Ehundik goiti lagun hil dira Darfurren, tribuen arteko borroketan

Misseriya eta salamat tribuak liskarrean dira lehengo astetik; Sudango armadak ez du esku hartu

mikel rodriguez
2013ko uztailaren 31
00:00
Entzun
Sudango Darfur eskualdeko misseriya eta salamat tribuen arteko borrokek utzitako hildako saila handitzen ari da egunak igaro ahala. Igande arratsetik gertatu diren liskarretan ehundik goiti lagun hil dira Darfur Erdialdea estatuko hainbat hiritan. Misseriya tribuko buruzagi Ahmed Abdul-Rahman Al-Dikhairiren arabera, 136 dira hildakoak. «Salamateko 108 eta misseriyako 28». Sudango hedabideek diote ehundik goiti direla hildakoak baina zifra zehatzak jakitea zaila dela, borroken eremuetatik informazioa jasotzeko dauden zailtasunengatik. Iragan apirilean lehertu zen bi tribu horien arteko gatazka. Hil honen 1ean, berriz, Darfur Erdialdeko Zalingei hiriburuan elkartu ziren bi aldeetako ordezkaritzak, eta borrokak gelditzeko akordio bat lortu zutela jakinarazi zuten. Iragan astean, baina, borrokei ekin zieten berriz ere.

Dabanga irratiaren arabera, Darfur Erdialdeko Garsila, Bundisi, Deleig eta Mukjar hirietan dendak, merkatuak, eskolak eta egoitza publiko guztiak itxita eduki dituzte igande iluntzetik. «Hirien inguruko herrietako eta etxaldeetako bizilagunek alde egin dute tribuetako kide armatuak ailegatuko diren beldurrez», dio Dabanga Irratiak bildutako testigantza batek. Sudango hedabideen arabera, armadak Garsilako merkatua segurtatu du, baina ez da bi tribuen arteko borroketan sartu. Ekainean, ordea, salamat tribuko merkatari bat hil ondoren sortu ziren liskarretan, armadak esku hartu zuen Garsilan eta tribuetako borrokalariak bidali zituen.

Gatazka gunea

Sudanen ia mendebalde osoa hartzen du Darfurrek. Alemania baino eremu handiago da, eta zazpi milioi biztanle inguru bizi dira han. Azken urteetan ezegonkortasun politikoa eta gatazkak nagusi izan dira, batez ere 2003tik. Hainbat izaeratako gatazkek bat egiten dute Darfurren. Alde batetik, gobernuaren eta talde matxinoen arteko borroka dago, eta, bertzetik, tribuen artekoak, nagusiki nomada abeltzainen eta nekazari sedentarioen artean. Gobernuak tribu arabiarren alde egin ohi du, eta beltzak diskriminatu. Gatazkak, baina, ez dira soilik arabiarren eta beltzen artean izaten. Misseriya eta salamat tribuak, adibidez, arabiarrak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.