Palestinako Hamas taldearen adar politiko eta militarreko buruzagien hilketek tentsioa handitu dute Ekialde Hurbilean, eta, hala, are gehiago hedatu da iazko urriaren 7an larritutako Gazako gatazkak eskualdean duen eragina. Hamasek eta Iranek Israeli leporatu diote erakunde islamistaren buruzagi politiko Ismail Haniyehren hilketa, eta Tel Avivek aurreko ostegunean baieztatu zuen adar militarreko buru Mohammed Deif hil zuela baieztatu zuen uztailaren 13an. Gauzak horrela, eta talde palestinarraren alde eskualdeko beste zenbait miliziak —Libanoko Hezbollahk, esaterako— Israelen aurkako erasoaldiak areagotuko dituzten beldur, G7ko kideek egungo «indarkeria ziklo suntsitzailea» amaitu dezatela eskatu diete «gatazkaren parte diren aktore guztiei».
Azken egunetan gertatutakoek «gatazka heda dezaketela» iritzi diote G7koek —Alemaniak, Kanadak, AEBek, Frantziak, Italiak, Japoniak eta Erresuma Batuak osatzen dute taldea; gainera, EB Europako Batasunak ordezkaritza politiko iraunkorra du—; hala adierazi dute, behintzat, taldeko herrialdeetako Atzerri ministroek gaur argitaratutako oharrean. Adierazpen bateratua egiteko bezperan, AEB Amerikako Estatu Batuetako Estatu idazkari Antony Blinkenek Iranen aurka «presio diplomatikoa» egin dezatela eskatu zien taldeko beste kideei. Presio horren xedea zera litzateke, Teherandik irits litezkeen ekintzak eragoztea.
Blinkenek Atzerri ministroei eskatutako presio diplomatikoak helburu zehatza izando duela uste du AEBetako Axios hedabideak. Egunkari digitalak gaur goizaldean kaleratutako informazioaren arabera, AEBetako Estatu idazkariak ohartarazi du litekeena dela Iranek eta Hezbollahk Israelen aurka eraso egitea gaur edo bihar. Biek aurretik egin diote eraso Israeli —Iranek, adibidez, droneak jaurti zituen apirilaren 13an—, baina, Blinkenek esan zuenez, ezin da jakin nolakoa izango den Hamaseko buruzagien hilketak mendekatzeko erasoa. Eraso hori eragotzi nahi izan dute AEBek, baina Hezbollahk drone erasoa egin du gaur goizean Israel iparraldearen aurka.
Hezbollahren eta Iranen mehatxuaren beldurra ekarri duten Haniyehren eta Deifen hilketak ez dira azken egunetan Hamasen goi karguen aurka egindako eraso bakarrak. Izan ere, Israelgo armadak gaur baieztatu duenez, Gazako Gobernuko Ekonomia ministro Abad al-Zeriei hil zuen atzo —Hamasek gobernatzen du zerrenda—. Airez egindako eraso batean hil zuela esan du armadak, baina ez du zehaztu zerrendako zer tokitan izan zen eraso hura.
Al-Zeriei bertan hil zuela baieztatu ezin daitekeen arren, Tel Avivek Gaza hirian egin zituen atzo zeresanik handiena eman zuten erasoak: Hassan Salama eta Nassr eskolak bonbardatu zituen hainbatetan. Bi eraso horien xedea Hamaseko kideak hiltzea zela jakinarazi du Tel Avivek; hala ere, 30 palestinar inguru hil zituen, eta, Palestinako Osasun Ministerioak gaur jakinarazi duenez, hildakoen %80 inguru haurrak ziren.