Egun bakarrean 200.000 pertsona itzuli dira Gaza iparraldera, NBEren arabera

Gazako Gobernuak esan du 300.000 palestinar iritsi direla eremu hartara; NBEk eta Unicefek ohartarazi dute erronka humanitarioak «oso handiak» direla han. Israelek 25 palestinar atxilotu ditu Zisjordanian, eta pertsona bat hil du zerrendan.

Palestinar batzuk Gazako kostako Al-Raxid errepidean gora, Gaza iparraldera bidean, atzo. MOHAMMAD SABER / EFE
Palestinar batzuk Gazako kostako Al-Raxid errepidean gora, Gaza iparraldera bidean, atzo. MOHAMMAD SABER / EFE
maddi iztueta olano
2025eko urtarrilaren 28a
12:27
Entzun 00:00:0000:00:00

Gazako kostako Al-Raxid errepidean ilara luzeak sortu ziren atzo, Gaza iparraldera itzultzeko bideari ekin baitzioten Israelen erasoengatik desplazatutako milaka palestinarrek. NBE Nazio Batuen Erakundeak gaur emandako datuen arabera, gutxienez 200.000 pertsona iritsi ziren iparraldera; Gazako Gobernuak kopuru handiago bat eman du, komunikatu baten bidez, eta, dioenez, 300.000 pertsona baino gehiago dira dagoeneko hara joandakoak.

Zerrenda iparraldera iristen ari den jende oldeari behar duen laguntza humanitarioa eman ahal izatea da orain erronkarik handiena. Hala ohartarazi dute, besteak beste, NBEk eta Unicef Haurren Laguntzarako Nazio Batuen Funtsak, gaur zabaldutako oharretan. Gazako Gobernuak jakinarazi du, halaber, 5.500 langile humanitario baino gehiago ari direla lanean desplazatuei itzulerako bidea errazteko, eta atzoko eskaera bera egin dio nazioarteari: 135.000 kanpadenda bidal ditzala. 

Milaka palestinar etxera itzultzen ari diren une berean, baina, Israelgo armadak sarekadak egin ditu, beste behin, Zisjordaniako zenbait herritan, hala nola Tulkaremen, Hebronen, Nablusen eta Ramallahn, Palestinako Wafa berri agentziak jakinarazi duenez. Informazio horren arabera, Israelgo soldaduek gutxienez 25 palestinar atxilotu dituzte sarekada horietan.

Zisjordanian ez ezik, Israelgo armadak jarraitzen du, su etena indarrean egonda ere, Gazaren aurka eraso egiten ere. Horren erakusle da gaur gauean palestinar bat hil duela drone bidez egindako eraso batean, Gaza erdialdeko Al-Nuseirat errefuxiatuentzako kanpalekuan. Hamasen eta Israelen arteko menia akordioa indarrean sartu zenetik, gutxienez hamasei lagun hil ditu Tel Avivek, EFE albiste agentziaren zenbaketaren arabera. 

Trumpekin ika-mikan

AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidente Donald Trumpek Gazako palestinarren inguruan egindako proposamenak hainbat herrialderen haserrea egin du; besteak beste, Egiptorena. Etxe Zuriko maizterrak iritzi dio Palestinako gatazkari irtenbide bat emateko modua litzatekeela Gazan bizi diren palestinarrak mugakide diren herrialdeetara bidaltzea; hau da, Egiptora eta Jordaniara.

Egiptoko Atzerri Ministerioak herenegun esan zion Trumpi ezetz, bere gobernuak ez lukeela hori «inola ere» onartuko. Bada, gaur, jarrera bera adierazi du Egiptoko Gobernuak, zabaldutako komunikatu baten bidez; are, adierazi du AEBetako presidenteak ez duela proposamen horren inguruan hitz egin Egiptokoarekin, Abdel Fatah al-Sisirekin. Horren harira, Kairok exijitu dio Washingtoni aurrerantzean «zehatzagoa eta argiagoa» izateko egiten dituen adierazpenetan, aintzat hartuta Ekialde Hurbilean «tentsio handia» dagoela, eta gisa horretako gaizki-ulertuek egoera are gehiago «hondatu» dezaketela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.