Ekialde Hurbileko erlauntza

Libanoko oreka politikoa hiru talde erlijioso nagusien arteko orekak baldintzatzen du: kristauen, xiiten eta suniten artekoak. Barrenetik edo kanpotik piztutako txinparta batek gerra zibila pitz lezake berriz ere.

2012ko urriaren 22a
00:00
Entzun
Munduan gatazka solasari lotutako eremu geografiko ezagunena izanen da, segur aski, Ekialde Hurbila. Horren errudun nagusiak izan litezke bertan dauden baliabide natural aberatsak, kanpoko potentzien gutizia. Azken hamarkadetan, barrenetik edo kanpotik, hango herrialdeen aniztasun etniko eta erlijiosoak xaxatzea nahikoa izan da gerrak piztu eta domino efektua eragiteko. Horren adibiderik argiena da Libano, adarrean zintzilik dagoen erlauntzaren gisan mugimendurik txikienak ere aztorarazi dezakeen herrialdea.

Libanoko herritarrak nagusiki hiru erlijioren artean banatuta daude: %40 inguru kristauak dira, %30-40 artean musulman xiitak, eta %30 inguru musulman sunitak. Egonkortasuna hiru adar horien arteko harremanak baldintzatzen du. 1943ko hitzarmen baten arabera, presidenteak kristau maronita izan behar du, lehen ministroak sunita, eta parlamentuko presidenteak xiita. Parlamentuko jarlekuak ere erlijioen arabera banatuta dituzte.

Banaketa horren bidezkotasuna zalantzan jarri izan da, batez ere xiiten aldetik, haiei dagokien proportzioa ez dela errespetatzen baitiote. Tentsioa hazten denean, txinparta bat nahikoa izan liteke gatazka pizteko. Horrelako egoera larri bat izan zen 2005ean, Rafik Hariri lehen ministroa atentatu batean hil zutenean, bertze 22 lagunekin batera. Justiziak ez du ikerketa amaitu, baina Haririren aliatuek eta nazioarteko hainbat sektorek Hezbollahi eta Siriari egozten diote hilketa; Hezbollahek, berriz, Israelen konspirazio bati.

Izan ere, Damasko eta Tel Aviv aktore garrantzitsuak dira Libanon. Errefuxiatu palestinarren presentzia handia dela eta, Israelek Libano kontrolatu nahi du; Siriak, berriz, xiitak nahiago ditu boterean, Israelen eragina murrizteko. Arrisku nagusia da, azkenean, hamabortz urte luze iraun zuen gerra zibila (1975-1990) berriz pizteko osagaiak hor daudela, erlauntza nork astinduko esperoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.