Ezusterik ez: EH Bilduren sei diputatuek eta EAJren bostek Pedro Sanchez Espainiako presidente izendatzearen alde bozkatuko dute gaur, Sanchezen atzoko inbestidura hitzaldiaren ostean berretsi zutenez. Koalizioko Kongresuko bozeramaile Mertxe Aizpuruak aurreratu zuen gaur ez dela ezer bukatuko, bide baten hasiera dela, eta PSOEren eta Sumarren gobernu berriak bidaide izango duela EH Bildu, baldin eta gobernu hori «aurrerapen sozialen eta estatua osatzen duten herrien aitortza nazionalen alde» aritzen bada. Koalizio subiranistak «indar berarekin» esango dio Sanchezi haren babesa galduko duela, «bidean atzera eginez gero».
Legealdi berrian, EH Bilduren eragina «nabaritu» egingo dela ziurtatu zuen Aizpuruak: «Erabakigarriak gara». Eta Madrilen lantzeko dituen helburuak garbi dauzka koalizioak: «Askatasun sozialen eta estatua osatzen duten herrien askatasunen alde egitea». «Bide gogorra» dago aurretik, Aizpuruaren hitzetan, baina Sanchez «norabide zuzenean» hasi dela uste du. Horregatik, gaur bertan presidente izendatuko dutenari «ausardia» eskatu dio.
EAJren ohartarazpena
Aitor Estebanek, berriz, EAJren aldeko botoa berretsi du, Sanchezen hitzaldi ostean. Presidentegaiak amnistiaz esandakoa «txukuna» izan dela uste du, «Europari erreparatzea egokia» izan dela, eta gogoratu du EAJ amnistiaren legearekin bat datorrela.
Eratuko den gobernuaren bazkide izango dira jeltzaleak, baina ohartarazpen batzuk egin dizkiote jadanik Sanchezi, haren hitzaldian «aitortu duelako ekinaldi batzuk erkidegoen eskumenetan sartzen direla». Estebanek garbi utzi du EAJrentzat eskuduntzen errespetua «aurre-aurrean» egongo dela, «zurrunak» izango direla eduki horretan, eta alderdi hori «prest» dagoela «bakarrik gelditzeko» eskumenen defentsan; «dagoeneko gertatu den moduan» erantsi du, Etxebizitza Legeari erreparatuz.
Sanchezen inbestidura saioa
EH Bilduren eta EAJren babesa izango du Sanchezek gaurko bozketan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu