Egun lasaia Alepon

Alepoko herritarrentzat egun lasaia izan da, borroken zarata isildu ez den arren. Atzokoarekin edo aurrekoarekin alderatu dutelako esan dute hori.

Alepo
2012ko urriaren 25a
00:00
Entzun
Zacaria anda batean etzanda dago, gorputzaren enborra biluzik, Alepoko matxinoen eremuan dauden lau ospitaleetako bateko atarian. Bala zauria du saihets batean, birikaraino sartuta. Makina batek odola drainatzen du, gizona sendo mantentzen saiatzen den bitartean, bila etorriko zaion familiaren zain. Frankotiratzaile batek zauritu zuen Zacaria kalez kaleko saltzailea. Eguerdiko ordu biak eta erdi dira, eta ez dirudi ospitalean mugimendu handia dagoenik, atariko soldadu matxinoen joan-etorri zaratatsuaz gain. Yassin Darwix doktoreak 36 urte ditu. Zigarro bat erretzeko astia dauka, odol lehorrez zikinduta duen jantzi urdina soinean. «Ez dugu bazkaldu oraindik, baina gaurkoa egun lasaia da». Matxinadaren aurretik farmazia bat eta klinika pribatu bat zeuzkan.

Darwixek dioenez, Alepoko lau ospitaletan banaturik hamar mediku eta beste 50 pertsona daude, zentroz zentro dabiltzanak. «Boluntarioak gara, eta janaria eta behar dugun guztia ematen digu jendeak». Etsituta dago lehen hirian 5.000 sendagile zeudelako. «Nire seme-alaben etorkizunarengatik sakrifikatu behar dut», esan du baieztatuz berea kontu humanitarioa dela, baina baita ideologikoa ere.

Inorena ez den lurra

Saif al-Daulatik, hiriko fronteetako bat den auzotik, ospitalerako bidea hamabost minutuan egin daiteke autoz. Ibilbidea etorbide handietatik eginez gero, auto ilaretatik libre dago. Alboetan morteroek suntsitutako eraikin batzuk daude. Kale nagusira eramaten duten txikietan, bizilagunak eguneroko bizitza egiten saiatzen dira, negozioak zabalik daude, eta kafetegiek tea eskaintzen dute.

Bizitza zantzuak desagertuz doaz, suntsipena nabariagoa egiten, morteroen eta balen soinua ozenagoa den neurrian. Auzoari izena ematen dion etorbidetik bi kaleetara, etxebizitza eraikin baten atarian FSA Siriako Armada Askea osatzen duten talde baten komandantzia dago. Errebelde batzuek han hartzen dute atseden eta lekua zaintzen dute.

«Nire familiako bederatzi kide hil zituzten. Haien etxea bonbardatu zuten», du gogoan Abu Amarrek, Al-Bab hiritik datorren 31 urteko zapatagilea. Unitate logistiko batean dago. «Alepon daramadan hilabete eta erdian bi lagun hil dira; beste batek hanka galdu du, eta hori dena guk ia tirorik egin gabe». Hori esan bitartean mortero bat ohikoa baino gertuago erori da. «jainkoa gurekin dago, ez dugu beldurrik», esan du zerura begira.

Frontea

Matxinoek Abu Amarrek ekarri duen janaria jasotzen duten bitartean, gizon bat bakarrik doa kale mortuan, tunika arabiar tradizionalez jantzita, eta makila batek lagundua. Arratsaldeko 15:30 dira, eta Abu Mohamedek ziurtasun handiz esan du erbestean baino nahiago duela etxean hil. «Ez dut beldurrik, nire familia nirekin daukat», dio 80 urteko agureak. Bere garaian ehun fabrika txiki baten jabea izan zen. Abu Mohamedek azaldu du bera bizi den eraikineko hamabost familietatik hiru bakarrik geratu direla. FSAko soldaduak laudatzen ditu, beharbada, horietako hiru inguruan dabilzkiolako. Dioenez, haiek janaria eta behar duten guztia ekartzen diote. «Espero dut hau lehenbailehen bukatzea», esanez amaitu du hizketaldia Abu Mohamedek, kale isolatuen barna ibilaldi bakartiari duintasunez heldu aurretik.

Sail al-Daula etorbidea suntsituta dago erabat. Ez dago eraikin bat ere oso-osorik, eta argindarraren kableak lurrean zintzilik, eraikin bonbardatuen hondakinekin nahasten dira, zaborrarekin edota errepidearen erdian lerrokatzen diren barrikada batekin edo besterekin. Etorbidean amaitzen diren kaleak gurutzatzerakoan korrika egin behar da, gobernuaren armadaren frankotiratzaileen mehatxuaren aurrean. Hemen jada ez dago zibilik.

Ansar al-Dineko kativa batek —borrokarako taldea—, Baxar al-Assaden armadaren lerroari bizkar ematen dion eraikin baten sotoan dauka egoitza. Kalearen beste aldera, etxebizitza eraikin erabat kiskalduak eta morteroen zuloz josita errezora jada deitzen ez duen meskita dira egun batean borrokak iritsi zuten krudeltasunaren lekukoak.

Mike ezizenarekin ezagun denaren ustez, —borroka bideoak grabatu eta internetera igotzen aritzen da—, borroka egunen joan-etorrian apenas ez dute matxinoek aurreratzerik lortzen eremuan. «Hemen eraikin bakar bat berenganatzeko egunak behar izaten dituzte». Kamera eskuan azken bonbardaketek eragindakoak grabatzera korrika atera aurretik egin du gogoeta hori. «Hau oso lasai dago gaur» errepikatu du bere solasaldian. Borrokaren soinu urruna etenik gabeko xuxurla da.

«Toki madarikatua»

Arratsaldeko seiak dira, iluntzear dago. Saif al-Daula etorbidea aurreko bi kaleen arteko iskinean, kalaxnikov bana eskuan militarrez jantzitako bi mutil bizi-bizi ari dira hizketan. 19 urte dauzkate. Afro erarako ile kizkurra dauka Jatabek —Alepokoa da—; lehen raperoa zela dio, ikasle txarra, eta senideek frontera borrokatzera joateko eskatu ziotela.

«Atzo frankotiratzaile bat hil genuen; ongi sentitu nintzen», dioJatabek irribarre harroa ahoan. Gazteak euren kativako kide baten bila etorri dira, Bustan al-Baxarreko frontera itzuli behar dute eta.

Furgonetara igo aurretik, rap kantariak gerra amaitu ondoren zer egingo duen esan du, bizirik badago: Londresera joango da bere lehengusuetako batekin ezkontzera. «Leku madarikatu honetatik alde egin besterik ez dut nahi».

Gaua sartzen ari da Alepon. Eraikin baten gainetik argi zaparrada bat dago batera eta bestera, soinu zaratatsuek lagunduta.Zurrustak ez dira geratzen. Gaua ez da eguna bezain lasaia izango.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.