Ekaitzaren esperoan

Egipton presidentearen aurkako protesta masiboa antolatu du oposizioak gaurko, baina Mursiren jarraitzaileak ere mobilizatu diraTamarrud taldeak esan du 22 milioi sinadura bildu dituela hauteskundeak aitzinatzeko

mikel rodriguez
2013ko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Ekaitza lehertzea espero dute gaur Egipton. Ekaitz politikoa, Hosni Mubarak agintetik bota zuena lehertu zenetik handiena. Hori da Mohammed Mursi presidente islamistaren oposizioak nahi duena, eta horri aurre egiteko prestatu dira presidentearen jarraitzaileak. Ekaitz giroan bizi izan da Egipto duela urtebete Mursi agintera ailegatu zenetik, eta urteurrena hurbildu ahala, erauntsiak biziberritu egin dira: zortzi lagun hil dira azken lau egunotako liskarretan, kanpadendek Kairoko Tahrir plaza hartu dute berriz ere eta armada hedatu da karriketan. Munduko arreta gune nagusietakoa izanen da gaur Egipto, oposizio sekularrak mugarri bihurtu nahi duen egunean.

14 urteko mutiko bat da zortzigarren hildakoa. Poliziaren arabera, herenegun arratsean Mediterraneoko kostako Alexandria hirian gertatutako istiluetan larri zauritu zen, eta atzo hil zen ospitalean. AEBetako herritar bat ere hil zuten Alexandrian, Poliziak dioenez istiluen irudiak hartzen ari zela labankada bat emanda. AEBetako Gobernuak Egiptora ez bidaiatzeko eskatu die bere herritarrei. Kairo da protesten erdigunea, eta gaur ere hiriburuan egonen da arreta nagusia, baina bertze hiri handietan ere istilu larriak izan dira azken egunotan. Osasun Ministerioaren arabera, azken lau egunotan 606 lagun zauritu dira sei probintziatan izandako liskarretan. Alexandrian Askatasuna eta Justizia Alderdi islamistaren egoitzari ere eraso zioten herenegun arratsean —Anaia Musulmanek sortutako alderdia, herrialdeko lehenbiziko indarra—.

Kanpadendak Tahrirren

Kairoko Tahrir plaza izan zen 2011n Mubarak agintetik botatzeko egin ziren protesten erdigunea, eta, ordutik, matxinadaren sinbolo bihurtu da. Oposizioko indar sekularren jarraitzaileak joan den ortzegunean hasi ziren bertze behin plaza hartzen, eta, atzo, 150 kanpadenda inguru ezarriak zituzten, Egiptoko hedabideen arabera. Oposizioko taldeek hainbat martxa antolatu dituzte gaurko, eta presidentearen jauregiaren parean denek bat egiteko asmoa dute.

Mobilizazio azkarrak dira oposizioko taldeek antolatu dituztenak, erronka handira botata: Mursi boteretik kentzea. Tamarrud (Matxinada) mugimenduak sinadura bilketa bat egin du hauteskundeak aitzinatzea eskatzeko. Hamabortz milioi sinadura lortzeko helburua zuten, Mursik iazko presidentetzarako hauteskundeetan lortutako hamahiru milioi botoak gainditzeko. Mahmud Badr Tamarrudeko bozeramailearen arabera, 22 milioi dira lortu dituzten sinadurak. Badrek erran du sinadura horiek Auzitegi Goren Konstituzionalean aurkeztuko dituztela. «Gobernua jendea izutu nahian ari da protestatu ez dezan, talde terroristekin bat eginez eta harropuzkeriaz erranez AEBen babesa daukala», salatu du Badrek. Tamarrudek oposizioko bertze talde batzuekin bat egin du Ekainaren 30eko Frontea osatzeko. Honako bide-orri hau proposatu dute: Mursik dimisioa ematea, sei hilabetez presidentetza Auzitegi Konstituzionaleko buruak hartzea eta hauteskundeetara deitzea. Fronte horrek dio konstituzioa errespetatu ez duelakoan Mursik agintzeko zilegitasunik ez duela.

Rabaa al-Adawiya meskita

Barne eta Defentsa ministroekin elkartu zen atzo Mursi, gaurko «segurtasun plana» prestatzeko. Dena den, herritarren artean ere babes zabala izanen du gaur presidenteak. Milaka islamistek eserialdia hasi zuten herenegun Kairoko Rabaa al-Adawiya meskitan. Gaur kontramanifestazio handi bat egiteko asmoa dute, meskita hori erdigunetzat erabilita. Al-Ahram egunkariaren arabera, Mursiren aldeko ekitaldiak egin zituzten atzo, eta Siriako Armada Askea talde matxinoarentzat dirua biltzeko postu bat ere paratu zuten. Mursiren aldeko 11 alderdi islamistak Legitimazioa Babesteko Aliantza Nazionala izeneko kanpaina abiarazi dute. Oposizioko alderdi nagusiak, Al-Nur salafistak, ez du bat egin Mursiren aurkako protestekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.