Ekuadorko segurtasun politikak indartzeko 11 galdera

Gaur bozkatuko dute 2024ko Erreferenduma eta Herri Galdeketa. Noboa «militarizazio prozesu batean» murgilduta dagoela salatu dute giza eskubideen aldeko ekintzaileek.

Ekuadortarrek gaur bete beharko duten boto txartela. JOSE JACOME / EFE
Ekuadortarrek gaur bete beharko duten boto txartela. JOSE JACOME / EFE
Mikel Garcia Martikorena.
2024ko apirilaren 21a
05:00
Entzun

Azaroaren 23an Ekuadorko presidente bihurtu zenetik, Daniel Noboa «gerran» ari da herrialdeko bandekin. Talde kriminal nagusiak matxinatu egin dira, eta iragan urtarriletik salbuespen egoera ezarria du gobernuak. Are gehiago, Noboaren hitzetan, herrialdea «barne gatazka armatu batean» murgildurik dago. Presidentea boterera heldu aurretik nabaria zen jada Latinoamerikako estatu horretan hedaturik dagoen indarkeria. Izan ere, presidentegai zen Eduardo Villavicencio sikario batzuek tiroz hil zuten hauteskundeen kanpainan. Gauzak horrela, segurtasun politiketan aldaketak egin nahi ditu Noboak. Salbuespen egoera aurreneko urratsa izan da soilik, gaur bozkatuko baitute 2024ko Erreferenduma eta Herri Galdeketa ekuadortarrek; besteak beste, armadaren egitekoak handitzeko.

11 galdera egingo dizkiete herritarrei; bost, erreferendum formatuan —aldaketa konstituzionalak liratekeelako—, eta beste seiak, herri galdeketan —legeak moldatuko lituzketelako—. Horietako zortzi segurtasunarekin daude zuzenean lotuta. Aurrena eta zeresan handiena eman duena hau da: armada Poliziarekin elkarlanean jardutea proposatzen duena. Gaur egun, soilik salbuespen egoeran egin daiteke elkarlan hori, baina, erreferendumean herritarrek onartuz gero, egoera berezi batean egon gabe egin ahalko lukete.

Galdeketan adierazten den arren ekintza horiek «era arrazoizko batean» eta «Poliziari sostengua emateko» erabiliko direla, ahots kritikoak hedatu dira herrialdean. Izan ere, neurriak onartuz gero giza eskubideen bermea kolokan jarriko luketela salatu dute hainbat erakundek. Giza Eskubideen Aldeko Ekuadorko Batzorde Iraunkorreko zuzendari Billy Navarretek argi du Ekuadorko presidentearen neurri horiek «herrialdea militarizatzeko prozesu baten» parte direla: «Azken hilabeteetan, indarkeria murrizteko militarren rola ezinbestekoa dela adierazi da behin eta berriz». Halere, Navarretek azaldu du uste hori gizartean txertatzen hasia zela Noboa boterera heldu aurretik ere.

«Gizarteak gobernuaren ekintzen aurka protesta egiten duenean, arriskua egon liteke armada herritarrak zapaltzeko erabiltzeko».

BILLY NAVARRETEGiza Eskubideen Aldeko Ekuadorko Batzorde Iraunkorreko zuzendaria

Bestetik, armadak espetxeen inguruko bideetan eta errepideetan kontrolak egiteko eskumena izateaz eta «delitu batean erabili diren armak edo haien piezak Poliziaren eta armadaren eskuetan geratu ahal izateaz» ere galdetuko dute. Segurtasun politiken harira, estradizioak baimentzeko oniritzia nahi du Noboak. Hautsak harrotu ditu herri galdeketaren bigarren galderak ere; izan ere, «terrorismo», «hilketa» eta «arma trafiko» delituetan, besteak beste, espetxealdiak handitzea proposatu du Ekuadorko presidenteak. Ez du zehaztu zigor horiek zenbat iraungo luketen.

Armadak herrialde barneko segurtasun ekintzetan «ohikotasunez» ekitea eragingo lukete neurriek; hori «arriskutsua» litzateke, Navarreteren iritziz. Izan ere, gobernuak nahi duen «militarizazioak ez du soilik erakunde kriminalen aurka egingo: gizartea kontrolatzeko ere balioko du». «Gizarteak gobernuaren ekintzen aurka protesta egiten duenean, arriskua egon liteke armada herritarrak zapaltzeko erabiltzeko», Giza Eskubideen Aldeko Ekuadorko Batzorde Iraunkorreko zuzendariaren ustetan.

(ID_13793207) ARCHIVO ECUADOR REFERÉNDUM
Ekuadorko militarrak arma kontrol bat egiten, Quiton, joan den urtarrilaren 13an. JOSE JACOME / EFE

Orain arte egindako urratsetan armadak izandako jokabidea arbuiatu du Navarretek, eta «giza eskubideen urraketa asko» egon direla salatu du. Navarreteren arabera, Armadak berak onartu du ez dutela «beharrezko trebakuntzarik» polizien lanak egiteko, eta horrek «gerra egoeretan gerta daitezkeen torturak eta bestelako jokabideak agertzea» eragin duela. «Politika horiekin, armadaren etsaia lausoa da; ez da beste armada edo talde antolatu bat. Horren ondorioz, herritarren eskubideen urraketa asko ikusi ditugu azken hilabeteetan, batez ere arrazializatuen edo txiroenen aurka. Terroristatzat jotzen dituzte, eta haien aurka egiten dute».

Baiezkoa ziurtzat

Eskubideak kolokan egon daitezkeen arren, Navarretek iritzi dio baiezkoak irabaziko duela. Arrazoia argi du berak: «Noboa presidente bakarra izan da azken urteetan banda kriminalen aurka zerbait egin duena. Eta egia da denbora gutxian emaitza onak izan dituela». Gainera, «tamalez», damu da herrialdeko hedabideek ez dituztela galderak banan-banan aztertu eta azaldu. Are gehiago, adierazi du ez dela egon «benetako eztabaidarik», eta ekuadortarrek «gobernuari babesa emateko pakete bakar bat legez» ulertzen dutela galdeketa.

Hala ere, erreferendumean eta herri galdeketan baiezkoa lortzeak, «elkarbizitzaren militarizazioa» ekarriko duela esan du Navarretek. Nayib Bukele El Salvadorko presidenteak bere herrialdean ezarri duen sistema Noboak Ekuadorren jarriko duela uste du giza eskubideen aldeko ekintzaileak, «betiere herrialde bakoitzaren diferentziak kontuan hartuta». «Gobernuak politikak nahieran egiteko eta desegiteko ahalmena nahi du», salatu du Navarretek.

«Segurtasunik ezaren aurka borrokatzeaz» gain, Noboak «ustelkeria amaituko» zuela zin egin zuen presidentetzarako bozen kanpainan. Azken ideia hori gauzatzeko erak krisi diplomatikoa sortu dio Mexikorekin. Ekuadorko segurtasun indarrak Mexikok Quiton duen enbaxadan sartu ziren indarrez Ekuadorko presidenteorde ohi Jorge Glas atxilotzeko; Mexikok babes politikoa emana zion Glasi.

Ustelkeriaren aurka ekiteko ere baliatu nahi du Ekuadorko presidenteak galdeketa. Erreferendumaren azken galderak zenbait auzitegi konstituzional —hainbat instantziatan— eratzea proposatzen du. Noboak azken asteetan azaldu duenaren arabera, auzitegi horiek «herrialdean hedaturik dagoen ustelkeria judiziala amaituko dute».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.