Salih Muslim Muhammad. PYD Batasun Demokratikoaren Alderdiaren burua

«Ekialde Hurbilaren etorkizuna baldintzatuko du Siriako kurduen geroak»

Aldarrikapen umilak dituztela adierazi du Salih Muslim Muhammadek; kurduen eskubide demokratikoak errespetatzea eta onarpen konstituzionala ematea lortu nahi dute.

K. ZURUTUZA.
Qamixli
2012ko irailaren 4a
00:00
Entzun
Salih Muslim Muhammad ingeniari kimiko eta PYDko buruak badaki kurdu guztiak Siriaren menpeko Kurdistanera begira daudela. Gizarte eredu berri bat ezarri nahi dutela dio, non herritarrek erabakiak hartuko dituzten, baina Muhammadek dio arazoak Damaskon konpondu nahi dituztela, eta ez beste inon.

Zer dela-eta egoera baketsua kurduen kontrolpeko eskualdean? Siriako kurduek ez al dute bat egin matxinoekin?

Kurduok hasieratik altxatu ginen Baxar Al-Assaden kontra. Alabaina, iraultza baketsua nahi genuen. Indartsuagoa denez gero, Damaskok eraman zuen gatazka esparru armatura. Siriako gainontzeko eskualdeetan hamaika dira atzerriko esku hartzeak, baina, oraingoz, geure burua babesteko gauza izan gara.

Askok diote Al-Assadekin itun bat sinatu zenutela. Egia al da?

Ez dugu inoiz inolako itunik sinatu, ez Al-Assadekin, ezta beste inorekin ere. Al-Assad, Turkia, Qatar, Saudi Arabia, NATO… inork ez du inoiz gure eskubideen alde egin. Damaskok garbi asko daki gure eskubideak besterik ez dugula nahi; horregatik ez dira gure beldur. Bagenekien Al-Assad ez zela berehala eroriko; horrexegatik, hasieratik eratu genituen babeserako batzordeak. Duela urtebete hainbat kontrolgune kudeatzen genituen; beraz, gurea ez da azken bi hilabeteotako kontrola.

Irak bilakatu daiteke Siria epe laburrean?

Gero eta handiagoa da indarkeria erabat sektarioa bilakatzeko arriskua, baina, esan bezala, ez da hori siriarrok aukeratu dugun bidea. Kurduok argi dugu geure kabuz egin behar dugula borroka. Begira Alepon zer gertatzen ari den: kanpoko gerlariez josita dago hiria. Zergatik daude han? Zer nahi dute? Guk ez genieke, inondik ere, Al-Qaeda bezalako taldeei sartzen utziko gure eskualdean.

Edonola ere, inguruko herrialde arabiarrak armaz josita daudela diote orain…

Badakigu Al-Assadek armak eman dizkiela bertako herri arabiarrei. Erasorik jasaten ez badugu, gu ez gara borrokatuko. Bizilagun izaten jarraitu nahi dugu; beraz, arabiar eta kurduon arteko liskar oro saihestu behar dugu.

Arabiarrez gain, kristau ugari bizi dira hemen. Batzuek beren desadostasuna azaldu dute jada kurduen aginte berria dela eta.

Nire ustez, harreman ona daukagu. Armeniarrekin elkartu berri naiz hemen, Qamixlin. Babesa eskatu digute, sunita arabiarren biktima erraz izan daitezkeelakoan baitaude. Bestalde, arabiarrek ere jo dute berriki ezarri ditugun gizarte etxeetara. Bitartekarien bidez, euren arteko arazoak konpontzen saiatzen gara bertan.

Hainbat herritarrek, kurduak gehienak, kontrol postuetan erasoak jasan izana eta bestelako gehiegikeriak salatu dituzte. Hala izan da?

Lehenik eta behin, azpimarratu nahi nuke alderdi politikoa besterik ez dela PYD. Nolanahi ere, badakigu oker asko izan direla azken hilabeteotan. Dena berria da guretzat; ez daukagu egoera honi aurre egiteko ezinbestekoa den eskarmentua. Ia 50 urte eman ditugu Baath alderdiaren botaren azpian; nekez gaindi daiteke hori egun batetik bestera. Bestalde, badira gure lana gutxiesten saiatzen direnak ere.

Turkian alarma piztu da jokatzen ari zareten rola dela eta. Ankara behin eta berriz errepikatzen ari da «PKKren adar bat besterik ez» zaretela.

Turkiak ez luke esku hartu behar siriarron auzietan. «Terroristak» garela dio beldur itzela diolako Siriako kurduok gure eskubideak lortzeari. Lehenago esan bezala, alderdi politikoa baino ez gara. Kalean, kontrol postuetan eta mugan ikusi dituzun gizon armatu horiek herri batzordeetako kideak dira. Herria babestu nahi dute, eta armak etxetik ekarri zituzten. Sirian ohikoa da armak izatea etxeetan.

Siriako kurdu asko Irakeko eredu federala ezartzearen alde ageri dira. Hori al da zuen apustua ere?

Askoz umilagoak dira gure aldarrikapenak: gure eskubide demokratikoak nahi ditugu; funtsean, gure existentziaren onarpen konstituzionala. Gizarte erakunde gardenak ezarri nahi ditugu, elkarren artean koordinatuta ordezkatuko gaituztenak. Ez da ohiko eredu autonomikoa. «Muturreko demokrazia» deitzen diogu, aniztasunaren aberastasunaz baliatzen den eredua, non herriak erabakiak har ditzakeen. Horrek, baina, ez du esan nahi Siria hautsi nahi dugunik. Gure arazoak Damaskon konpondu nahi ditugu, eta ez beste inon.

Hamabost alderditik gora daude egun Mendebaldeko Kurdistanen. Zenbaki hori ez al da Siriako kurduon arteko hausturaren adierazgarri?

Ez. Uztaileko Arbilgo Itunaren ondorioz, ia denok Goi Batzorde Kurduaren aterkipean gaude. Jakina, gure artean badaude desadostasunak, baina, funtsean, denok gure eskubide demokratikoen aldeko apustu garbia egin dugu. Era berean, munduko gainontzeko kurduen babesa dugu; denak guri begira daude orain, gure helburua lortzea aurrerapauso handia izango delako kurdu guztientzat. Badakite gure etorkizunak eurenean eragingo duela, baita Ekialde Hurbil osoarenean ere.

Zein da Siriako gatazka konpontzeko zuen proposamena?

Uste baino errazagoa: utzi siriarrok gure etorkizuna erabakitzen. Gauza jakina da odoltsua dela oso assadtarren erregimena, baina ziur nago oraindik aukera izango genukeela egoera elkarrizketaren bidez konpontzeko. Horixe da, hain justu, atzerriko hainbat aktorek nahi ez dutena. Gobernuak Irandik eta Errusiatik jasotzen ditu armak; bestetik, Saudi Arabia, Qatar, Turkia… ari dira Siriako Armada Askeari babesa ematen. Kofi Annanen egitasmoak arrakasta izango zukeen, baina gobernuak eta atzerriko potentziek ez zuten hura gauzatu nahi izan. Tamalez, iragan ekainean Genevan hitz egindakoa ez zen kontuan hartu, eta egun inork ez daki zer gertatuko den aurrerantzean. Guk argi daukagu prest egon behar dugula edozein egoerari aurre egiteko: egungo gobernupean, oposiziopean... edo Turkiarren operazio militar baten aurrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.