Emakume yazidia

Heza Sengal: «EIren gustukoak baginen, erosi egiten gintuzten, merkantzia hutsa bagina bezala»

Sengal EIren eskuetatik bizirik irten diren emakume yazidietako bat da, eta haien aurka borrokatu zen Sinjarren. Aurretik, baina, bederatzi aldiz saldu zuten, gizatasun oro kenduta.

Heza Sengal. BERRIA
Heza Sengal. BERRIA
2024ko abuztuaren 2a
05:00
Entzun

Heza Sengal (Suat Murat Xelef) EIren izugarrikerietatik bizirik irten ziren emakumeetako bat da, eta, gaur egun, YJS Sinjarko herriaren autodefentsa indarretako komandantea ere bai. Diguren jaio zen, Sinjar iparraldeko herri batean, eta, hango genozidioa hasi zenetik hamar urte bete diren honetan, Hezak —indarra esan nahi du haren izenak— BERRIArekin hitz egin du.

Nolako bizimodua zenuen 2014ko abuztuaren 3a baino lehen?

2003an, AEBek Iraken esku hartu ondoren, Sinjarko eskualdeko segurtasuna KDPren esku geratu zen. Ustez, KDPko 12.000 pexmergak eta Irakeko 7.000 segurtasun agentek zaindu behar gintuzten. Yazidi batzuk ere pexmergak ziren, eta, hortaz, KDPko milizianoa zenak soldata bat zeukan, eta nolabaiteko segurtasun ekonomikoa; baina, oro har, emakumeak nekazaritzan aritzen ziren batez ere, eta gizonak, berriz, eraikuntzan.

EIk 2014ko ekainean Mosulen eta Tal Afarren egindako erasoaz geroztik, beste etapa bat hasi zen gerran.

Dudarik gabe. Mundu guztiak hitz egiten zuen horretaz Sinjarren. Mosulgo eta Tal Afarko xiitek ihes egin zioten EIren errepresioari, eta gure artean hartu zuten babes; guk abegiz hartu genituen, eta herri guztietako eskola eta etxeetan babes ematen saiatu ginen, baina EIk Tal Afarreraino aurrera egin izanak beldurtu egin gintuen. Denbora kontua baino ez zen EI Sinjarrera iristea. Jendea beldurrez zegoen, baina bazekien ez zegoela beste aukerarik pexmergen indarretan konfiantza izatea baino.

Abuztuaren 3an, ordea, EIren mertzenarioak Sinjarrera iritsi ziren.

Ediktua eman bezperan, abuztuaren 2an, KDPk bere lerroetako yazidien armak bildu zituen, baita zibilek beren burua defendatzeko etxean zituzten armak ere; hortaz, Sinjarko yazidi guztiak desarmaturik geratu ginen. Eta, berehalaxe, KDPren indar guztiek alde egin zuten kontrolgune eta kuartelgune guztietatik.

EIk Sinjar hegoaldea hartu zuen lehenik, hau da, mendialdea. Diguren, eta beste herri guztietan, den-denek ihes egin zuten mendira, salbu zaharrek eta elbarriek. Geunden lekutik, herria ikusten genuen: EIkoak herrira sartu ziren, eta, geroago, alde egin zuten. Abuztuaren 4an herrira jaitsi ginen, gauza batzuk eta han gelditua zen jendea hartzera, eta Kurdistan hegoaldera bideratu ginen, Rojavara. Bero zegoen, eta oinez nekez ibiltzen zirenak behin eta berriz erortzen ziren lurrera, baina, nolabait ere, aurrera egin genuen. Rabiako mugan, hango musulmanek geldiarazi egin gintuzten, eta, geroxeago, EIkoak iritsi ziren.

Eta zer gertatu zen orduan?

Bi ibilgailu iritsi ziren lehenik, eta, ondoren, EIko kide ugari. Inguratu egin gintuzten. EIkoek ibilgailuetan sartu gintuzten denok, eta pexmergen kontrolgunera eraman. Han eduki gintuzten denbora batez, eta, gero, berriz ibilgailuetan sarrarazi, eta Xilo haranera eraman gintuzten. Han, jaitsarazi, eta bereizi egin gintuzten gizonak eta emakumeak. Eskola Gorrian eduki gintuzten. Gero, ordea, hainbat emakume atera, eta Tal Afarko eskolara eraman gintuzten; ia hogei egun eduki gintuzten han atxikita.

Orduan eraman zintuzteten Raqqara, kalifa herriaren hiriburu izendatu zuten hirira?

Handik bi hilabetera, denok bildu gintuzten, eta bide luzea egin genuen mugaraino. Siriako lurraldean sartu ginen, eta inork ez zuen geldiarazi gure autobusa. Raqqako etxe handi batera eraman gintuzten. Asko ginen. Taldeka eramaten gintuzten; gu bigarren taldea ginen. Merkatu-plaza moduko bat zen. Orduan, EIko bandak etortzen ziren, eta banan-banan aztertzen gintuzten; haien gustukoak baginen, erosi egiten gintuzten, merkantzia hutsa bagina bezala: batzuk oherako, beste batzuk esklabotarako.

Zu eta zure koinata batera eraman zintuzteten, ezta?

Bai, baina gau bakarra eman genuen elkarrekin; gero, eraman egin zuten, eta ez dut sekula berriz ikusi. Han eduki ninduten bolada batean. Aurrerago, eskuz esku ibili ninduten, fardel hutsa banintz bezala, auskalo zenbat aldiz. Bakarrik nengoen, hilzorian, baina banekien milaka emakumek zutela patu berbera. Bederatzi talderi saldu ninduten. Egiptoko, Siriako, Turkiako, Irakeko bandak ziren, eta baziren ingelesez egiten zuten batzuk ere, baina horiek ez dakit nongoak ziren zehazki. Oro har, oherako hartzen ninduten. Esklabo gisa erabiltzen ninduten. Lotsagarri sentitzen nintzen, gizatasunik gabe.

«Bortxaketen, indarkeriaren eta emakumeen gorputzak erlijioaren parte direlako pentsamoldearen ondorioz, trauma sakonak dituzte orain milaka emakumek»

Estatuaren politikek zapalkuntza eta basakeria sustatzen dituzte, eta EI izan zen politika horien alde ezkutua. Bortxaketen, indarkeriaren eta emakumeen gorputzak erlijioaren parte direlako pentsamoldearen ondorioz, trauma sakonak dituzte orain milaka emakumek. EIko taldeek bahitutako emakume yazidi bat naizen aldetik, neure larruan sufritu dut hori dena.

Nola atera zinen izugarrikeria hartatik?

Nire presoaldiaren azkenean Raqqan izan nintzen, EI saudiaren parte zen banda batean. Familia batekin utzi ninduten bolada batean. Etxe hartako ama kurmantxa zen, eta berekin ateratzen ninduen kalera. Etxetik gertuko denda baten jabea ere kurmantxa zen. Bakarrik geratu nintzen batean, abagunea aprobetxatu eta zuzenean dendara joan nintzen, eta jabeari eskatu salbatu nintzala. Oso izututa nengoen, baina aukera baliatu behar nuen. Dendaren jabea pertsona ona zen, eta etxera eraman ninduen isilpean. Handik bolada batera, herriaren babes unitate kurduei eman zien nire berri, YPGri eta YPJri: esan zien emakume yazidi bat ezkutatuta zeukala, eta, denen artean, Raqqatik atera ninduten. Gizon hark, ni bere alaba gisa identifikatuta, Raqqako mugara eraman ninduen, eta YPGkoen esku utzi. Libre nengoen. 2015eko maiatzean izan zen hori.

Kobanera heldu ginenean, beren lagunengana eraman ninduten; emakumeak ziren, eta horrek lasaitu egin ninduen pixka bat. Haiekin izan nintzen hango egonaldi guztian. Eta txundituta gelditu nintzen haien ausardiarekin, ikusirik emakume yazidiak mendekatzeko jaurtitzen zituztela bala guzti-guztiak.

Sinjar askatu zutenean, 2015eko azaroan, itzultzea erabaki zenuen.

HPG-YJAko gerrillek eta YPG-YPJko borrokalariek askatu zuten Sinjar EIkoengandik. Jaioterrira itzuli, itzuli nintzen, baina ez nintzen lehengo Heza. EIk egin zidanak eta YPG/YPJkoek irakatsi zidatenak guztiz aldatu naute.

«Emakume batzuok zuzen-zuzenean esku hartu genuen Raqqaren askapenean; emakume yazidiak mendekatu genituen hala»

Hala, Sinjarrera itzuli nintzenean, emakume yazidiak defendatzeko indarretan sartu nintzen, YJS izenekoetan, eta emakume batzuok zuzen-zuzenean esku hartu genuen Raqqaren askapenean; emakume yazidiak mendekatu genituen hala. Borroka haietan egin nuen lehen aldiz zuzenean EIren kontra.

Hamar urte joan dira abuztuaren 3 hartatik. Zure ustez, munduak behar bezala jokatu du genozidio horretan? Zigortu al ditu erantzuleak?

Zoritxarrez, emakumeen kontrako mentalitate hori, ideologia hori eta politika hori ez dute aitortu, ezta arbuiatu ere, eta EIko kide asko libre bizi dira oraindik, zenbait estaturen babesean. Hona hemen nire galderak: EIren basakeria nolakoa izan den kontatzen duten istorio horiek ez al dute batere balio? Emakume horiek pasatu dutena ez al da ezer? Zergatik ez dira sortzen EIko milaka kideak epaitzeko baldintzak? Zergatik ez dituzte auzitara eramaten EI babestu zuten estatuak eta indarrak? Zergatik jokatzen du munduak hain koldar EI epaitzeko orduan?

Sinjar askatua izan zen, baina oraindik ere erasotzen diote: batez ere, Turkiak. Zer dela eta?

Indar batzuek ziurgabetasunean, segurtasun gabezian eta etsipenean murgilduta eduki nahi gaituzte, gu izutuz. Indar batzuk gure kontrako gerra zikinean dabiltza, oraindik ez dutelako onartu EIk galdu egin zuela. Estatuaren indar horiek elkar hartu zuten EIko bandekin, eta 2014ko abuztuaren 3ko sarraski hura sustatu zuten. Eta zein dira indar horiek? Ba, mundu guztiak daki: Turkia da, eta, hari laguntzen, KDP. Eta zergatik dira gure beldur? Ba, geure botereagatik eta geure burua antolatzeko dugun gaitasunagatik.

Besterik esan nahi duzu?

Argi eta ozen salatu behar ditugu lurralde honetan egiten ari diren erasoak eta hilketak, Palestinakoaren antzeko sarraski bat gertatu aurretik. Gaur isilik geratzen bagara, bihar are sarraski handiagoak egingo dituzte. Sinjar babestea gizatasunaren kontzientzia babestea da. Ezin dugu sekula ahaztu nola lepo egin zieten guretarrei, nola hil zituzten umeak bidean, nola jaurti zituzten emakumeak amildegitik behera, eta nola dauden oraindik ere emakume batzuk EIren esku. Horregatik, gizatasuna duten guztiei deitzen diegu Sinjarren ezarri nahi dituzten politika ilunak salatzera eta horien kontra egitera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.