COP26

Ekozidioa, nazioarteko delitu izateko bidean

Mundu mailako plataforma batek bultzatuta, NBEk aitortzen duen jurista talde batek juridikoki definitu du ekozidioa. Kanpainaren helburua da Nazioarteko Zigor Auzitegiak epaitzen dituen delituetako bat bilakatzea. Horren alde daude hainbat estatu.

Plastikoa uraren ordez. Gero eta ur gutxiago du Boliviako Uru Uru lakuak, eta plastikoz betetzen ari da. MARTIN ALIPAZ / EFE.
Igor Susaeta.
2021eko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Hasi dute bidea ekozidioa bihur dadin NZA Nazioarteko Zigor Auzitegian epaitzen dituzten delituetako bat. Stop Ekozidioa mundu mailako plataformak eman zituen horretarako aurreneko pausoak duela hamarkada bat inguru, eta iazko azaroan eskatu zion nazioarteko jurista talde bati eman ziezaiola terminoari definizio juridiko bat. «Ekozidiotzat hartuko da edozein ekintza legez kanpoko edo arbitrario, jakinik aukera handiak daudela ingurumenari handiak eta iraunkorrak diren kalte larriak eragiteko». Definizio hori adostu zuten taldeko hamabi adituek, eta joan den ekainean plazaratu. Testuaz eztabaidatzen ari dira orain plataformako kideak, eta behin betiko dokumentua adosten dutenean NZA arautzen duen Erromako Estatutua sinatu zuten 123 estatuei aurkeztuko diete. Jojo Mehta Stop Ekozidioaren presidenteak esana dauka hainbat herrialde proposamenaren alde daudela, Frantzia, Belgika eta Espainia tartean. Estatutuaren sinatzaileen bi herenen babesa behar da giza eskubideen kontrako delitua kontsideratua izan dadin, eta kanpainaren helburua da, gainera, ados dauden herrialdeek beraiek beren legedietan txertatzea delitu hori. NBE Nazio Batuen Erakundeak aitortutako jurista taldeko presidenteorde Philippe Sandsek ekainean argitu zuenez, ezingo dira jazarriak izan ez herrialdeak, ezta multinazional handiak ere, baina bai, ordea, enpresa handietako edo estatuetako goi kargudunak.

Sandsek jakinarazi zuen definizioko hitz bakoitza tentuz neurtuta dagoela. Izan ere, azaldu zuenez, arazo bati aurre egin behar izan zioten. Definizio zabalegi bat osatzen baldin bazuten, oso zaila izango den Erromako Estatutuaren herrialde sinatzaileen babesa edukitzea; aldiz, mugatuegia bazen, onartua izateko aukera gehiago edukiko zituen, baina ia ezinezkoa izango zen ingurumen desastre bat ekozidio gisa tipifikatzea.

Adituen taldeak definizioaren kontzeptu giltzarriak zehaztu ditu estatutuan txertatu nahi duen testuan. «Zuhurtziagabekeria ausartegiko egintza bat 'arbitrariotzat' joko da, baldin eta argi eta garbi gehiegizkoak diren kalteak badakartza aurrez ikusi diren onura sozial eta ekonomikoen aldean». Eta beste bat: «Kalte bat 'larritzat' joko da, baldin eta aldaketa ezinago kaltegarriak, perturbazio edo kalte nabarmenak badakartza ingurumeneko edozein elementutan, bai eta ondorio larriak badakarzkie ere giza bizitzari edo baliabide natural, kultural eta ekonomikoei».

Horren guztiaren harira, hain zuzen, plataformak zehaztu du badirela legezko ekintzak, «sozialki onuragarriak eta ingurumenari ahalik eta kalte gutxien egin asmo diotenak», baina epe luzera kalte larriak eragiten dituztenak edo eragin ditzaketenak; hau da, ingurumenaren aurkako eraso asko legezkoak direla, eta juristen definizioa aintzat hartuz gero horiek legez kanpokoak edo arbitrarioak izan behar dutela zigortuak izateko.

Erromako Estatutua 1998an ondu zuten, eta Nazioarteko Zigor Auzitegia 2002ko uztailaren 1etik dago indarrean. Lau delitu epaitzen ditu: genozidioa, gizadiaren aurkako krimenak, gerra krimenak, eta beste estatu baten subiranotasunaren, lurralde osotasunaren edo independentzia politikoaren kontrako eraso krimenak. Azken hori 2010ean definitu zuten, eta zortzi urte geroago jaso zuen estatutuak, nahiz eta soilik 40 bat herrialdetan den baliozkoa.

Bai plataformako kideen ustez, baita jurista taldearentzat ere, klima larrialdiaren eragina zenbat eta agerikoagoa eta suntsitzaileagoa izan, orduan eta handiagoak ekozidioa nazioarteko corpus juridikoan txertatzeko aukerak. «Nik neuk itxaropena daukat eraso krimenak baino azkarrago egingo duela bidea. Gisa honetako delituak gero eta garrantzitsuagoak dira», nabarmendu zuen Dior Fall Sow aditu taldeko eta NBEko juristak ekainean, definizioa aurkeztu zutenean. Iruditzen zaio nazioarteko zuzenbidean «aldaketa handiak» gertatzen direla zenbaitetan. «Esaterako, 1945ean, Bigarren Mundu Gerraren ostean; baita 1998an ere, Erromako Estatutua onartu zutenean, eta Slobodan Milosevic [Jugoslaviako presidente ohia] akusatua izan zenean eta Augusto Pinochet [Txileko presidente izandakoa] atxilotua. Neure buruari galdetzen diot ea une horietako bat bizitzen ari ote garen».

1998ko «misterioa»

Duela 25 urte, Nazioarteko Zigor Auzitegia osatzeko bidean Erromako Estatutua zirriborratzen ari zirenean, adituek proposatu zuten ekozidioa delitutzat hartzea. Baina betoa jarri zioten AEBek, Frantziak, Erresuma Batuak eta Herbehereek, eta agrokimikoekin, erregai fosilekin, bioteknologiarekin eta sektore nuklearrarekin loturiko hiru multinazionalek. «Misterio bat da... Beharbada inoiz ez dugu jakingo zer gertatu zen, gertatutakoarekin lotura duten pertsona gehienak hilda daudelako, baina orain guri dagokigu hori Erromako Estatutuan txertatzea», adierazi zuen horri buruz Polly Higginsek (1968-2019), Stop Ekozidioa kanpainaren bultzatzaile nagusiak, 2017an. Harentzat, «naturaren aurkako genozidioa» da ekozidioa.

Termino hori publikoki aurreneko aldiz Olof Palme Suediako lehen ministro izandakoak (1969-1976 eta 1982-1986) erabili zuen, 1972an, ingurumenari buruzko NBEren goi bilera batean. Izan ere, Vietnamgo gerran agente laranja erabiltzeagatik ekozidioa leporatu zion AEBetako Gobernuari. Herbizida horren 42 milioi litro isuri zituzten gutxienez, eta, horren ondorioz, 400.000 pertsona inguru hil ziren, eta hondamendi ekologiko bat eragin zuten: basoen %20 baino gehiago suntsitu zituen herbizidak, eta mangladien %50. Bost urte geroago, 1977an, helburu militarrekin edo ingurumena aldatzeko tekniken debekuari buruzko konbentzioa onartu zuen NBEk. Palme 1986an hil zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.