Ehunka biktima, Israelek Gazako ospitale bati egindako erasoan

Gazako Osasun Ministerioaren arabera, 500 baino gehiago dira hildakoak. Bi aldeen arteko azken bost gerretako eraso hilgarriena litzateke. Israelgo armadak Jihad Islamikoari egotzi dio erasoa

Al Ahli ospitaleko medikuak, bart, ospitalearen hondakinetan. MOHAMMED SABER / EFE
Igor Susaeta - Maddi Iztueta Olano - Paulo Ostolaza
2023ko urriaren 17a
11:05
Entzun

Israelek jarraitzen du bereizketarik egin gabe Gazari eraso egiten, eta, bonbardaketa batek ehunka biktima eragin zituen, bart, zerrendako iparraldeko Al-Ahli Arabi ospitalean. Hori jakinarazi du Gazako Osasun Ministerioak, ohar baten bidez. «Ehunka zauritu, gaixo eta behartutako desplazatuak zeuden ospitalean». Iturri beraren esanetan, hildakoak 500 baino gehiago dira, eta ehunka pertsona hondakinen azpian daude. Qatargo Al Jazeera telebistaren arabera, aurrez abisatu gabe bonbardatu dute erietxea. Israelgo armadak erasoaren egilea dela ukatu du, eta Jihad Islamikoari egotzi dio egiletza, aipatuz talde armatu horrek «oker jaurtitako suziri batek» jo duela zerrenda iparraldeko ospitalea; hori adierazten dutela «inteligentzia txostenek», eta ez dituztela «eraikin zaurgarriak» bonbardatzen.

2008az geroztik bi aldeen artean izandako bost gerretan Israelek egindako bonbardaketa hilgarriena litzateke, Palestinako Defentsa Zibileko bozeramaile Mahmoud Basalek Al Jazeeran nabarmendu duenez. «Honelako sarraskirik ez da izan gure historian. Eduki ditugu tragediak aurreko gerretan, baina hau genozidio baten parekoa da». Mahmud Abbas PAN Palestinako Aginte Nazionaleko buruak jakinarazi du hiru dolu egun egingo dituztela: «Israelek lerro gorri guztiak hautsi ditu» Horiek horrela, joan den urriaren 7an gatazka hasi zenetik 3.000tik gora palestinar hil eta 12.500 baino gehiago zauritu ditu Israelek, Gazako Osasun Ministerioaren arabera. Save the Children gobernuz kanpoko erakundeak datu bat plazaratu du, gaur: Gazako azken gerran hildakoen herenak adingabeak dira. Egiptok, Kanadak, Turkiak, Qatarrek eta OME Osasunaren Mundu Erakundeak, besteak beste, bonbardaketa gaitzetsi dute. Baita Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak ere; esan du ez dagoela ospitale bat erasotzea justifikatu dezakeen aitzakiarik, baina erasoa ez dio Israeli egotzi.

Palestinako Gurutze Gorriaren kide batek Al Jazeerari adierazi dionez, ospitalean zeudenetako asko ziren Israelek orain egun batzuk egindako ultimatumari jarraikiz Gaza iparraldetik alde egindakoak, baina hegoaldera bidaiatu ezin izan zutenak. «Ospitale batean bilatu zuten babesa, pentsatuz toki seguru bat izango zela. Baina hori ez da horrela Gazan, ez da horrela Palestinan. Hau gerra krimen bat da, genozidio bat». Al Ahli ospitale kristaua, 1882an irekia, Gazako zaharrena zen.

Bart egindako erasoari erantzunez, Ekialde Hurbilean, Afrika iparraldean eta Europan milaka lagun irten dira kalera bonbardaketa gaitzestera. Zisjordanian oso jendetsuak izan dira erasoa gaitzesteko protestak. Besteak beste, mobilizazio nabarmenak izan dira, Libanon, Iranen, Iraken, Turkian, Marokon, Siria, Qatarren eta Tunisian. Beirut Libanoko hiriburuan, adibidez, su eman diote AEB Ameriketako Estatu Batuetako enbaxadari, harriak bota dizkiote Frantziakoari, eta NBEren egoitza batean sartzen saiatu dira. Israelgo enbaxadaren aurka ere egin dute, baina Poliziak sakabanatu ditu. Protesta oldea espero da herrialde arabiarretan.

Biden Israelen

Eta eraso handi hori heldu da Joe Biden AEBetako presidentea Israelera iritsi bezperan. Gazatik milaka kilometrora egonda ere, Etxe Zuria gertutik aztertzen ari da Israelen eta Palestinaren arteko gatazka, AEBak baitira Israelen aliaturik indartsuenak. Biden Israelera joango da hango lehen ministro Benjamin Netanyahuri «elkartasuna berresteko» eta harekin «gatazkaren hurrengo faseak eztabaidatzeko».

Ondoren, Jordaniako errege Abdullah II.arekin eta Egiptoko presidente Abdel Fattah al-Sisirekin biltzekoa zen, baina Ayman Safadi Jordaniako Atzerri ministroak gauean jakinarazi duenez, bart erietxeari egindako erasoaren ondoren, herrialde arabiarrak bertan behera utzi du Ammanen egitekoa zen bilera. Abbas Ammaneko bilkurara joatekoa zen, baina erabaki bera hartu du PANeko buruak ere; ez da Bidenekin bilduko, eta Ramallahra itzuli da. Erabaki horren ostean, Etxe Zuriak iragarri du atzeratu egingo duela presidentea Jordaniara egitekoa zen bisita.

AEBak Israelen alde lerratu dira gerra hasi zenetik, eta jarrera horri eutsiko dio Bidenek gaur ere. «Presidenteak [Biden] berretsiko du Israelek eskubide osoa duela bere herria Hamasek egindako masakretik eta erasoetatik defendatzeko», aurreratu du AEBetako Estatu idazkari Antony Blinkenek. Oraingoz, Washington ez da zuzenean gatazkan sartu, baina prest dago Tel Avivi «laguntza militarra eta ekonomikoa» emateko. Hain justu, arlo horretan Netanyahuk dituen «beharrak» entzungo ditu bihar, eta, Blinkenek ziurtatu duenez, «horiek asetzeko lanean jarraituko dute».

Prestutasun eta aliantza horren erakusle, AEBek Ekialde Hurbilean dituzten 2.000 soldadu «alertan» jarri zituen atzo Pentagonoak. AEBetako Defentsa idazkari Lloyd Austinek eman du mugimenduaren berri, baina ziurtatu du «oraingoz» ez dutela erabaki tropa horiek zuzenean gatazkan parte hartuko dutenik, baina, gatazka zabaltzen bada, «horretarako prest egongo dira».

Egoera Gazan

Bart egindako eraso handiak, ordea, ez ditu gainontzeko erasoak eten: Palestinako Felesteen berri agentziak jakinarazi duenez, beste bonbardaketa batek gutxienez 37 lagun hil ditu Gaza iparraldean gaur gauean.

Ez AEBek, ez Israelek gor egin ezin dioten tentsio gune bat ere badago Ekialde Hurbilean: Rafahko pasabidea. Egiptoren eta Gazaren arteko mugan dago Gazako pasabide hori, eta nazioarteko giza laguntza hara iristeko bide bakarra da. Pasabidea noiz gurutzatzen utziko dieten zain daude milaka lagun, baina Israelek eta Hamasek ez dute hori irekitzeko su eten bat adosteko asmorik. Haatik, giza laguntza Gazara iritsi ahal izateko, Biden saiatuko da Netanyahu konbenzitzen «Washingtonekin elkarlanean plan bat eratzeko». Hori bai, laguntza humanitarioaren harira, ohartarazpen bat egin du Israelgo Segurtasun Nazionalerako bozeramaile Tzachi Hanegbik, agerraldi batean: hori Hamas erakunde islamistaren esku geratzen bada, laguntza bertan behera utziko dutela.

Egunetik egunera egoera makurragoa da Gazan bizi diren bi milioi pasatxo herritarrentzat. Gaur bete da astebete zentral elektrikoa erregairik gabe gelditu zela. Ordutik, erreserbako erregaiarekin jarraitu dute lanean Gazako ospitaleetan, baina UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoak ohartarazi du biharko amaituko direla horiek. Medikamentu eskasiaz ere jakinarazi du erakundeak.

Nazioarteak badu arrisku horren berri, eta, halere, oraingoz huts egin dute Gazara giza laguntza bidaltzeko bi aldeen arteko su eten bat adosteko saiakerek. Herenegun, NBE Nazio Batuen Erakundeko segurtasun kontseiluak bertan behera utzi zuen Errusiak aurkeztutako su etenerako proposamena. Moskuk planteatzen zuen Hamasek bahitutako guztiak aske uztea, eta, trukean, elikagaiak, osasun baliabideak eta erregaia Gazara eramateko pasabide bat irekitzea. Proposamenak gutxienez bederatzi boto behar zituen aurrera egiteko, baina bost herrialdek bakarrik egin zuten alde: Errusiak, Txinak, Arabiar Emirerri Batuek, Mozambikek eta Gabonek.

Ekialde Hurbila, kolokan

Orain, kezka nagusi bat dute AEBek: gatazka Ekialde Hurbilera zabaltzea. Izan ere, Libanoko frontean borrokak areagotu egin dira azken hiru egunotan, eta atzo abisua eman zuen Libanoko Atzerri ministro Bou Habibek: «Ez gara gerraren aldekoak; bakea nahi dugu eskualderako. Baina suarekin jolasten ari da Israel».

Antzeko ohartarazpena egin du Jordaniako errege Abdullah II.ak, Alemaniako kantziler Olaf Scholzekin bildu ondoren: «Gatazka zabaltzearen arriskua benetakoa da, eta horren ondorioak guztiontzat izango lirateke gogorrak». Haren arabera, Jordaniak badu Israelek gainditu behar ez lukeen «marra gorri bat»; hots, Gazako desplazatuak Egiptora edo hara bidaltzea. Azkenik, Irango lider goren Ali Khameneik mehatxu egin dio Israeli: «Erregimen sionistak Gazako herritarren aurkako krimenak eteten ez baditu, inor ez da gai izango [Ekialde Hurbileko] erresistentzia taldeak eta musulmanak gelditzeko».

Bien bitartean, Netanyahuk iragan larunbatean iragarritako «hurrengo fasea» noiz hasiko zain daude Gazan, Ekialde Hurbilean eta, oro har, nazioartean. Orain arte, ia ziurra zen lehorreko ofentsiba bat litzatekeela delako fase hori. Baina Israelgo armadako bozeramaile Richard Hechtek beste norabide posible baten berri eman du gaur: «Gerraren hurrengo faserako prestatzen ari gara. Lehorreko ofentsiba baten inguruan ari dira hitz egiten guztiak, baina baliteke beste zerbait izatea».

NBEk jakinarazi duenez, milioi bat desplazatu eragin dituzte borrokek. Israelgo Gobernuak emandako datuen arabera, berriz, 1.400 lagunetik gora hil eta 3.500 zauritu dituzte milizia palestinarrek. Bestalde, gutxienez 199 israeldar dira Hamasek bahitutakoak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.