Ekonomia planetaren mugen menpe jarri ala ez bozkatuko dute Suitzan

Alderdi Berdearen gazte aliantzak aurkeztu du proposamena, eta igandean bozkatuko dute. Herrialdeko konstituzioa aldatzea eskatuko luke, onartua izanez gero. Aurka agertu dira gobernua eta parlamentua.

Suitzako herritar bat botoa ematen, iaz, Lausanan. LAURENT GILLIERON / EFE
Suitzako herritar bat botoa ematen, iaz, Lausanan. LAURENT GILLIERON / EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2025eko otsailaren 7a
13:09
Entzun

Garapen ekonomikoa eta ingurumena, bien arteko orekari eusteko proposamen anbiziotsu bat bozkatuko dute Suitzan, igande honetan. Herritarrek erabakiko dute hazkunde ekonomikoa mugatu behar ote den planetaren muga ekologikoetara, ez daitezen baliabide gehiago kontsumitu ingurumenak birsortu ditzakeenak baino.

Egitasmoa Alderdi Berdearen gazte adarrak proposatu du, eta ezkerreko alderdien eta elkarte ekologisten babesa jaso du. Aldiz, eragile boteretsuak agertu dira haren aurka. Horien artean, Suitzako Gobernua, parlamentua, enpresa elkarteak eta eskuin muturreko eta eskuineko alderdiak. Egitasmoaren aurka daudenek ohartarazi dute egitasmoak arriskuan jarriko lukeela Suitzaren aberastasun ekonomikoa, eta erantsi egun indarrean dauden araudiak nahikoa direla ingurumena babesteko.

Suitzaren aztarna ekologikoa planetaren muga jasangarrietatik kanpo dago, ordea. Haren kontsumo maila urte osoan banatuz gero, planetak sor ditzakeen baliabide kopurua gainditua izango luke maiatzaren 24rako. Hau da, mundu osoak Suitzako herritarren kontsumo maila bera balu, bi Lur planeta eta erdi beharko lirateke erabilitako baliabide kopuru bera sortzeko.

Proposamenaren bultzatzaileek sei muga ekologiko hartu dituzte aintzat, Stockholmgo Erresilientzia Zentroak ezarritako berak: klima aldaketarena, biodibertsitate galerarena, ur kontsumoarena, lurraren erabilerarena, nitrogeno emisioena eta fosforo emisioena. Suitzako ekonomia muga horien barruan sartzeko, hamar urteko trantsizio epe bat ezarriko luke egitasmoak.

Onartua izanez gero, herrialdeko konstituzioa aldatzea eskatuko luke egitasmoak, haren printzipioen artean ondorengoa jasotzeko: «jarduera ekonomikoak egiteko orduan, ezin dira baliabideak erabili eta gai kutsagarriak isuri kontuan hartu gabe ez direla gainditu behar bizitzari eusteko moduko oinarri naturalak». Praktikara eramanez gero, Suitzak hamar urtean %90 murriztu beharko lituzke berotegi gasen emisioak, 2018ko datuekin alderatuta, eta biodibertsitatearen gaineko eragina %74 murriztu beharko luke. Hala ondorioztatu du Ingurumen Bulego Federalaren azterketa batek.

Gehiengoa, aurka

Suitzako Gobernuak egitasmoaren aurka bozkatzea gomendatu du, argudiatuta halako aldaketa batek kontsumoa azkarki gutxitzera behartuko lukeela, ekonomia ahulduko lukeela eta produktu eta zerbitzu asko garestituko liratekeela. Parlamentua ere proposamenaren kontra agertu zen. 133 parlamentarik bozkatu zuten egitasmoa baztertzearen alde eta 61ek agertu zioten babesa.

Proposamenaren sustatzaileek, berriz, azaldu dute helburua «ongizatea eta gizakien osasuna hobetzea» dela, eta, onartua bada, trantsizioa «sozialki onargarriak» diren neurrien bidez egitea eskatu dute.

Inkestek aurreratu dutenez, herritar gehienak proposamenaren aurka daude. SRG etxeak urtarrilaren 15etik 23ra egin zuen gai horri buruzko inkesta, eta emaitzek erakutsi dute herritarren %61 daudela egitasmoaren kontra eta %37k dutela haren alde bozkatzeko asmoa.

Proposamena onartu zein ez, ezin ukatu eztabaida piztu duela, ingurumenaren mugak ekonomiarenak ere ez ote diren. Hazkunde ekonomikoa planetaren mugetara egokitzea helburu komun gisa aipatzen dute sarritan estatu agintariek nazioarteko bilkuretan, ekonomia jasangarri baten beharra aipatzen dutenean, baina zinez neurri aitzindaria litzateke estatu batek legez horretarako konpromisoa bere egitea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.