QUITO. Abian da Ekuadorko presidente Guillermo Lassoren aurkako epaiketa politikoa. Euskal Herriko atzoko ordu txikietan hartu zuen erabakia Ekuadorko Parlamentuak: alde bozkatu zuten 88 diputatuk, aurka 23k, eta abstenitu egin ziren bost. Parlamentuko presidente Virgilio Saquicelak bost eguneko epea du orain presidentea kargutik kentzeari buruzko osoko bilkurara deitzeko.
Epaiketa noiz izango den zehazteko dagoen arren, aurreratu dute hil honetako 20aren eta 22aren artean izango dela. Gutxienez 92 diputaturen babesa beharko dute Lasso erruduntzat jo, eta presidente kargutik kentzeko —137 diputatuk bozkatu dezakete—. Funts publikoak bidegabe erabiltzea leporatzen diote 67 urteko presidenteari. Oposizioaren arabera, Flopec Ekuadorko petrolio enpresak petrolioa garraiatzen duten zenbait konpainia pribatutako langileei ordaintzeko baliatu zituen funts horiek, herrialdeari 5,5 milioi euroko kaltea eraginez.
Epaiketara joango dela baieztatu zuen atzo Lassok, haren betebeharra delako «herriaren aurrean aurpegia ematea». Halere, presidenteak eskumena du parlamentua desegin—behin bakarrik egin dezake, haren agintaldiaren lehen hiru urteen barruan—, eta hauteskunde orokorretara deitzeko. Hain justu, horrekin egin zuen mehatxu. Dena den, oraingoa ez da parlamentuko kideak Lasso kargutik kentzen saiatzen diren lehenengo aldia. Iazko ekainean haren aurkako zentsura mozio bat aurkeztu zuten zenbait diputatuk —mugimendu indigenek bultzatuta, batez ere—, baina ez zuen aurrera egin.
Ekuadorko presidentea kargutik kentzeko bozkatuko dute berriz
Bi aste barru izango da Lassoren aurkako zentsura mozioa. Ustelkeria estaltzea egozten diote
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu