Klima larrialdia. NBIPren txostena

Egungo konpromisoekin, «klima hondamendira bidean» da mundua

Nazio Batuen Ingurumen Programaren txosten baten arabera, estatuek hartu dituzten azken konpromisoak baino askoz ere ausartagoak behar dira klima aldaketa bortitz bat ez gertatzeko

Karbono isuriak. Auto pilaketa bat, ke eta behe laino artean, Nigeriako Lagos hirian. AKINTUNDE AKINLEYE / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2021eko urriaren 27a
00:00
Entzun
Ez da nahikoa. Hainbat estatuk karbono dioxidoaren isuriak zerora murrizteko konpromisoa hartu dute, eta 2030. urterako hainbat helburu ezarri, klima aldaketari aurre egiteko, baina NBIP Nazio Batuen Ingurumen Programak atzo aurkeztu zuen txostenak jasotzen duenez, konpromiso horiek beteta ere ezingo lirateke Parisko Hitzarmeneko helburuak lortu.«Glasgowko COP26 goi bilerarako astebete falta dela, oraindik klima hondamendirako bidean gaude», adierazi zuen Antonio Guterres NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak, txostenaren aurkezpenean. «Beroaldia hemen da, eta, txostenaren edukiak erakusten duenez, behar dugun lidergoa lo dago».

NBIPren lanak azaltzen du estatuek berotegi gasen isuriak murrizteko iragarri dituzten azken konpromisoen eragina oso mugatua dela. Konpromiso horien azken eguneraketa aztertu du lanak, eta aurretik hitzemandakoekin alderatu. Konpromiso berriekin isuriak %7,5 gehiago murriztuko lirateke, eta kopuru hori urrun gelditzen da Parisko Hitzarmeneko helburuak betetzeko beharko litzatekeen kopurutik. Lurraren berotzea mende amaierarako bi gradura mugatzeko, murrizketak %30ekoa beharko luke 2030ean, aurreko iragarpenekin konparatuta, eta %55ekoa 1,5 graduko berotzea gainditu nahi ez bada. Egungo erritmoan, 2,7 graduan berotuko litzateke planeta 2100. urterako.

Irakurri gehiago: Eusko Jaurlaritzak %30 murriztu nahi ditu berotegi efektuko gasak 2024rako

Karbono dioxidoaren isuriak zerora murrizteko egin dituzten promesa guztiak erabat betez gero, 2,2 gradura mugatuko litzateke lurraren berotzea mendea amaitzerako. Oinarri bat litzateke, neurri gehigarriekin klima aldaketaren ondorio suntsitzaileenak saihesteko. Hala ere, adituek ohartarazi dute isuriak eteteko konpromiso horiek «zehaztugabeak» direla eta 2030erako estatuek ezarri dituzten helburuekin bateraezinak. Hori dela eta, txostenaren egileak zuhur agertu dira.

Inger Andersen NBIPko zuzendariak nabarmendu du munduak «esnatu» egin behar duela «espezie gisa dugun berehalako arriskua» gainditzeko. «Herrialdeek helburu berriak lortzeko politikak jarri behar dituzte abian eta neurriak hilabeteetako epean hartzen hasi». Zehaztasun handiagoa eskatu du karbono isuriak eteteko. Oraingoz, 49 estatuk eta EBko 27 kideek hartu dute karbonorik gabeko herrialde bilakatzeko konpromisoa —EBk eta AEBek 2050erako, eta Txinak 2060. urterako—. Berotegi gasen isurien erdiaren erantzule dira.

Txostenak argi dio Lurraren berotzea 1,5 gradura mugatzeko ezinbestekoa dela orain artekoak baino konpromiso sakonagoak hartzea. Berotegi gasen isuriari dagokionez, beharrezkotzat jotzen du egungo isuri kopurua 2030 baino lehen erdira jaistea.

Aukera galdua

Aldaketa hori bultzatzeko aukeratzat jo dute COVID-19aren ostean hainbat herrialdek onartu dituzten ezohiko diru poltsak. Horiek ekonomia berdera bideratzea lagungarri litzateke, txostenaren egileen iritziz. Baina ez da halakorik gertatu, orokorrean. «Herrialde gehienetan aukera alferrik galdu da». Estatu aberats gutxi batzuk dira ekonomia berdera bideratutako inbertsioaren zatirik handienaren jabe. Kasu gehienetan, ohiko moldeekin bultzatu dute suspertze ekonomikoa.

Metano isuriak txikitzeak izan ditzakeen onurak ere azpimarratu dituzte. Berotegi gas ugarienen artean bigarrena da atmosferan, karbono dioxidoaren atzetik, baina haren berotze efektua 80 bider handiagoa da 20 urteko epean, nahiz eta azkarrago desegiten den. Hori dela eta, metano isuriak murrizteak hasiera batean Lurraren berotzea azkarrago mugatzen lagundu dezakeela uste dute. Kosturik gabeko edo kostu gutxiko teknikekin, urteko isurien %20 murriztu daitekeela adierazi du NBIPk.

Guterresen esanetan, herrialdeen egungo isurien eta helburuak lortzeko gehienez beharko liratekeenen artean dagoen aldeak islatzen du munduan dagoen lidergoaren eta klima larrialdia gainditzeko behar denaren arteko aldea zenbatekoa den. «Agintariek oraindik inflexio puntu bat ezar dezakete etorkizun berdeago baterantz, klima hondamendirantz ezarri beharrean. Erdibideko neurrien eta promesa hutsen garaia amaitu behar dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.