Ekainaren 3an egingo dituzte hauteskundeak Hego Korean

Maiatzaren 12an hasiko dute kanpaina hautagaiek. Presidente hautatuak trantsiziorik gabe hartuko du kargua.

Hego Koreako Gobernuaren bilera, gaur. Irudiaren erdian, Han Duck-soo jarduneko presidentea. YONHAP / EFE
Hego Koreako Gobernuaren bilera, gaur. Irudiaren erdian, Han Duck-soo jarduneko presidentea. YONHAP / EFE
Mikel Garcia Martikorena.
2025eko apirilaren 8a
13:36
Entzun 00:00:0000:00:00

Hego Koreako Gobernuak presidentetzarako hauteskundeen data zehaztu du: ekainaren 3a. Hori eginda, gobernuak amaiera eman nahi dio Yoon Suk-yeol iragan ostiralean kargugabetutako presidentearen agintaldiari eta herrialdean zegoen krisi instituzionalari, eta bide eman beste estatuburu bat aukeratzeko prozesuari. Hori horrela, hautagaiak erregistratzen hasi dira, eta, behin onartuta, maiatzaren 12an hasiko dute kanpaina.

Herrialdeko lehen ministro eta jarduneko presidente Han Duck-sook eman du Hego Koreako presidentetzarako 21. hauteskundeen dataren berri. Gaineratu du aurten ekainaren 3a jaieguna izango dela herrialdean, herritarrek botoa emateko arazorik izan ez dezaten. Egun horretan herritarren babesik handiena bereganatzen duen hautagaia automatikoki hasiko da presidente gisa jardunean, agintarien arteko trantsiziorik gabe.

Iragan abenduaren 3tik, Hego Korea krisi politiko betean murgildurik egon da. Egun hartan Yoon presidenteak gerra legea ezarri zuen, oposizioari «matxinada» prestatzen aritzea egotzita. Herrialdeko armada Asanblea Nazionalera bidali zuen estatuburuak, oposizioko diputatuak bertan sar ez zitezen. Azkenean, baina, 190 diputatu parlamentuan sartu ziren, gerra legea ezeztatzearen alde eman zuten botoa, eta estatuburuari atzera eginarazi. Hortik aurrera, tentsioak are gehiago egin du gora. Oposizioak gehiengoa duenez Asanblea Nazionalean, Yoon kargugabetzeko botoa eman zuen, eta, matxinada baten buru izatea egotzita, presidente ohia atxilotu zuten urtarrilean, zailtasunak zailtasun —Yoonen segurtasun zerbitzuek Poliziari oldartu, eta presidente ohia atxilotzea galarazi zuten—.

Azkenean, Hego Koreako Auzitegi Konstituzionalak Yoon kargugabetzea ebatzi zuen iragan ostiralean. «Gerra legea ezarri zenean Asanblea Nazionala nola zegoen jakinda ere, horrek ez du justifikatzen larrialdi egoeretarako bakarrik pentsatuta dauden botereak erabiltzea», iritzi dute auzitegi horretako epaileek. Herrialdeko legearen arabera, Auzitegi Konstituzionalaren ebazpenak behin betikoak dira; eta, beraz, gobernuak 60 egun ditu hauteskundeak egiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.