Lurrikara Ekuadorren

Ekuador: hutsetik hastea

Bi aste bete dira lurrikara batek Ekuadorko ipar kostaldea astindu eta suntsitu zuela. Laguntza kostata iristen ari da leku guztietara, eta milaka herritar geratu dira ezer gabe.

2016ko apirilaren 30a
00:00
Entzun
Herrialdeak dar-dar egin zuen. Duela bi asteko larunbatean, apirilak 16, lurrikara batek astindu zuen herrialdea, arratsaldez, 18:58an; Richter eskalan, 7,8 gradukoa izan zen, eta herrialdeko ipar kostaldean izan zuen epizentroa. 1948az geroztik, Ekuadorren ez da izan lurrikarra zorigaiztokoagorik; orduko hartan, 5.000 pertsona hil ziren. Aurki hasi ziren iristen albisterik txarrenak. Lehen astinalditik hiru ordu eskasera, larrialdi egoera dekretatu zuen Presidenteordetzak; Rafael Correa presidenteak, Vatikanoan baitzebilen bisitaldi ofizialean, Ekuadorrerantz egin zuen; eta hedabide nazionaletan eta nazioartekoetan, lehenbiziko hildakoez hitz egiten hasi ziren. Gaur-gaurkoz, kalteen balantzea ikusi besterik ez dago hondamendiaren larriaz jabetzeko: 659 pertsona hilik, 48 desagerturik, eta 29.067 aterpeetan ostataturik.

«Garai zailak dira aberriarentzat. 67 urte hauetako tragediarik handiena. Egiteko eta erronka handietarako abagunea da. Borondateak baino ezin gainditu ditu halako garai zailak»; hala erantzun zuen Errepublikako presidenteak, tragediaren biharamunean eman zuen prentsaurrekoan.

Hondamendiaren epizentroaren eremuan eragin du kalterik handiena, Ekuadorko ipar kostaldean: Pedernales, Jama, Portoviejo eta Manta kantonamenduetan, Manabi probintzian. Sei probintziatan, sei milioi biztanletik gora bizi dira, eta larrialdiko eremutzat jo dituzte. Alderdi hori, historikoki, oso kaltebera izan da, pobrezia handikoa eta garapen txikikoa izaki; horretaz gainera, bide eta azpiegiturei dagokienez ere kaskarra. Txiki-txiki eginda geratu dira hainbat herri: esaterako, Pedernales, Jama eta Bahia toki turistikoak; gehienbat, turismo nazionalaren jomuga ziren. Kalteak izan dituzte azpiegituren %80tan gutxienez. Merkataritza da gehien hondaturiko beste sektoreetako bat. Aurreikuspena ez da batere itxaropentsua: «MIES edo Ekuadorko Inklusio Ekonomiko eta Sozialerako Ministerioaren arabera, urteak beharko dira erabat lehengoratzeko».

Apenas izan zuten astirik dramaz jabetzeko. Lehenbiziko 72 orduetan, eremu hartara jo zuten larrialdeetako taldeek. Gobernuak iragarria zuen, hain zuzen, biziak salbatzeak zuela lehentasuna. Lehenbiziko ordu larrien ostean, ordea, ia ez dago aukerarik inor bizirik aurkitzeko. Orain arte, 100 pertsonatik gora salbatu ahal izan dituzte bizirik hondakinen artetik.

Apirilaren 17an bertan hasi zitzaien iristen laguntza humanitarioa eta larrialdietakoa: Latinoamerikako herrialde senide ia guztietatik, AEBetatik eta Txinatik; bai eta Palestinako brigada mediko bat ere. Giltzarriak izan ziren lehenbiziko orduak, lehenbiziko egunak.

Hiriburuan, Quiton, boluntarioen brigadak antolatu zituzten: medikuak, paramedikuak, psikologoak, suhiltzaileak; eta beste hainbat pertsona, kamioiak bizigaiz, urez eta botikez nola edo hala betetzera bildutakoak. Edozein herritan, Andeen herrialdeko edozein zokondotan, komunikabide guztiek zekarten laguntza emateko premiaren berria: non, nola, zer. Unibertsitateak, ospitaleak, eskolak, enpresak, erakunde publikoak eta militarrak: 1.000tik gora, eremu osoan sakabanatuak. Sare sozialen bidez, donazioak eskatu zituzten, eta senide eta lagun desagertuak bilatzeari ekin zioten. Hainbat enbaxada eta kontsulaturen txostenen arabera, atzerritar ugari daude desagertuen artean: hamasei argentinar, 97 kolonbiar eta sei kubatar.

Lurrikara izan eta hamabost egun eskasera, zaila da patxada ez galtzea. Astearteko azkeneko ordura arte, apirilak 26, herrialdean mila erreplikatik gora erregistratu zituzten, hainbat intentsitatetakoak. Ekuadorko Institutu Ekofisikoko aditu batzuen ustez, oraindik hilabeteetan izango dira erreplikak, baina gero eta intentsitate txikiagoak. Talka egin eta lurrikara gogorra eragin zuten plaka tektoniko haiek oraindik asentatu beharra daukaten seinale. Lurrak ez dionez utzi dar-dar egiteari, herritarrak ez daude batere lasai.

Zero eremua

Carlos Santiago Navarrete Ortiz da Uelenmendio komunitateko burua —Jama kantonamenduari dagokio—, eta honela azaldu digu zer-nola bizi izan zuten hondamendia hango bizilagunek —300 familia bizi dira komunitatean—. Kostaldeko landa eremu batean dago Uelenmedio, bide nagusietatik urrun, eta tantaka-tantaka ari da iristen laguntza haraino: «Heriotzako ordua zela pentsatu genuen. Oso gogorra izan da; nik ez dut ikusi halako lurrikararik 70 urtean», adierazi du. «Gertatu zenean, eskailerak igotzen ari nintzen, meriendatzera deitu zidan-eta emazteak... Eta orduan hasi zen... ate baten markoan bermatu nintzen, eta gureak egin zuela pentsatu nuen. Goitik behera etorri zitzaigun etxeko bigarren solairua. Atari zabalean lo egiten dugu orain, beldurrez».

Carlos Santiago arduratzen da Jama kantonamenduko bilketa gunera iristen diren gaiak jaso eta komunitatean banatzeaz. Onartu du iristen ari dela laguntza, baina ez batere modu koordinatuan. Botikak behar dituzte batik bat. Carlos Santiagok 71 urte ditu, eta bizi osoan borrokatu da oinarrizko premiak aseta edukitzearren; zeukan apurra galdua du, baina zehaztu du lehendik ere ahaztuak zeuzkala gobernuak: «Ez dituzte bideak ere konpontzen».

Pedernalesen, berriz, inguru hartako eremu turistikorik behinena izaki, kalte larriak izan dituzte hotelen gunean. Etxebizitzarik gehienek dute eraisteko ohartarazpena; etxeen %70 eraitsi egin behar dira. Behin-behineko aterpeetan bizi dira horietako bizilagun gehienak, eta egunotako eurialdiak are gehiago zaildu du egoera. Osasun larrialdi bihurtzeko arriskua dago, bizi baldintzak ez baitira batere osasungarriak, eta, Osasun Ministerio Publikoaren arabera, izurriak ekar ditzakete. Etsigarria da argazkia; hutsetik hasi beharko du hiriak.

Pedernalestik gertu dagoen gasolina zerbitzugune bat moldatu dute behin-behineko bilketa gune gisa. Lurrikarak erasandakoetako batzuk dira Sara Tamayo eta haren familia, eta tokiko beste bizilagun batzuekin ari dira banatzen topagune inprobisatu horretara hainbat kamioitan iristen zaizkien bizigaiak. Zera dio: «Arazo bat dago: bidalitako bizigai horietako asko ez dira iristen aterpeetara, bat-batean inprobisatutakoak direnez asko eta asko ez daudelako erregistratuta oraindik».

Lehen hezkuntzako irakaslea da Tamayo, eta patioan lo egiten du, bere familiakoekin batera: «Oso-osorik erori zen gure amonaren etxea, ama aldekoarena. Handik gutxira aurkitu zuten amonatxo, hondakinen artean. Haurrak beldurrak airean daude; gauean, batik bat. Botikaren bat beharko lukete kirioak dantzan izan ez ditzaten».

Ekuadorko armadako militar bat da Carlos Miguel Urquijo, eta lau egun baino gehiago eman ditu lekututa, beste hainbatekin batean. Lo gutxi egina da, eta, adierazi duenez, jakinarazpen ofizial baten zain daude, hondamendiak kalterik handiena eragindako eremuetan sartu eta jendea ebakuatzen hasteko. «Oraindik goiz da benetako kopuruak ematen hasteko. Familia osoak hil dira, eta inork ez du haiek bilatzeko eskatuko».

Zutik dirauen apurra itxita dago. Militarrak eta poliziak zelatan daude, arpilatzerik gerta ez dadin, aurreko egunotakoen modukorik. Orain arte, indar armatuek eta Barne ministro Jose Serranok hartu dute beren gain eremuaren kontrola.

Turismo hondar ziztrinak

Oraindik zutik diraute Hosteria Punta Prietako etxolek; Alfonso Badillok kudeatzen ditu, eta Ekuadorko ipar kostalde zoragarrian daude. Hormigoizko eraikinak dira, eta erabat edo apur bat hondatuta daude. Hala ere, konplexuko suiteetako batzuk, kanabera eta banbuz egindakoak, beren hartan daude. Badilloren familiak ezkor erakusten du duela hogei urte beren bizi proiektu gisa eraikitakoa: «Eraitsi, eta berriro eraiki behar dugu ia dena. Etxolen egitura nagusiari erasan dio. Zorionez, lurrikara gertatu zenean, ez zegoen ia turistarik esparruan, ez baita goi denboraldia. Turismo nazionala da hemengoa, baina atzerritarrak ere dezente etortzen zaizkigu».

Kostaldekoek berezkoa duten aldarte txantxazaleaz, dio gertatuak baduela bere alde ona ere: orain, gauzak ongi egiteko aukera dute, nahiz eta oraindik ere hilabete asko beharko diren egoera normal antzeko bat izateko: «Gerora etorriko dira lurrikara honen benetako drama eta ondorioak, laguntzarik iristen ez denean, edo, behintzat, ez orain arte bezain usu, eta jendea konturatzen denean ez daukala ezer. Amaitua da diru iturri nagusia, turismoa, eta urteak beharko ditu lehengoratzeko. Merkataritzari ere eragin dio, bete-betean. Orduan, zer egingo du hemengo jende honek guztiak. Nondik aterako du bizimodua?».

Jopuntuan dago Correaren gobernua. Lurrikararen kudeaketa kritikatu dute. Oposizioak eta enpresa pribatuek ekin berri diote izena kentzeko kanpainari. Gizarte zibileko sektore handiek aspaldidanik jarria zuten auzitan Alianza Paisen gobernua, herrialdearen aurrezkiak gastatu—omen— dituelako. Orain, zalantzan jartzen dute larrialdi honetarako bildutakoa nola kudeatuko duten ere.

Presidenteak, berriz, berehalako neurri ekonomikoak hartuko dituela agindu du: besteak beste, BEZa igotzea (%12tik %14ra), eta langileen soldataren parte bat ematea laguntza funts bat sortzeko, 1.027 milioi dolar osatu arte. Gizarteak auzitan jarri du orain arte zer-nola kudeatu izan duten ekonomia urteotan. Gobernuaren kalkuluen arabera, 746 milioi dolar lortzea espero dute, kontsumorako zergaren bidez bakarrik. Kalean, zalantza hedatu da herritarren artean, ea halako neurrien bidez bildutakoa kaltetuei emateko erabiliko duten benetan, ala zerga defizita ordaintzeko izango den. Garai latzak datoz; are latzagoak, kontuan izanik Errepublikako Presidentetzarako hauteskundeak izango direla datorren urtean, eta krisi ekonomikoa duela hilabete batzuk lehenagotik hasia zela sortzen, petrolio upelaren prezioa jaitsi zela eta.

Guztien gogoan, nahi bakarra… herrialdeak ez dezala berriro dar-dar egin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.