Bi urte daramatza agintean Ekuadorko presidente Guillermo Lassok, eta beste bi geratzen zaizkio agintaldia amaitzeko. Baina, egoera asko aldatu ezean, ez dirudi legealdia osatzeko aukerarik izango duenik; izan ere, herenegun gauean Konstituzionalak tramiterako onartu zuen estatuburua politikoki epaitzeko eskaria.
Presidentea ezin da auzitegietan epaitu hura agintean den bitartean; hori dela eta, parlamentua bera da erabakitzen duena estatuburuak oker jokatu ote duen. Hainbat lekukotza entzun ostean, parlamentuko gehiengoak —137 diputatutatik 92ren babesa behar dute— salaketa frogatutzat ematen badu, kargugabetu egingo lukete.
Itxura guztien arabera, oposizioak erraz lor dezake zentsura mozioa onartzeko beharrezko gehiengoa; izan ere, 104 diputatuk sostengatu zuten presidentearen aurkako salaketa, eta pentsatzekoa da horiek berek babestuko dutela kargugabetzea ere. Gainera, Lassok ez du jarraitzaile askorik politikarien artean. Hasieran bankari ohiaren alde agertu ziren eskuineko zenbait ordezkarik ere bizkarra eman diote.
Hainbat enpresa publikoren ustelkeria sare baten erantzule politikoa izatea egozten diote. Sare horrekin lotuta dago haren koinatua, Danilo Carrera, eta, salaketaren arabera, Lassok bazekien horren berri, eta ezkutatu egin zuen. Halaber, narkotrafikoarekin loturak zituen gertuko bat babestu izana ere egozten diote.
Dena den, Lassok badu oraindik ihesbiderik, heriotza gurutzatua deritzona balia dezake; parlamentua desegitea ahalbidetuko lioke horrek. Hiru bide izango lituzke horretarako: salatzea parlamentuak bereak ez diren eskumenak hartu dituela bere gain; barne krisi larri bat izan dela argudiatuta desegitea; edo estatuburuak bultzatutako garapen plan bat oztopatzen duela argudiatzea. Hiru aukera horietatik lehenengoan soilik beharko luke Lassok Konstituzionalaren babesa; beste bietan, nahikoa da estatuburuaren beraren hitza.
Hala, espero bezala, zentsura mozioak aurrera egiten badu, litekeena da gaur egungo presidenteorde Alfredo Borrerok hartzea haren tokia, legealdia amaitu bitartean.
Ekuadorko presidentea politikoki epaitzeko eskaria onartu dute
Oposizioak gehiengoa du parlamentuan, eta, beraz, erraz lortuko lituzke zentsura mozio baterako behar dituen 92 botoak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu