Gazako egunerokoa (15)

«Eguzkia sartzen denean, preso zaude»

(ID_13311205) MIDEAST ISRAEL PALESTINIANS GAZA CONFLICT
Etxeak utzi behar izan dituzten palestinarrentzako kanpaleku bat, Khan Yunisen, Gazan, urriaren 31n. HAITHAM IMAD / EFE
2023ko abenduaren 1a
05:00
Entzun

Urriak 31, asteartea

Hogeita bosgarren eguna. Bart lotara goiz sartzen saiatu naiz. Negu gorria gainean dugu, eta luzeak dira gauak; amaigabeak dirudite, oraingo bonbardaketa hauen ondorioz. Egunez, jendea han-hemen ikusten da elkarrekin hizketan, etxeen inguruan nolako kalteak izan diren begira, baina, eguzkia sartzen denean, preso zaude babesleku hartu duzun eraikinean: ez argindarrik, ez telebistarik, ez Internetik. Mundutik bereiz. F-16 abioien burrunba baino ez da entzuten, haiek ziztuan pasatu ahala. Egunsentia dugu denok eguneko unerik gogokoena orain: hortxe konturatzen zara, euforiko samar, bizirik zaudela oraindik, pasatu dela beste gau zail bat eta bizirik iraun duzula. Erlojuak ordubete atzeratu diren honetan, lehenago hasten da egunsentira bitarteko itxaronaldi luze eta mingarria.

Ozta-ozta bi ordu pasatuta, esnatu egin naiz, etxe osoa astindu baitu zerbaitek.

Mohammedek esan du elkarri erasoka ari direla kanpoan; bada tartetxo bat entzuten ari dela. Beste zigarreta bat piztu, eta gelaren beste aldera jo du, zaratak nondik datozen ikusteko. Ni ohera itzuli naiz. Hurrengo loaldia, Jainkoari eskerrak, luzeagoa izan da, hurrengo eztanda ez baita izan ordu biak eta hamalau arte. Berriz ere izua, berriz ere galdera bera —non izan da?—, kezka bera. Baina lokartu naiz atzera, eta ez naiz esnatu seiak inguru arte.

Joan Gazako egunerokoa-ren hasierara

Al-Xifa ospitalean, dozenaka lagun dauzkat inguruan lasterka, larrialdietako sarrerarantz, biktimak garraiatzen laguntzeko; auto pribatuetan, zalgurdietan eta hiru gurpileko bizikletetan ere ekartzen dituzte. Zaila zait jendetzaren artean aurrera egitea. Pizza ekarri dut Wissamentzat —nire emaztearen iloba, zeinak bi hankak eta esku bat galdu baitzituen gerrako lehen astean, baita senide gehienak ere—. Kufija zapi batez estali dut kartoizko kaxa. Orain arte, Wissamek ez du ezertxo ere jan. Esne osoa eskatu zuen duela egun batzuk, baina botaka eragin zion. Bart, ordea, pizza eskatu zuen. Barrez, esan nion: «Badakizu gerran gaudela, ezta? Ez dago pizzeriarik zabalik». Baina, ilusioa ez galtzeko, Nafaq kaleko supermerkatu handi-handira joan nintzen, eta, hara non, mozzarella aurkitu. Produktuz husturik zegoen supermerkatua, baina jendez gainezka. Atal batzuk itxita zeuden zeharo, apalategi hutsak besterik ez han. Txokolatea, galletak… halakoez, ahaztu. Haragien atala ere, itxita. Jaki lehorrak besterik ez dago: arroza, pasta, kafea eta abar. Geratzen den gehiena kozinatu egin behar da jateko, eta jendeak argindarrik ez.

«Egunsentia dugu denok eguneko unerik gogokoena orain: hortxe konturatzen zara, euforiko samar, bizirik zaudela oraindik, pasatu dela beste gau zail bat eta bizirik iraun duzula».

Zorionekoa ni, mozzarella aurkitu nuen eta. Handik nire arreba Eixaren etxera joan nintzen, gaua pasatzera; goiz jaikiko nintzen, eta haren buztin labean prestatuko nuen pizza. Eixak oraindik bai baitu erregaia. Nik lau urte eman nituen Italian ikasten, eta badakit pizza ona egiten, baina Eixak, ordea, ezetz eta ezetz: berak egingo zuela, nik jarraibideak emanda.

Ospitalearen kanpoaldean, hiru gizon eta emakume bat daude, atsekabeak jota denak, maiteren bat galdu dutela eta. Gorpuaren aurrean daude, karpa baten azpian; hantxe daude gorpuak, lurperatuak izateko zain. Handik bi metro eskuinera begiratu, eta ezin sinetsirik utzi nau ikusitakoak. Garun zati bat dago lurrean, pilotatxo baten tamainakoa, odol orban zenbait inguruan. Ez dirudi aspalditik dagoenik hor. Ia-ia botaka egin nuen, baina aurrera segitu dut.

Wissami gustatu zaio pizza. Harro esan diot nire jarraibideei segituz eginda dagoela, eta, ohorezko italiarra naizenez gero, neuk eman diodala onespena. Lehen aldiz, ez du bota jandakoa. Are: ondoko ohean dagoen emakume zaurituaren ama zaharrak te pixka bat eskaini dio Wissami, eta hark gogo onez hartu dio.

Badira sei ordu urik edan ez dudala. Prentsaren eraikinean ez dago ur erreserbarik; kanilakoa bakarrik. Normalean, txorrotako ura ez dugu sekula erabiltzen tea eta kafea egiteko, ezta kozinatzeko ere, eta are gutxiago zuzenean edateko. Gazan, garbitzeko baino ez da iturriko ura; itsasoa bezain gazi dago, eta orotariko sedimentuz eta partikulaz betea. Baina desesperatuta nago. Neure burua konbentzitu dut kafearekin batera irakinaraziz gero ez dela hain txarra egongo. Gerra garaiko logika, horra. Neure burua konbentzitzen saiatu naiz, are, gatzaren parte bat lurrundu egingo dela ura irakindakoan. Egarrituta nago oso. Beraz, sekula egingo nuela pentsatuko ez nuen kafe bat egin dut. Eta saiatu naiz hartzen, baina ezin. Handik ordubetera, Mohammedek botila bat ekarri dit; norbaitek esana zion, izan ere, supermerkatu jakin batean oraindik saltzen zutela ura.

«Badira sei ordu urik edan ez dudala. Normalean, txorrotako ura ez dugu sekula erabiltzen tea eta kafea egiteko, ezta kozinatzeko ere, eta are gutxiago zuzenean edateko. Itsasoa bezain gazi dago. Baina desesperatuta nago».

Borrokak gero eta gertuago daude. Israeldarren tropak mendebaldetik eta iparraldetik datoz. Jakinarazi dute elkarri tiroka ibili direla Twam inguruan, Saftawitik gertuko auzo batean —nire etxea Saftawin dago—. Jendeak etxetik alde egin behar izan du, defentsa lerroak atzera egin ahala. Esan digutenez, lerro horretatik harago den-dena suntsitu dute tankeen jaurtigaiek, aireko erasoek, gerraontziek eta morteroek. Eraikin guztiak daude kaltetuta, partez baldin bada ere. Bilalek galdera bota dit:

—Eta orain zer? Zain geratuko gara [tropak] prentsaren eraikinaren aurrean ikusi arte?

—Beste zer egingo dugu, ba? —erantzun dio Abu Saad kazetariak—. Hegoalderantz ihes egin? Ezker-eskuin hiltzen dute jendea. Hemen bezalaxe erasotzen diete etxeei han ere.

Ados nago. Israeldarrek berek ere aitortzen dute «kalte egitea» dutela orain helburu gailena, ez «doitasunez» erasotzea; hortaz, «kalte egiteko» helburu horretan tartean suertatuta hilko ginateke, besterik gabe. Zernahi erabakitzen dugula ere, hautua logikaz bestekoa izango da ezinbestean. Hemendik etxadi batzuetara, tiroen ta-ta-ta-ta-ta hotsa entzuten dugu. Inork ez digu gogoratu behar edozein une izan litekeela azkena. Ordubetez, lasaitzen saiatu gara, eta albisteak ikusten. Baina tiro eta leherketa hotsek hartzen digute arreta osoa.

Prentsaren eraikineko langileetako batek, Ahmad-ek, botila bat ur ekarri du. Tea egin du denentzat. Niretzat ez da tea, baizik egarria berdinduko didan likido bat. Ez naiz tearen zalea, eta oso noizean behin baino ez dut hartzen, arabiar gosari klasikoa hartzen dudanean soilik —za'atarra, oliba olioa eta nabulsi gazta zuria—. Gaur, ordea, munduko edaririk gozoena da tea.

Anaia Ibrahimek telefonoz deitu dit, ziurtatzeko ez nagoela Jabalian oraintxe, zeren, albisteek diotenez, auzo haren ekialdeari erasotzen ari baitzaizkio Israelgo Defentsa Indarrak. «Non zehazki?». «Ajorr okindegiaren atzealdean». Esan diot Rimal-en nagoela oraindik. Erantzun dit kontuz gidatzeko gaur gauean Jabaliarako bueltan, mendebaldeko sarreran ere erasoka ari direla eta. Tankeak Twam eta Saftawi aldera ari dira tiroka, esparruaren mendebaldera. Gaur gauean ekialdetik sartu beharko dut esparrura, Jabaliaren goiko aldetik igo, eta Nazla gurutzatu. Aldiro asmatu behar etxera bueltatzeko bide berri bat.

Hurrengo atala: «Gutako inork ez du bizirik iraungo»

 

Atef Abu Saif Palestinako Aginte Nazionaleko Kultura ministroa eta idazlea da. Urriaren 7an Gazan zen, eta han gelditzea erabaki zuen Israelen erasoa hasi zenean. Bertatik idazten ari den egunerokoa BERRIAren esku jarri du, eta egunez egun argitaratuko da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.