EKIALDE HURBILA

Ekialde Hurbilean fronte gehiago ez sortzeko eskatu diete AEBei

AEBek bigarren egunez jarraian eraso egin diete huthiek Yemenen dituzten posizioei; instalazio militar bat bonbardatu dute. Irakek Washingtoni ohartarazi dio «suarekin jolasean» hasiz gero denak «erre» daitezkeela.

HUTHIAK. YEMEN.
AEBen bonbardaketaren ondoren, huthiek Sanan egindako protesta bat, herenegun. EFE
Igor Susaeta.
2024ko urtarrilaren 13a
19:25
Entzun

Ekialde Hurbilean, Gazan hain zuzen, fronte bat irekita dago joan den urriaren 7tik. Orduz geroztik, Libanoren eta Israelen arteko mugan ere areagotu egin dira Tel Aviven eta Hezbollahren arteko borrokak; duela bi astetik, Hamasen buruzagietako bat Beiruten hil zutenetik, tentsioak gora egin du han. Eta ikusita AEBak azken bi egunetan milizia huthiek Yemenen dituzten posizioak bonbardatzen hasi direla —Joe Biden Etxe Zuriko maizterraren esanetan, matxino xiita horiek Itsaso Gorria igarotzen duten zamaontziei azken asteetan egindako erasoei emandako erantzun gisa—, eta horrek eragin dezakeenaren beldur, Ekialdeko Hurbileko bi herrialdek, Libanok eta Irakek, Washingtoni eskatu diote ez ditzala fronte gehiago sortu eskualde horretan.

Gaur-gaurkoz, ez dira eskualdean pisu gehien dutenak, baina badakite gatazka gehiago sortzeak haiei ere eragin diezaiekeela, hedatzeen ondorioz. Hortaz, Gazako gerra zabaltzeko «ahaleginak» gaitzetsi ditu Irakeko presidente Abdelatif Raxidek, X sare sozialean idatzitako mezu batean, eta ohartarazi du «suarekin jolasean» hasiz geroz denak «erre» daitezkeela. Adierazpen hori egin du gaur, AEBek jakinarazi ondoren bigarren egunez jarraian aire eraso bat egin dutela huthiek Yemenen dituzten posizioen kontra.

Libanoko Gobernuak ere bonbardaketa horren ondoren jakinarazi du «oso kezkatuta» dagoela, aintzat hartuta gatazkak areagotzen ari direla eskualdean. Atzerri Ministerioak ohar baten bidez plazaratu du bere jarrera, eta, aipatu ez dituen arren, uler daiteke AEBei belarrietatik tira egin diela: «Goraldi honen benetako motiboei ez heltzeak —hau da, su eten bat Israel Gazan egiten ari den ofentsiban— gatazka zabaldu dezake, berriki gertatzen hasi den moduan. Horrek arriskuan jarriko lituzke eskualdeko zein nazioarteko bakea eta segurtasuna». Horren harira, Gazan su eten bat eskatzeko NBE Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseiluaren ebazpen baten kontra bozkatu zuten AEBek, abendu erdialdean. Washingtonek azken orduetan esan du, John Kirby Segurtasun Nazionalerako Kontseiluaren bozeramailearen ahotik, ez duela gatazka berri bat sortu nahi eskualdean, ez duela horretarako «interesik», baina huthiek zamaontziei eraso egiten segitzen badute ez dutela zalantzarik izango «neurriak hartzerakoan».

Eta AEBetako iturri ofizialek jakinarazi dute huthiek Yemenen —herrialdearen mendebaldea dute kontrolpean, azalera guztiaren %30 inguru, Sana hiriburua barne— duten instalazio militar bateko radar bati eraso egin diotela gaur goizaldean. Matxino xiiten talde horretako agintari batek Al-Jazeera telebista kateari adierazi dionez, baina, AEBen erasoak ez du ez biktimarik, ez kalte materialik eragin, instalazioa «zerbitzuz kanpo» baitzegoen.

AEBetako armadak atzo goizaldean Erresuma Batuko indarrekin egindako erasoaldia handiagoa izan zen, eta huthiek adierazi zuten gutxienez beren bost kide hil zirela eta sei zauritu. Miliziak iragarri zuen «erantzun bortitza» emango diotela bonbardaketa horri. Pentagonoko iturriek esan dutenez, gutxienez misil bat jaurtita erantzun dute. AEBetako Defentsa Departamentuaren ustez, atzoko bonbardaketekin matxinoek erasoaldi bakarrean misil asko jaurtitzeko zuten gaitasuna murriztu dute.

Iranek armaz hornitzen ditu huthiak, Teheranek hori ukatzen duen arren, eta Yemengo Itsaso Gorriko kostaldea kontrolatzen dute. Orduan, haien esanetan Palestinarekiko elkartasunez, azaro amaieran Adengo golkotik sartuta Itsaso Gorrira zihoazen zamaontziei eraso egiten hasi ziren. 27 eraso egin dituzte guztira, Washingtonek dioenez; iturri horren beraren arabera, munduko itsas trafikoaren %15 inguru itsaso horretatik igarotzen da egunero. Matxinoen erasoengatik, urtearen amaieran ia hirurehun ontzik aukeratu zuten jada Adengo golkotik igarotzeari muzin egin eta, Asiatik Europara bidean, Afrika inguratzea.

Hildakoak Zisjordanian

Israelgo indar armatuak hiru gazte hil ditu gaur Zisjordania hegoaldean, Adora kokagunean. Hori jakinarazi dute Palestinako iturri ofizialek. Israelgo armadaren arabera, haren soldaduei tiro egin dietelako bihurtu dira gazteak helburu. 2024an dagoeneko 28 palestinar hil ditu Israelek Zisjordanian.

Bestalde, Israelgo armadak segitzen du Gazako erasoaldiarekin, eta, gaur eguerdian, hango iturri ofizialek nabarmendu dute aurreko 24 orduetan 135 gazatar hil dituztela; nagusiki, Khan Yunisen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.