Ekialdeko herriak elkar hartuta NATOn, Errusiari aurre egiteko

Xabin Makazaga.
2015eko azaroaren 5a
00:00
Entzun
NATO aliantza militarreko kide diren Europa Ekialdeko eta Balkanetako bederatzi herrialdeetako agintariak Bukaresten bildu ziren atzo, eta etorkizunean elkar hartuta jardutea hitzartu dute. Errusiaren «jarrera erasokorra» dela kausa, indarrak biltzea erabaki dute, eskualdean «presentzia militar sendo, sinesgarri eta iraunkor bat» eduki ahal izateko.

Errumania, Bulgaria, Estonia, Letonia, Lituania, Eslovakia, Hungaria eta Poloniako presidenteak eta Txekiar Errepublikako Kongresuko buruak «oso kezkatuta» agertu dira Moskuk beren mugaldetik gertu erakutsi duen ekinbide militarragatik, eta NATOren «defentsa kolektiboa» indar gehiagorekin bermatzeko eskatu dute.

Errusiak nazioarteko legedia betetzea «ezinbestekoa» dela nabarmendu dute Europa Ekialdeko eta Balkanetako bederatzi agintariek: «Europaren segurtasunerako arkitekturari kalte egin diote Errusiak Ukrainan egindako ekintza erasokorrek, tartean Krimearen bat egite legez kanpoko eta zilegitasunik gabeak, ukrainar separatistei emandako babesak eta auzoko herrialdeetan egindako ekintza militarrek».

NATOko idazkariorde Alexander Vershbow bileran izan da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.