Israelek gutxienez ehun pertsona hil ditu Gazako eskola bat bonbardatuta

Gaza hirian dagoen eskola baten aurka egin du eraso Tel Avivek. Israelek adierazi du «Hamaseko komando baten aurka» egindako operazioa izan dela, baina Hamasek dio zibilak hil dituztela soilik.

Gazan Israelek bonbardatu eskola, erasoaren ostean. MAHMOUD ZAKI / EFE
Gazan Israelek bonbardatu duen eskola, erasoaren ostean. MAHMOUD ZAKI / EFE
Nerea Intxausti Castiñeira - Mikel Garcia Martikorena
2024ko abuztuaren 10a
16:40
Entzun

Israelek Gazako zerrendaren aurkako oldarraldia areagotu du azken 48 orduetan. Khan Yuniseko zenbait auzo husteko agindua eman eta hiria atzo gutxienez 30 aldiz bonbardatu ostean, gaur Gaza hiriko eskola baten aurka egin du eraso Israelgo armadak. Goizaldean bonbardatu dute eskola, eta gutxienez ehun lagun hil eta beste hamaika zauritu dituzte. Gaza iparraldean dagoen eskola barne desplazatuentzako babesleku gisa erabiltzen zutela salatu dute.

Zerrendan lanean ari diren hedabideek larrialdi zerbitzuko iturriak aipatuta argitaratu dutenez, oraingoz 93 hildako daude; Hamasek, baina, ehundik gora direla dio. Hala ere, oraindik ezin da kopurua zehatz-mehatz jakin; izan ere, hango kazetariek diotenez, gorpuak «nonahi» daude.

Talde islamistak Israeli leporatu dio erasoa goizeko otoitza egiten ari ziren bitartean gauzatu izana. Izan ere, eskolan propio horretarako prestatutako gela batean 250 lagun inguru zeuden bilduta.

Israelek adierazi du hil dituen palestinarren kopurua txikiagoa dela, kopuru zehatzik eman ez duen arren. Are gehiago, zibilei «ahalik eta kalte txikiena» eragiteko neurriak hartu dituela nabarmendu du. Bestetik, eskolaren aurka egin izana argudiatu du, han «Hamasen komando eta kontrol zentro bat» zegoela esanez.

477

Gazan zenbat eskola hondatu dituzten uztailaren 6ra arte NBE Nazio Batuen Erakundearen datuen arabera, iazko urriaren 7az geroztik Gazako 564 eskoletatik 477 guztiz suntsitu edo nolabait hondatu ditu Israelek. Datuak uztailaren 6ra artekoak dira.

Hamasek, berriz, ohar bidez adierazi du erasoan soilik zibilak hil dituztela, eta «krimen ikaragarri» hori gatazka «era arriskutsuan aregotzeari» zor zaiola dio. Izan ere, Gaza hirian egindako bonbardaketa ez da gaur Tel Avivek egindako eraso bakarra. Khan Yunisen atzo lurrez hasitako operazioarekin dihardu. NBE Nazio Batuen Erakundearen arabera, 60.000 eta 70.000 artean dira azken orduetan hiriko ekialdeko auzoetatik ihes egin behar izan dutenak.

Gauzak horrela, talde islamistak nazioarteari eskatu dio «bere egitekoa bete» dezala eta sarraskia eteteko neurriak hartu ditzala. Are gehiago, Al-Jazeera telebista katean egindako adierazpenetan, Hamasen Gazako buruzagi Khalil al-Hayak eskatu dio NBEren Segurtasun Kontseiluari «larrialdi bilera batera» deitzeko. Kontuan hartzekoa da indarkeriaren azken areagotze hau hasi baino ordu gutxi lehenago Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk baiezkoa eman ziola AEB Amerikako Estatu Batuek, Qatarrek eta Egiptok hurrengo ostegunean menia negoziatzeko deitutako bileran parte hartzeari. Alde horretatik, Irango Segurtasun Kontseilu Nazional Goreneko idazkari Ali Shamkhanik salatu du erasoon helburua menia negoziazioak «zapuztea» dela.

Gaza, «kontzentrazio esparru»

Israelen gaurko erasoak harrabotsa eragin du nazioartean. Tel Aviven aurka gogorren egin dutenetako bat izan da Palestinari buruzko NBEren kontalari berezi Francesca Albanese. X sare sozialean adierazi duenez, Israel «genozidioa» egiten ari da, eta Gaza XXI. mendeko «kontzentrazio esparru lotsagarriena» dela esan du: «Palestinarren aurkako genozidioa egiten ari da Israel, AEBen eta Mendebaldearen armekin. Herri zibilizatu guztien axolagabekeriaren aurrean». Hori dela eta, barkamena eskatu die palestinarrei haiek babesteko «gaitasunik eza» dela medio: «Palestinarrek barka diezagutela haiek babesteko gure gaitasun kolektiborik ezagatik, nazioarteko zuzenbidearen zentzurik oinarrizkoena urratuta».

Albanesek AEBen armak aipatu izana ez da ausaz hartutako erabakia. Izan ere, AEBek atzo jakinarazi zuten Israelgo armadako Netzah Yehuda batailoia laguntza militarra jasotzeko hautagaia dela. Palestinarrek behin baino gehiagotan gaitzetsi dute Netzah Yehudako kideek Zisjordanian duten jarrera oldarkorra. Balad alderdiaren Israelgo adarreko buruzagi Sami Abu Shehadehk ere —Balad alderdia palestinarren alderdia da— egin du AEBen aurka; Joe Biden presidentearen aurka, hain zuzen. «Bidenek genozidioa gelditu» zezakeela salatu du, baina horren ordez Israeli dirua eman izana leporatu dio: «Joe Bidenek genozidioa eten zezakeen, baina horren ordez 3.500 milioi dolar eman berri dizkie [Israelgo soldaduei] armetan, zibilak hiltzeko». Antzera mintzatu da Mahmud Abbas PAN Palestinako Aginte Nazionaleko presidentea. Abbasen bozeramaile Nabil Abu Rudeinehk AEBei eskatu die milaka errugabe hiltzen dituztenei «laguntza itsua» emateari uzteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.