Matxinatu egin dira Ekuadorko talde kriminal nagusiak, eta, hori dela eta, «barne gatazka armatua» dute herrialdean, Daniel Noboa gobernuko presidenteak gaur goizaldean nabarmendu duenez. Iturri ofizialen arabera, azken orduetan gutxienez hamar pertsona hil dituzte Guayas eskualdean —tartean, bi polizia—, eta 70 inguru atxilotu. Armadak adierazi du ez duela amore emango, ez dela «narkoterrorista» gisa izendatu dituen 22 talderekin negoziatzera eseriko, eta horiek «helburu militar bat» bilakatu direla. Nazioarteak, oro har, indarkeria gaitzetsi du, eta elkartasuna adierazi dio Quitori.
Noboak herenegun dekretuz hartutako erabakiak ekarri du, neurri batean, azken indarkeria oldea. Izan ere, bi hilabeterako salbuespen egoera ezarri zuen, argudiatuta kartzeletan «segurtasun krisia» pairatzen ari dela estatua. Neurri horrek modua eman die Poliziari eta armadari espetxeetan esku hartzeko. Joan den igandean oso arriskutsutzat jotako hainbat presok alde egin zuten zenbait kartzelatatik, eta istiluak izan ziren dozena erdi bat espetxetan. Aintzat hartu behar da talde kriminalek horietako askoren kontrola dutela. Gainezka daude hango kartzelak, eta, gainera, ohikoak dira matxinadak. Hain justu, Ekuadorko espetxeetako agintariek jakinarazi dute, gaur, 139 funtzionario eta guardia gatibu hartu dituztela herrialdeko bost kartzelatan.
Salbuespen egoera ezartzeak esan nahi du, bide batez, besteak beste, etxeratze agindua ezarria dagoela 23:00etatik 05:00etara, estatu indarrak herrialde osoan daudela mobilizatuta, eta horiek erraztasun gehiago izango dituztela etxeetara sartu eta miaketak egiteko.
Noboaren arabera, «gerra egoeran» dago herrialdea, eta horri aurre egiteko hartuko dituzten hainbat neurri iragarri ditu. Besteak beste, Kolonbiako Gobernuari proposatu dio 1.500 preso trukatzeko, argudiatuta Kolonbiakoak, Perukoak eta Venezuelakoak direla Ekuadorko espetxeetan dauden preso gehienak. Bestalde, esan du bihar aurkeztuko dituztela segurtasun maila handiko bi kartzela berriren proiektuak.
Narkotrafikoaren epizentroa
Igandean alde egin zuten presoen artean daude, agintarien arabera, Sinaloa eta Jalisco Nueva Generacion Mexikoko kartelentzat lan egiten egiten duten bi pertsona. Orain dela urte batzuk arte, Latinoamerikako herrialde seguruenetakotzat hartzen zen Ekuador, baina urte gutxian narkotrafikoaren epizentroa bihurtu da kontinentea. Joera hori areagotu egin da, gainera, correismoaren ondoren eskuinak agintea hartu zuenetik 2021ean. Ikusteko dago zein eragin izango duen Noboak hartutako neurriak, baina Guillermo Lassoren agindupean (2021-2023) 20 aldiz ezarri zuten salbuespen egoera. Nazioz Haraindiko Krimen Antolatuaren Aurkako Ekinbide Bateratuak bi urte behin argitaratzen du txosten bat, krimen antolatuaren nazioarteko egoera aztertuz, eta iazkoan jaso zuten 7,07 puntura heldu zela Ekuador, gaindituz ezarrita duten batez besteko kriminalitate tasa globala, zeina 5 puntukoa den. Txostenean zehaztu zutenez, besteak beste Kolonbia, Albania, Txina eta Mexikoko nazioarteko gaizkile taldeen «ostatu» da herrialdea.
Noboa 36 urteko eskuineko enpresariak bi hilabete ere ez daramatza karguan. Aurreko urriko presidentetzarako bozetan Luisa Gonzalezi nagusitu zitzaion, Rafael Correa presidente ohiaren sokakoari (2007-2017). Hauteskundeen atarikoa kartelen indarkeriak zipriztindu zuen; besteak beste, Fernando Villavicencio presidentegaia hil zuten, tiroz. Estatuaren egiturak ahulak dira, lanak dituzte talde kriminalei aurre egiteko, eta, gainera, krisi ekonomiko betean dago herrialdea. Hori da azken orduotako gertakarien testuingurua.
Ikusi gehiago
Besteak beste, talde armatu bat Guayaquilgo telebista kate baten egoitzara sartu zen atzo gauean —Euskal Herrian baino sei ordu gutxiago dira han—, eta han zeudenak bahituta eduki zituzten zenbait orduz. Poliziak jakinarazi duenez, ordea, egoitzara sartu ziren, eta talde horretako hamahiru pertsona atxilotu zituzten, eta horiei armak, granadak eta leherkariak kendu zizkieten.
Ekuadorko Asanblea Nazionalak babesa adierazi die indar armatuei, eta jakinarazi beharrezkoak diren kasuetan «indultua edo/eta amnistia» emango diela horietako kideei, «beren egitekoa» bete dezaten «terroristei» aurre egiteko. Hori jakinarazi du X sare sozialean idatzitako mezu batean, eta nabarmendu, «korronte politikoak eta ideologiak gorabehera», bat eginda daudela Asanbleako indarrak. Horrekin lotuta, hain zuzen, Correak «erabateko babesa» agertu dio Noboari, baina ohartarazi dio gertatzen ari dena dela «zuzenbide estatuaren txikizio sistematikoaren» ondorio. «Krimen antolatuak gerra deklaratu dio estatuari, eta estatuak iraun egin behar du, irabazi egin behar du», azpimarratu du, sare sozialetan zabaldutako bideo batean. Correa Belgikan dago erbesteratuta, Ekuadorko Gorte Nazionalak zortzi urteko espetxealdia eta 25 urteko inhabilitazioa ezarri baitzion 2020an, eroskeria egotzita.
Eta inguruko herrialdeek babesa adierazi diote Ekuadorko Gobernuari. Kolonbiako Atzerri Ministerioak ohar batean azaldu duenez, Gustavo Petro presidenteak eskatu du «orekaren espiritua» berrezarri dadila, «zuzenbide estatuaren printzipioen markoari erreparatuz». Nicolas Maduro Venezuelako presidenteak elkartasuna adierazi dio Noboari «talde kriminalen aurkako borrokan», eta AEBetako Estatu Departamentuak esan dio Efe berri agentziari Quitorekin hitz egiten ari direla, eta hari «laguntzeko» prest daudela.
Nahiz eta Ekuadorren indarkeria eta tentsioa nabarmen handiak diren, herrialdearekin dituen mugak irekita mantenduko dituela esan du Peruko Barne ministro Victor Torresek. Hori bai, polizia agente gehiago eraman dituzte muga inguruetako eremuetara.
46Ekuadorko hilketa tasa, 100.000 biztanleko. Iturri ofizialen arabera, iaz 7.878 pertsona hil zituzten Ekuadorren. Horrek esan nahi du aurrenekoz eduki duela Latinoamerikako hilketa tasa altuena: 46 hilketa, 100.000 biztanleko. Konparazio baterako. Hondurasko tasa 35ekoa izan zen, Mexikokoa 26koa, eta Kolonbiakoa 25ekoa.