Ehunka emakume hil dituzte Kongoko Errepublika Demokratikoko kartzela batean

NBEren arabera, joan den astean matxinoek Gomaren kontrola hartu zutenean, ehunka andrazko bortxatu zituzten espetxe batean, eta su eman zieten ondoren, bizirik zeudela.

Pertsona batzuk Gomako errefuxiatu gune batean, herenegun. EFE
Pertsona batzuk Gomako errefuxiatu kanpaleku batean, herenegun. EFE
Igor Susaeta.
2025eko otsailaren 5a
14:00
Entzun

M23 Martxoak 23 matxinoen mugimenduak Goma hartu zuenean, urtarrilaren 27an, 3.000 preso inguruk ihes egin zuten Kongoko Errepublika Demokratikoaren ekialdeko hiri horretako kartzela batetik, kaos betean. Bada, Monusco Kongoko Errepublika Demokratikoa Egonkortzeko Nazio Batuen Misioaren buru Vivian van de Perrek salatu du espetxe horretako modulu batean preso zeuden emakumezkoak bortxatu zituztela eta bizirik erre. Denak hil ziren.

Erresuma Batuko The Guardian egunkariarekin mintzatu da Monuscoren burua. «Erre eta hil egin zituzten». Urtarrilaren 27an sare sozialetan zabaldutako hainbat bideotan ikus zitekeen nola ateratzen zen kea espetxe horretatik, eta nola ari ziren ehunka lagun ihes egiten.

Ez dago argi, ordea, erasoa nork egin zuen. Van de Perrek adierazi du ezin izan direla joan kartzela horretara, Ruandak babestutako matxinoek ezarritako murrizketak direla medio. Aste honen hasieran, hain zuzen, Giza Eskubideen Nazio Batuen Goi Mandatariak ohartarazi zuen Goman —bi milioi pertsona inguru zeuden han joan den astera arte— borrokan aritu diren talde armatuek sexu indarkeria ere erabili dutela gerra arma gisa. M23koen kontrolpean dago hiria, amore ematera behartu baitzuten Kongoko Errepublika Demokratikoko armada.

Eta ikusteko dago zer gertatuko den hemendik aurrera. Izan ere, Goma hartu ondoren —Ipar Kivu eskualdeko hiriburua da—, M23koek iragarri zuten hegoalderantz abiatuko zirela, Hego Kivuko hiriburua, hau da, Bukavu ere kontrolpean hartzeko asmoz. Baina atzo adierazi zuten aldebakarreko su etena abiaraziko zutela, «arrazoi humanitarioak» zirela eta. Menia hori ez dute Kongoko Errepublika Demokratikoko Gobernuarekin adostu. «M23koek atzera egin izana albiste ona da: bestela, milaka hildako eragiteko moduko beste gatazka bat edukiko genuke», esan dio Van de Perrek The Guardian-i. Kongoko Errepublika Demokratikoak atzo jakinarazi zuen Goman 2.000 gorpu inguru daudela hilobiratzeke.

Bide batez, NBEko ordezkariak azpimarratu du «beharbada» M23koek ez dutela aurrera jarraitu, Burundiko 2.000 soldadu iritsi baitira Bukavura, Kongoko armadarekin batera borroka egitera. Gomak Ruandarekin egiten du muga, eta Bukavuk Burundirekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.