Iranen eta Saudi Arabiaren arteko harremana

Ekialde Hurbila astindu dezakeen ituna

Iranek eta Saudi Arabiak harreman diplomatikoak berreskuratu zituzten apirilean, eta horrek sakoneko aldaketak eragin litzake eskualdeko gatazketan eta harremanetan. Txinaren eta AEBen arteko borroka geopolitikoarekin ere badu lotura hitzarmen hori egin izanak.

Yemengo matxino huthien aldekoak, maiatzaren 24ko manifestazio batean, Sanan. YAHYA ARHAB / EFE.
ander perez zala
2023ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Ekialde Hurbileko aliantzen, etsaitasunen eta interesen nahaspilaren erdian, Iranek eta Saudi Arabiak harreman diplomatikoak berreskuratu izanak lehen ondorioak eragin ditu eskualdeko beste herrialdeetan. Bi potentziak prest daude norberaren mugetatik harago zabaldu den etsaitasuna txikitzeko, eta, apirileko akordioa oraindik ere hauskorra den arren, erakutsi du ahalmena duela sakoneko aldaketak eragiteko.

40 bat urte bete ditu inguruko estatuetan influentzia handiena izateko zeharkako borroka horrek; orain, galdera da Teheranen eta Riaden gerturatzeak garai berri batean sarraraziko ote dituen Libano, Irak, Israel, Siria eta Yemen, besteak beste. Horietan guztietan, modu batera edo bestera, eragina izan du Iranen eta Saudi Arabiaren arteko etsaitasunak, eta, beraz, itunak aukera sortu du gatazkak desblokeatzeko. Betiere kontuan harturik horiek ez direla islamiar errepublikaren eta erresumaren arteko borroka geopolitikoak sortuak, eta apirileko akordioak ez dituela amaiaraziko.

Eskualdetik kanpo, Ekialde Hurbileko bi potentzien arteko hitzarmena garaipen diplomatiko bat da Txinarentzat; besteak beste, bitartekaritza lan arrakastatsuak eskualde horretan influentzia handitzeko balioko diolako, AEB Ameriketako Estatu Batuen aurrean. Eta horrek, ezinbestean, aukera dakar beste agertoki bat sortzeko: Ekialde Hurbileko herrialdeak beste era batera lerrokatzea, harreman sare konplexuago baten bidez, adibidez.

Ikusteko dago hori gertatuko den, epe luzerako kontua baita. Horren aurretik, epe laburrera eta ertainera begira, Iranen eta Saudi Arabiaren arteko itunak eskualdeko lehia txikitu lezake, eta horrek modua emango du arreta handiagoa jartzeko gainerako herrialdeen barne aferen eta arazoen konponketan. Hauek dira akordioak eragin ditzakeen ondorioetako batzuk.

IRAK

Urteak ziren Irakeko politikari asko Iranen eta Saudi Arabiaren arteko harremana hobetzeko eskatzen ari zirela; apirileko akordioa, beraz, albiste ona da herrialde horrentzat ere. Eta, Txinak lortu duen arren bitartekaritzarik arrakastatsuena, Pekinen lanaren aurretik Bagdadena dago, bost aldiz antolatu baitzituen Teheranen eta Riaden arteko elkarrizketak; hau da, duela bi hilabeteko itunaren oinarriak jarri zituen.

Iran eta Saudi Arabia Iraken bizilagunetako bi dira —islamiar errepublikarekin muga luzeagoa du—, eta bost negoziazio saio horiek tentsioa apaltzeko balio izan diote Bagdadi, batez ere Mustafa al-Kadhimi lehen ministro zenean (2020-2022); besteak beste, 2019 eta 2021 bitartean Teheranek babesturiko Irakeko miliziek Saudi Arabiari eraso egin ziotelako.

Ekialde Hurbileko bi potentzien influentzia handia da, eta horrek eragin du hamarkadotan Irak politikoki desegonkorra izatea; islamiar errepublikak xiitengan du eragina —Iraken gehiengoa dira—, eta Riadek, sunitengan. Testuinguru horretan, asteotako erreakzioek agerian utzi dute Teheranen eta Riaden arteko akordioak ez duela aldaketa handirik eragingo Iraken; edo, behintzat, hori dela herrialde horretan dagoen ustea. Batez ere Irani dagokionez, influentzia handia baitu Iraken, eta ez Saudi Arabiaren kasuan, eragin txikia baitu. Edonola ere, hitzarmenak Iraken edukiko dituen ondorioak izango dira, kasurako, itunaren arrakastaren edo porrotaren erakusgarri garbietako bat.

ISRAEL

Iran da Israelen Ekialde Hurbileko etsai geopolitiko nagusia, hori ez da sekretua. Tel Aviven hamarkadotako estrategia ikustea besterik ez dago: islamiar errepublika bakartzen saiatu da nola edo hala, betiere Mendebaldearekin elkarlanean, eta, beharrezkoa izanez gero, Persiar golkoko estatu arabiarrekin ere bai.

Estrategia hori kontuan harturik, agerian geratu da Teheranen eta Riaden arteko akordioa, Pekinen bitartekaritzarekin egindakoa, kezkagarria dela Tel Aviventzat. Batetik, AEBak, betiko aliatuak, pisua galtzen ari direlako Ekialde Hurbilean, eta Txina hutsune hori betetzen saiatuko delako; eta, bestetik, eskualdeari begira, itunakare gehiago ahuldu duelako Israel buru duen Iranen kontrako aliantza.

Tel Avivek nahiago du Ekialde Hurbileko herrialdeak ahulak izatea, eta barne eta kanpo borroketan murgilduta egotea. Hortaz, urteotako garapen diplomatikoek ez diote mesederik egin: batetik, Siria eta Turkia gerturatu izanak; bestetik, Iranek eta Egiptok harremanak normalizatu izanak; eta, orain, Teheranen eta Riaden arteko akordioak, kasurako. Horien ondorioz, azkenaldian Israelek islamiar errepublikak baino bakartuago ikusi du bere burua eskualdean, noiz-eta AEBen mugarik gabeko laguntzak jada mugarik gabekoa ez dirudienean eta etsaiak elkarren artean ados jartzen ari direnean.

Israel ez dago gustura agertoki horretan, eta hori izan da aurten palestinarren aurkako indarkeria nabarmen handitzearen atzean dauden arrazoietako bat. Afera horrek kezka handia eragiten du Ekialde Hurbilean, eta badirudi Tel Avivek horrekin presio egin nahi diela eskualdeko estatuei. Palestinako gatazkak asko baitu geopolitikatik.

LIBANO

2020ko abuztuan Beiruteko portuan izandako leherketak, erakundeen paralisiarekin eta krisi ekonomikoarekin batera, ataka zailean utzi du Libano. Urritik ez du presidenterik, jarduneko gobernua gutxitan elkartzen da, parlamentua legerik egin gabe dago aspaldidanik, eta bi sektore politikoen arteko desadostasunek bere horretan irauten dute.

Agertoki horretan, Iranen eta Saudi Arabiaren arteko akordioak ate bat ireki lezake gobernabidea eta egonkortasun politikoa berreskuratzeko, baina lehentasunen araberakoa izango da hori. Eta ez dirudi, oraingoz behintzat, Libanok garrantzi handia izango duenik Ekialde Hurbileko bi potentzien agendan.

Oro har, Mediterraneoko herrialde horretako politika bi sektoretan banatuta dago: batetik, Iranek babesten duen Hezbollah xiita buru duena; eta, bestetik, Saudi Arabiaren aliatu diren sunitak eta Indar Libanoarrak kristaua, esaterako. Hezbollah buru duen sektorearentzat, Iranen eta Saudi Arabiaren arteko akordioa pozgarria izan liteke, interpreta baitezake Teheranen nazioarteko bakartzea amaitzeko pauso bat dela, eta Riad ez dela hainbeste lerratuko AEBen interesen alde. Beste sektoreari dagokionez, aukera bat izan liteke Iranek Libanon duen influentzia txikitzeko.

Baina horrek ez luke zertan esan nahi arazorik handienak konponduko lituzkeenik. Agertokirik baikorrenean jarrita ere, hau da, gobernabidea berreskuratuta ere, krisi ekonomikoak hor segituko luke.

SIRIA

Iranen eta Saudi Arabiaren arteko itunak beste garaile bat izan lezake: Baxar al-Assad Siriako presidentea. Herrialde horretako gerra azken txanpan dagoen honetan, Ekialde Hurbileko estatuak hasiak dira aitortzen Al-Assadek irabazi duela guda, eta, pixkanaka-pixkanaka, harengana hurbiltzen ari dira, berriz ere.

Horren erakusgarri, Siria Teheranen eta Riaden arteko itunaren ostean itzuli da Arabiar Ligara; besteak beste, Saudi Arabiak egindako presioari esker. Eta, Persiar golkoko estatuek esan duten arren erabaki horrek ez dituela behartzen Damaskorekin harremanak normalizatzera, pentsa liteke, epe ertainean edo luzean, azkenean hori gauzatu egingo dela.

Siriako gerrari dagokionez, ez dirudi, oraingoz bada ere, akordioak gatazkaren irtenbidean laguntzeko balioko duenik. Iranentzat, herrialde hori funtsezko elementuetako bat da Israelen kontra duen aliantzen jokoan, han gordetzen baititu, besteak beste, Libanoko Hezbollahri bidaltzen dizkion armak; Saudi Arabiak, berriz, talde matxinoak babestu ditu urteotan, baina Damaskorekin enbaxadak irekitzea adostu izanak are gehiago indartu du Al-Assaden zilegitasuna.

Siriako presidentea pozik baitago, herrialde horretako Atzerri Ministerioak komunikatu baten bidez agerian utzi zuenez: «pauso garrantzitsutzat» jo zuen Teheranen eta Riaden arteko akordioa, argudiatuta eskualdearen «segurtasuna eta egonkortasuna indartzen» lagunduko duela.

YEMEN

Yemengo gerrari dagokionez, Iran eta Saudi Arabia horretan inplikatuta egon dira, modu batera edo bestera. Teheranek matxino huthiak babestu ditu; eta Riad horien kontrako nazioarteko koalizioaren buruzagitzan aritu da.

Saudi Arabiak modu zuzenagoan parte hartu duen arren gudan, ez du lortu bere helburuak betetzea —ez militarrak eta ez politikoak—, eta, iaztik, irtenbide negoziatu bat sustatu nahian ari da. Horren ondorio izan da joan den urteko apirileko su etena, zeina bi aldiz luzatu zuten, urrira arte; harrezkeroztik, ez da adostasunik egon, baina, oro har, bi aldeek erabakia errespetatzen dute oraindik ere.

Borroka amaitzeko testuingurua pixkanaka eraikitzen ari diren honetan, nazioarteak onarturiko Yemengo Gobernuak eta matxino huthiek gerra amaitzeko akordio bat egiteak are gehiago sendotuko luke Teheranen eta Riaden arteko harremana. Eta, hain justu, gerrako bi aldeek begi onez ikusi zuten Ekialde Hurbileko bi potentzia horien arteko hitzarmena. Su eten iraunkor baterako bidean, iragan apiril erdialdean 800 preso trukatzea izan zen lehen pausoa.

Halere, ikusteko dago Yemengo gatazkako beste aldeak, STC Hegoaldeko Kontseilu Trantsizionalak, zer nahiko duen—Arabiar Emirerri Batuen babesa jasotzen du—. Bi potentzien arteko akordioari «ongietorria» eman zion STCren bozeramaile Ali Abdullah al-Kathirik, baina ez zuen xehetasun gehiagorik eman. Alderdi-milizia independentista horrek lurralde zabal baten kontrola du herrialdearen hegoaldean, eta zeresan handia izango du gatazkaren amaieran; oraingoz, ohartarazi izan du ez dela nahitaez Teheranen eta Riaden arteko hitzarmenaren arabera arituko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.