Kolonbia. Bake prozesua

Egunsenti berri bat gerrillan

FARCek X. konferentzian «aho batez» onartu du Kolonbiako Gobernuarekin Habanan egindako bake akordioa. Gerrillariak hilaren 17tik elkartuta egon dira El Diamante udalerrian

FARCeko gerrillari talde bat X. konferentziako eremura iristen, Caqueta departamenduko El Diamante udalerrian. MAURICIO DUEÑAS CASTAÑEDA / EFE.
El Diamante (Caqueta, Kolonbia)
2016ko irailaren 24a
00:00
Entzun
«Ordezkari gerrillariek aho batez babestu dute bake akordioa». Luciano Marin Arango Ivan Marquez-ek oihanetik, FARCen borroka leku nagusitik, jakinarazi du X. konferentziaren emaitza. «Bukatu da gerra. Esaiozue Mauricio Babiloniari tximeleta horiak aska ditzakeela», gehitu du, Gabriel Garcia Marquez idazle kolonbiarraren Cien años de soledad (Ehun urte bakardadean) nobelako pertsonaiari erreferentzia eginez. Jada etsaiaren aurka borrokatu behar ez duenez, Khunta Kinthek bere buruari galdetu dio nolakoa izango ote den bere bizitza orain. Vivianak eta Sneiderrek haur bat eduki baino lehen nahiago zuten itxaron buruzagiek zerbait esan arte. Jaderrek ezin du ahaztu frankotiratzaile zenean buruan tiro garbi bat emanda hil zuen paramilitar hura. Rusvelek eskuak galdu zituen mina bat erabiltzerakoan, eta trauma gainditzen du kamerari eta DJ gisa egindako lanarekin. Horien bizitzak eta FARCeko beste 8.000 gerrillarirenak betiko aldatuko dira etzi Cartagenan Kolonbiako Gobernuarekin bakea sinatu ondoren.

Amerikako gerrilla zahar eta indartsuenak atzo bukatu zuen Llanos del Yariko oihanean egindako Hamargarren Konferentzia. Bertan eztabaidatu dute nola izango den bizitza zibil eta politikorako aldaketa. Gobernuaren baimenarekin egindako lehenengo konferentzia izan da, eta baita gerrarako taktikak planteatu ez diren lehenengoa ere.

Ez dute leku hori hautatu kasualitatez: El Diamantetik autoan bost ordura dago San Vicente del Caguan, Andres Pastrana presidente ohiak 1999-2002 artean ezarri zuen 42.000 kilometro koadroko distentsio eremua,FARCekin bake akordio bat lortzeko. Estrategiak huts egin zuen erabat. «Leku honetan betidanik ezarri dira gure nagusiak. Hemen bizirik atera ginen suntsitu nahi gintuen Patriota Planetik, eta hemen izan genituen borrokarik odoltsuenetakoak paramilitarrekin», oroitu du Joaquin Gomez komandanteak.

Florenciako aireportutik taxian atera orduko ikus daitezke armadak errepideetan jarritako kontrolak. Caqueta departamenduko hiriburua da Florencia, eta urtetan Kolonbiako hiririk gatazkatsuenetakoa izan da. Oraindik gerra eremu bat da. Rufino gidariak dio oraindik sumindura handia dagoela. «Atentatuak, bahiketak eta desplazamentuak sufritu ditugu, eta oraindik vacuna-k [eroskeriak] ordaindu behar ditugu. Hemen sufritu da benetako gatazka, hiri handietan ez zioten guk bezala aurre egin beharrik».

Gerrillarien herri bat

Hilaren 17an konferentzia hasi zenetik, haren inguruan inprobisatutako herri bat hazi da: egunero agertu dira edari alkoholdunak eta arepa-k —taloen gisako opilak— saltzeko postuak, eta baita nekazarien arropa saltzeko dendatxoak ere. Bi kanpamentu daude, eta bakoitzean 250 lagunentzako tokia dute. Horietan, kreditazioa jaso duten kazetariek —500 baino gehiagok— «gerrillariaren bizimodua ezagutzeko aukera» dute, gonbidapenak errazteko FARCek kudeatu dituzten WhatsAppeko txatean idatzita dagoenez.

Nahiz eta gerrillako 300 ordezkari eta buruzagi goren guztiak elkartu diren, badirudi inork ez duela atentaturen baten beldurrik izan. Armadak hara joandakoen datuak bildu ditu, baina ez du segurtasunik bermatu.FARCeko iturriek diote 2.000 unitate baino gehiagorekin atzeman ezinezko segurtasun esparru bat eratu dutela. Armen presentzia nabarmena da: gerrilla armada bat da oraindik, eta cambuche-en ondoan utzita daude fusilak eta aihotzak —lastoz, lokatzez eta egurrez egindako oheak dira cambuche-ak, eta koltxoi eta eltxo sare bana dute—.

Konferentziara bertaratutakoek FARCen Woodstock deitu diote bilkurari, festa giroa baitu, lokatza alde guztietan dago, eta gauero kontzertuak izan dira lehen mailako jaialdi batean ere ongi emango lukeen agertoki batekin. Saltsak, rantxerak, musika erromantikoa eta reggaeton estiloa entzun dira, baina punk-rock talde batek Kortaturen Zu atrapatu arte-ren bertsio bat ere jo du.

Gerrillarien batez besteko adinak arreta deitzen du, ez baita 25 urte baino gehiagokoa. Estatu nagusiko buruzagiak helduagoak dira, eta itxitako karpa batzuetan eman dituzte egunak, blokeetako ordezkariekin eztabaidatzen Juan Manuel Santos presidentearekin Habanan egindako bake akordioa.

Lehenengo Fronteko zati bat baino ez da agertu prozesuaren aurka. Armando Rios izeneko sektorea da, eta hegoaldean dago, legez kanpoko landaketek eta meatzaritzak indar handia duten toki batean. 200 eta 400 kide artean ditu. «FARCek beti erakutsi dute batasuna mantentzeko gai izan den lidergo argi bat», adierazi du Pablo Catatumbok, gerrillaren ideologoetako batek. «Ziur gaude gure indar guztiek berretsiko dutela ituna».

Zuzendaritzak, 61 kide

Ivan Marquez gerrillako negoziatzaileen buruarentzat konferentzian «etorkizunera» begiratu dute. «Nola funtzionatuko dugun erabaki dugu. Mugimendu politiko berri baten lehenengo zertzeladak baino ez dira». Pista gutxi eman ditu, dena den; horietako bat, trantsizioko zuzendaritzak 61 kide izango dituela, oraingo bederatzien ordez. Lehenengo Fronteko kideei batasunerako deia egin die. «FARCek, legezko mugimendu politiko bihurtzeko bidean, ateak irekita ditu familia beraren barnean hartzeko berriz ere».

Buruzagi guztiek, Rodrigo Londoño Timochenko liderrak barne, errepikatu duten mezua izan da FARCak bakearekin daudela. Baikortasunak bi traba ditu bakarrik: gobernuak ez betetzea hitzartutakoa, eta indartzen ari den paramilitarismoak desmobilizatutako gerrillarien aurka jotzea. «Paramilitarismoa da bake prozesuaren mehatxurik handiena», Catatumboren ustez.

Egunero eztabaidatu dira gai asko, nekazaritza erreformarena eta gerrillaren barneko genero auziarena, esate baterako. «Lurraren auzia konpondu ez duen herrialde bakanetako bat da Kolonbia, eta horregatik XIX. eta XX. mendeak pobreen borrokaren mendeak izan dira», azaldu du Catatumbok. «Neoliberalismoaren aurkakoa» den eredu bat defendatzen du, haren ustez neoliberalismoak «nekazaritza desagerrarazi» nahi baitu Kolonbian. «Emakumeak borrokalari politikoak izan gara. Ez dugu pentsatzen gizartera itzultzea etxean haurrak zaintzen geratzeko», esan du, berriz, Olga Marinek.

FARCeko 4.000 preso

Gobernuak zortzi eguneko baimena eman die FARCeko 24 presori, konferentziara joan zitezen espetxeetan dauden gainerako gerrillariak ordezkatzeko. «Amnistia bat edo ahal den zabalena izango den indultu bat nahi dugu. Gizateriaren aurkako krimenak Bakerako Jurisdikzio Bereziaren esku geldituko dira, baina ez diogu beldurrik egiari, gu ere biktimak izan baikara 52 urteotan», azaldu dute jende gehien bildu duen hitzaldietako batean. Presoen kolektiboak kartzeletan dagoen egoera salatu du. «Gainezka daude, herriaren jendez beteak, nekazariz eta langilez. Eta ez gaude soilik estatuaren aurka armak hartu ditugunok, ahotsa altxatu dutenak ere badaude. FARCekoak bakartu egiten gaituzte, familiaren nukleotik urrundu, paramilitarismoak indarra duen eremuetan jartzen gaituzte». FARCeko 4.000 kide preso daudela esan dute, eta AEBei eskatu diete preso dauzkanak askatzeko —Simon Trinidad da famatuena—.

FARCeko kideek ibilbide ezezagun bat dute aurrean. Helburu hurbilena: 2018ko hauteskundeak. Gutxieneko ordezkaritza bat bermatuta daukate akordioen ondorioz. Khunta Kintheren, Vivianaren eta Sneiderren, Jaderren edo Rusvelen gisako gerrillari askok orain erabaki beharko dute nola nahi duten izatea bakean hasiko duten bizitza berria.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.