«Ekaitzari aurre egingo diogu»

Erresuma Batuko lehen ministroak aldaketak iragarri ditu ekonomian, energia alorrean eta osasun zerbitzuetan. Trussek bere gertukoak aukeratu ditu gobernu berrirako

Liz Truss, Erresuma Batuko lehen ministroa, kargua hartu osteko lehen agerraldian, atzo, Londresen. NEIL HALL / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2022ko irailaren 7a
00:00
Entzun
Euria izan zuen lagun Liz Trussek Erresuma Batuko gobernuburu karguan egindako lehen agerraldian, eta asko izan ziren eguraldia bere agintaldiarekin lotu zutenak, esanez garai ilunak izango direla datozenak. Buruzagi kontserbadoreak, ordea, itxaropena eskaini die herritarrei: «Ekaitzari aurre egingo diogu, eta berriz martxan jarriko dugu Erresuma Batua, eraiki egingo dugu, eta hazten lagunduko diogu».

Hiru helburu nagusi ere zehaztu zituen Trussek hurrengo hilabeteetarako: ekonomia, energia eta osasun zerbitzuak. Ekonomiaren alorrean zerga erreforma iragarri zuen: «Zergak murriztuko ditugu lan gogorra saritzeko eta inbertsioak bultzatuko ditugu». Energiaren arloan, berriz, «[Errusiako presidente Vladimir] Putinen gerrak» eragindako energia krisia kudeatzeko neurriak, eta erreformak iragarri zituen osasun zerbitzuetan ere: «Gure osasun zerbitzua zutituko dugu».

Etorkizun hurbilerako xedeak zehazteaz gain, iragan gertuko gatazkak amaitutzat eman zituen Trussek, eta eskerrak eman zizkion orain arte gobernuburu izan den Boris Johnsoni, gogoraraziz bera izan zela brexit-a ahalbidetu zuena, baita COVID-19aren aurkako txertaketa kudeatu eta Errusiaren aurrean «tinko» eutsi ziona ere. «Lehen ministro kontsekuentea izan da. Orain garaia da Britainia Handiari bizkarrean daraman pisua arintzeko. Azkarrago eraiki behar ditugu errepideak eta etxeak, eta banda zabala hedatu. Familien zorra gutxitu behar dugu», aldarrikatu zuen gobernuburuak.

Ordu batzuk lehenago berretsi zuen karguan Elizabeth II.a erreginak, Balmoralgo jauregian, Eskozian. Hala, baimena eman zion gobernua osatzeko elkarrizketak hasteko. Ordurako, baina, aurreratuak zituzten zenbait izen. Gobernu berria osatuko dutenetako batzuk izango dira honako hauek: Kwasi Kwarteng Ekonomia ministro karguan, James Cleverly Atzerri Ministerioan eta Suella Braverman Barne ministro gisa —orain arte kargu horretan aritu den Priti Patelek herenegun eman zuen dimisioa—.

Dimisioak

Johnsonek atzo utzi zuen ofizialki gobernuburu kargua. Aurrez, Downing Streeteko 10. zenbakian egindako azken agerraldian kritikatu egin zituen haren kargugabetzea behartu zutenak, eta babesa eskaini zion bai Trussi, bai Alderdi Kontserbadoreari: «Lekukoa eskuz aldatu da, ezustean txandakako lasterketa bilakatu den honetan. Zenbaitek erabaki zuten ibilbidearen erdian arauak aldatzea, baina horrek ez dio axola orain».

Uztailean eman zuen dimisioa Johnsonek, pandemian Downing Streeteko 10. zenbakian egindako festek eragindako eskandaluagatik. Baina berak ez du akatsik egin izana onartu, alderantziz baizik, «konspirazio» baten biktima izan dela esan izan du behin baino gehiagotan. Agurreko prentsaurrekoan, berriz, politikagintzako lehen lerrotik erretiratzeko asmoa iragarri zuen, baina itzultzea erabat baztertu gabe. Izan ere, Cincinatori egin dio erreferentzia, hura bezala «nekazaritza lanetara» itzuliko dela esanez. Baina Cincinato buruzagi erromatar bat izan zen, zeinak kargua utzi zuen arren, Senatuak eskatuta, bigarrenez itzuli zen agintera.

Johnsonez gain, orain arte Justizia ministro eta lehen ministrorde izan denak ere, Dominic Raabek, iragarri zuen utzi egingo duela kargua, eta bigarren lerrora igaroko dela. Twitterren zabaldutako txio batean eman zuen erabakiaren berri, baina zehaztu gabe dimititu ote duen edo Trussek berak kargugabetu ote duen.

Alderdi Kontserbadoreko buru izateko lehian Trussen aurkari izan den Rishi Sunaken gertuko bi ministrok ere euren karguak utzi dituzte: Osasun ministro Steve Barclayk eta Garraio ministro Grant Shappsek. Ipar Irlandarako idazkari Christopher Hope ere kargutik kentzea erabaki du Trussek. Gobernuburuak bere lehen prentsaurrekoan kontserbadoreen arteko batasuna irudikatu eta liskarrak amaitutzat eman nahi izan baditu ere, erabakiak hartzeko garaian argi utzi du lehian bere alde egin dutenak nahi dituela lehen lerroan.

Datozen hilabeteak ez dira errazak izango gobernuburu berriarentzat: inflazioa %10,1ekoa da, eta espero dute urte amaierarako hiru puntu igoko dela; energiaren alorrean, berriz, Elektrizitate eta Gas Merkatuen Bulegoak iragarri du konpainiek etxebizitzei urtero kobratu ahalko dieten gehienez prezioa %80 igoko dela. Trussek, baina, neurriak iragarri ditu igoera ez dadin 3.000 eurotik pasa; horrek, ordea, milaka milioiko kostua izango du gobernuarentzat. Neurri zehatzak bihar jakinaraziko ditu buruzagi kontserbadoreak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.