Ehunka familia indigena kanporatzea eragotzi du Hondurasko Gobernuak

Castro presidenteak komunitate indigenen «defentsarako eskubidea» aldarrikatu du. Enpresari batek 10.000 etxe egin nahi ditu lur batzuetan

Hondurasko komunitate indigena bateko kideak, kozinatzen, joan den azaroan. GERMAN REYES / EFE.
Igor Susaeta.
2022ko otsailaren 11
00:00
Entzun
Xiomara Castro Hondurasko presidenteak aginduta, lenca indigenen ehunka familia kanporatzea eragotzi zuten herenegun. Hondurasko hedabideek kaleratu zutenez, dozenaka polizia Tierras del Padre herrira joan ziren —Tegucigalpa hiriburutik hamar bat kilometrora—, epaile batekin eta kanporatzea gauzatzeko agindu batekin. Enpresari baten arabera, 200 hektarea inguruko lurralde hori bere jabetzakoa da, eta 10.000 bat etxe eraiki nahi ditu han. Baina, indigenen ordezkarien esanetan, titulu bat dute, 1739. urtekoa, adierazten duena haiek direla lurralde horren jabeak.

Urtarrilaren 27an hartu zuen presidente kargua Castrok, eta Copinh Hondurasko Herri Elkarte Indigenen Kontseilu Zibikoak opari sinboliko bat egin zion, hiriburuko Estadio Nazionalean egindako zeremonian: indigenen aginte makila. Komunitateari zerbitzu bat eskaintzeagatik autoritate bat irabazi duten agintariei soilik ematen zaio. Castroren gobernu programak helburu du desberdintasun sozialei, indarkeriari, segurtasunik ezari eta aukera faltari aurre egitea, eta presidentetzara heldu arteko bidea sektore sozialen eskutik egin zuen.

Hortaz, hori guztia kontuan hartuta, Castrok eskatuta, lenca indigenen lurralde horretara jo zuten herenegun Natalia Roque Giza Eskubideen ministroak eta Pedro Amador presidentearen aholkulariak. «Ez dugu onartuko haurdun dagoen andre baten, haur baten edo edozein herritarren kontrako ez kolperik, ez erasorik», nabarmendu zuen Amadorrek, sare sozialetan hedatu zuten bideo batean ikus zitekeenez.

Beste bideo batean, emakumezko bat ikusten zenoihuka negarrez, bi seme-alaba altzoan hartuta: «Mesedez, Xiomara [Castro]. Begiak itxita eman nizun nire botoa. Ama zara. Mesedez, ez iezaguzu kendu [lurra]». Eta iritsi ziren gobernuaren ordezkariak. «Hemen gaude komunitate honek defentsarako eskubidea duelako», azpimarratu zuen Roquek, eta gaineratu gobernuak konpromisoa duela «biztanleriarik zaurgarri eta prekarioena» babesteko. Lenca komunitateko ordezkari batek jakinarazi zuenez, negoziatzen ari dira kanporatzea eragozteko eta «bidezko emaitza bat» lortzeko.

Guatemalan, kexu

Agua Calienteko (Guatemala) maien erreserbako ordezkariek eskatu diote Giza EskubideenBatzorde Interamerikarrari arduraz jokatzeko, ez dagoelako legedirik haien lurren jabetza kolektiboa bermatzeko. Kexu dira, gainera, beren lurretan meategi bat dagoelako eta ez zietelako baimenik eskatu hura eraikitzeko. Iruditzen zaie, gainera, estatuak ez ziela aukerarik eman aurrez kontsulta bat egiteko—nahiz eta horretarako eskubidea duten—, eta baimenak, kontzesioak eta lizentziak zuzenean eman zizkiola enpresari. «Ez zitzaion galdetu komunitateari. Indigenak sufritzen duenean, inor ez da arduratzen», nabarmendu zuen Rodrigo Tot indigenen liderrak, atzo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.