ekuadortarrek erabaki dute munduko lekurik bioaniztunena babestea. [Ekuadorko presidente] Daniel Noboak esan du petrolioa lurpean uztearen alde dagoela.

Zer ekarpen ari da egiten Ekuador klima aldaketaren aurkako borrokan?

Ekuador oso herrialde txikia da, eta ez du ia eraginik atmosferara isurtzen diren berotegi gasen kopuru globalean: %0,02 inguru. Hala ere, 2008az geroztik, hainbat mugarri eta pauta ezartzen ari da Ekuador nazioartean, klima aldaketaren ondorioak arindu ahal izateko. Adibidez, naturaren eskubideak onartzen eta babesten ditu Ekuadorko Konstituzioak. Munduan horrelako erabaki bat hartu duen lehen herrialdea da. Bestetik, urte hartan, herrialdeak hazi eta labore transgenikoak debekatu zituen.

Orain, Ekuadorren ikusi dugu posible dela petrolioa lur azpian uztea, demokrazia parte hartzailearen bidez, nazioarteko komunitate zientifikoak esan duen bezala, klima aldaketaren ondorio okerrenak saihesteko. Gauzak beste modu batera egin daitezkeela erakusten du.

«Naturaren eskubideak onartzen ditu Ekuadorko Konstituzioak. Horrelako erabaki bat hartu duen lehen herrialdea da»

Nolakoa da Amazoniako oihanaren egoera?

Hego Amerika da baso-soiltze tasarik handienetarikoa duen kontinentea. Zerrendaren goialdean daude Brasil, Bolivia, Peru eta Kolonbia, besteak beste. Legez kanpoko zuhaitz mozketek, abeltzaintza enpresek eta nazioz gaindiko nekazaritza enpresek —batez ere soja enpresek— egindako presio handiaren ondorioz gertatzen da. Hala ere, eskualde mailan deforestazio tasa murriztu egin da, herrialde jakin batzuek indarrean jarri dituzten politika publiko batzuen ondorioz, eta hori aitortu beharra dago. Oso garrantzitsua da basoak zaintzea, bizitzaren sostengua dira eta. Suntsitzeak berekin dakar atmosferara milaka tona CO2 bidaltzea.

Zer lehentasun finkatu beharko lirateke COP28 eraginkorra izan dadin?

Yasunidos taldean oso kritikoak izan gara beti COPekin, hartzen diren konpromisoak oso gutxitan betetzen baitira. Askotan esan dugu: «28 COP egin dira, baina egoera larritzen ari da». Besteak beste, aurtengo goi bileran erabaki beharko litzateke nola murriztu daitezkeen merkantzien garraioaren inpaktuak maila globalean. Eta horrek kapitalismoaren gaira eramaten gaitu. Ez da posible jarraitzea merkantziak abiadura bizian garraiatzen, bat-batean entregatu nahi direlako. Horrek berotegi efektuko gasen bolumen handia eragiten du.

Beste arazoetako bat, jakina, estraktibismoa da. Munduko herrialderik aberatsenetako enpresa eta kreditu eta inbertsio agentzia askok ateratzen dituzte etekinak praktika horretatik, eta klima krisia okertzen laguntzen dute. Adibidez, Yasuniko 43-ITT blokean, petrolio erauzketaren onuradunik handienak atzerriko enpresak dira, batez ere txinatarrak. Petrolio lobbyaren interesak oztopatzea mugarria izan da Ekuadorren, eta hori herri boterearen bidez egin da. Botere legegilearen bidez ezinezkoa izango litzateke. Arazoa da saiatzen garela klima larrialdia kapitalismoaren esparrutik konpontzen. Horrek alternatiba eraginkorrak bilatzea zailtzen du. Ez da kasualitatea indigenek zaintzea biodibertsitaterik handiena duten eta gehien zainduriko basoak dituzten guneak. Zalantzarik gabe, hori gertatzen da antzinako eta milaka urtetako jakintza dutelako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.