Ekozidioa nazioarteko delituen zerrendan sartu, ala aukera horri atea itxi. Erabaki bat hartu beharko du Nazioarteko Zigor Auzitegiak ingurumenaren kontrako jokabide larrien gainean. Vanuatu, Fiji eta Samoa uhartediek eskaera aurkeztu zioten auzitegiari duela bi aste, ekozidioa ere har dezan bere eskumenen barruko delitutzat. Zigor Auzitegiak eskaria onartuko balu, aitortzen duen nazioarteko bosgarren delitua litzateke, genozidioarekin, gizadiaren aurkako krimenekin, gerra krimenekin eta estatu erasoarekin batera.
«Etapa berri bat hasi da», adierazi zuen Rodrigo Lledo Zuzenbideko doktore eta Stop Ecocide International elkartearen Amerikarako adarraren zuzendariak, irailaren 10ean, uhartediek eskaera aurkeztu ondorengo egunean, haren elkarteak zabaldu zuen ohar baten bidez. «Hemendik aurrera, ekozidioa nazioarteko delitu bihurtzeak aukera teoriko bat izateari utzi dio. Nahitaez egingo da proposamen zehatz baten gaineko eztabaida bat, nazioarteko erakunde jakin batean, eragile jakin batzuekin».
Uhartedien proposamena dozenaka urteko kanpainen azken urratsa da. Ekozidioa aitortzeko aldarria hauspotu dute urteetan zenbait elkartek eta legelari ezagunek. Vanuatuk, Samoak eta Fijik aurreko lan hori hartu dute oinarri eskaera egiterakoan. Besteak beste, hainbat legelari adituk Stop Ecocide International elkartearen ekimenez 2021ean adostu zuten ekozidioaren definizioa erabili dute: «Ekintza ez-zilegi edo arbitrario bat, gauzatzen dena jakinik probabilitate nabarmena dagoela ingurumenean kalte larriak eragiteko».
«Ekozidioa nazioarteko delitu bihurtzeak aukera teoriko bat izateari utzi dio. Nahitaez egingo da proposamen zehatz baten gaineko eztabaida bat»
RODRIGO LLEDOStop Ecocide Internationaleko Amerikako zuzendaria
Nazioarteko Zigor Auzitegiak eskaera onartuko balu, gai izango litzateke ingurumenean kalte larriak eragin dituzten norbanakoak pertsegitzeko. Esaterako, petrolio isurketa handien erantzuleak, basogabetze masiboenak, kutsatze kimikoenak eta ibai sistemak suntsitzen dituzten ekintzen arduradunak. «Ekozidioa nazioarteko krimenen artera gehitzea erabakigarria da, ardura goreneko postuetan daudenek —goi exekutiboak eta agintari politikoak— erantzun dezaten ingurumenean kalte larriak eragiten dituzten erabakiengatik», nabarmendu zuen Jojo Mehta Stop Ecocide Internationaleko zuzendariak, elkartearen oharrean.
Vanuatuk, Samoak eta Fijik Nazioarteko Zigor Auzitegian aurkeztu dutena Erromako Estatutua moldatzeko proposamen bat da, itun horrek zehazten baititu auzitegiaren oinarriak. Erromako Estatutua adostu aurretik —1998an ezarri zen—, ekozidioaren pareko nazioarteko delitu bat aitortzeko aukera eztabaidatu zuen Nazioarteko Zuzenbide Batzordeak, baina ez zuen nahikoa babes bildu, eta, ondorioz, Erromako Estatutuak aintzat hartzen dituen ingurumenaren kontrako delitu bakarrak gerra krimenen testuinguruan egindakoak dira.
«Ekozidioa nazioarteko krimenen artera gehitzea erabakigarria da, ardura goreneko postuetan daudenek —goi exekutiboak eta agintari politikoak— erantzun dezaten ingurumenean kalte larriak eragiten dituzten erabakiengatik»
JOJO MEHTAStop Ecocide Internationaleko zuzendaria
Azken urteetan, baina, ekozidioa delitutzat jo dute zenbait herrialdek. Belgikak ekozidioa gehitu zuen bere zigor kodera joan den otsailean, aditu batzordearen definizioa erabilita. Europako Batasunak «ekozidioaren pareko jokabideak» zigortzeko moldaketak egin ditu ingurumen zuzentarauan, eta aldaketa indarrean da joan den maiatzetik. Horrez gain, ekozidioa legedian jasotzeko egitasmoak eztabaidatzen ari dira Eskozian, Italian, Mexikon, Perun eta Brasilen, besteak beste.
Herritarren artean, babes handiko neurria da ekozidioa delitu gisa jasotzea, Ipsos konpainiak hilaren hasieran argitaratu zuen inkesta baten arabera. Haren esanetan, herritarren %72 daude halako delitu bat jasotzearen alde, G20 taldea osatzen duten estatuetako biztanleria kontuan hartuta —Errusiakoa izan ezik—. Egitasmoak azkenaldian hartu duen indarra ikusirik, ez da harritzekoa ekozidioa nazioarteko delitu bihurtzeko eskaria orain iritsi izana.
Urteetako prozesua
Proposamena Erromako Estatutuaren Zuzenketen Lantaldeak aztertu beharko du datozen hilabeteetan egingo dituen saioetan, eta erabaki beharko du estatu sinatzaileen batzarrera bideratu ala ez. Proposamenak estatu kideen bi herenaren babesa behar du onartua izateko. Oraingoz, herrialde gehienak isilik daude, eta gehiengo isil hori konbentzitu beharko dute egitasmoaren aldekoek. Prozesuak urteak beharko ditu ziurrenik, eta kontrako presio handiei egin beharko die aurre.
Dena den, baikor agertu da Philippe Sands nazioarteko zuzenbidean erreferentea den adituak. Ziur da Nazioarteko Zigor Auzitegiak ekozidio delitua gehitzea onartuko duela. «Egiazko aldaketa bat gertatu da jada, eta herrialde batzuek beren legedian gehitu dute. Uste dut egitasmo egokia dela, garai egokian datorrena», adierazi zion The Guardian egunkariari, proposamenaren berri atera zenean.
Ekozidioa delitu gisa hartuta ere, Nazioarteko Zigor Auzitegiaren eragina mugatua litzateke, berotegi gasen isurtzaile handietako asko ez baitira Erromako Estatutuaren sinatzaileak. Horien artean, AEBak, Txina, India eta Errusia. Aldiz, 120 sinatzaileen artean daude EBko estatu kideak, Erresuma Batua eta Japonia.
Auziaren eragina ekozidiotik haragokoa dela uste du Europar Unibertsitateko Institutuko ikertzaile Daniel Bertramek. Nazioarteko Zuzenbidearen Europako Aldizkarian orain bi aste argitaratu zuen artikuluan azaltzen duenez, Erromako Estatutua aldatzeko proposamenak eztabaida bat irekiko du argitzeko zer rol jokatu behar duen Nazioarteko Zigor Auzitegiak, «gero eta joera ez liberalagoa» hartzen ari den egoera geopolitiko honetan.